Berriak Lehendakaritza

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak diruz lagundu dio Nazio Batuetako Larrialdietan Erantzuteko Funtsa Zentralari

2019.eko irailak 27

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (GLEA) Ekintza Humanitarioko Estrategiaren apustuetariko bat da larrialdiei erantzutea nazioarteko deialdiei edo funts globalei ekarpenak eginez. Hala, aurten Nazio Batuetako Larrialdietan Erantzuteko Funtsa Zentralari (CERF, ingeleseko siglengatik) 100.000 euroko ekarpena egin dio lehen aldiz.

CERF-a Nazio Batuetako Batzar Nagusiak 2006. urtean sortutako larrialdi humanitarioei erantzuna emateko funtsa da. Dirua Nazio Batuen estatu kideetatik, munduko eskualde ezberdinetatik eta emaile pribatuetatik jasotzen du eta ekarpen horiei esker pobretutako herrialdeetan gertatutako hondamendi naturalei edota gatazkek sortarazitako krisi humanitarioei berehalako erantzuna ematen zaie.

Funtsen helburu nagusiak dira bizitzen galera murrizteko erantzun azkarra ematea, denbora faktore kritikoa denean erantzuteko gaitasuna hobetzea eta finantziazioa eskasa duten egoeretan erantzun humanitarioa indartzea.

 

Ekintza humanitarioko estrategia 2018-2023

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak Eusko Jaurlaritzaren politika humanitarioa eramaten du, Euskadik nazioarteko sistema humanitarioari lagun diezaion. Ekintza Humanitarioaren Estrategia 2018-2023 iaz onartu zen prozesu parte-hartzaile baten ondoren. Lau ardatzetan antolatzen da eta xede nagusia da pertsonen bizitza, eskubideak eta duintasuna babestea, bai larrialdietan baita krisialdi-egoera luzeetan ere.

Larrialdi-egoerei erantzuteko GLEAk bi bide erabiltzen ditu eskatzen duten azkartasuna ziurtatu ahal izateko: funts globalei ekarpenak egitea eta Osakidetzako pertsonal sanitarioaren parte-hartzea sustatzea START programan. Ekimen honek osasun arloko profesional prestatu eta trebatuak bidaltzen ditu 72 ordutan, herrialde pobretuetan gertatutako hondamendi naturalek eragindako larrialdi humanitarioei aurre egiteko. Aurten Euskadiko bi profesionalek parte hartu dute Mozambiken jarritako kanpaina-ospitale batean.

Era berean, ekintza humanitarioak inplementatzeko GLEAk bere ekimenak abiarazten ditu eta urtero deialdia egiten du proiektuetarako diru-laguntzak lortzeko – aurtengo deialdia atera berri da –. Nolanahi ere, gatazka-testuinguruetan jartzen du arreta deialdiak, munduan kronikoak bihurtu diren eta ahaztuak dauden egoera larriei erantzuna emateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak