
Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren jarduerak zuzeneko onura ekarri die 5.000 pertsonari Asian, Afrikan eta Hego Amerikan
- Garapenerako gobernuz kanpoko 23 erakunderekin batera, 51 proiektutan parte hartu dute.
- Lan egin dute aterpetxeetan, ikastetxeetan, ludoteketan, eskolan laguntzeko zereginetan, hezkuntza bereziko zentroetan eta osasun-zentroetan, emakumeen elkarteetan, komunitate-elkarteetan, ingurumen-elkarteetan eta nahitaez lekualdatuekin.
- Marcos Muro, Enplegu eta Gazteriako sailburuordea: “euskal gazteen konpromisoa eredugarria da eta gizarte konprometitu eta solidario batek izan behar duenaren gakoak ezartzen ditu”
- Aurki irekiko da 2020ko udarako hautatzeko epea
VG 2019/09/26
Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako ehun kideek egin duten udako kanpainak zuzeneko onura ekarri die 5.000 pertsonari Asian, Afrikan eta Hego Amerikan. Han, garapenerako gobernuz kanpoko zenbait erakunderekin batera, 51 proiektutan parte hartu dute.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Murok zehaztu duenez, “gure gazteen konpromisoa eredugarria da eta gizarte konprometitu eta solidario batek izan behar duenaren gakoak ezartzen ditu. Parte hartu dutenetako asko emakumezkoak dira. Guztiek lan egin dute aterpetxeetan, ikastetxeetan, ludoteketan, eskolan laguntzeko zereginetan, hezkuntza bereziko zentroetan, osasun-zentroetan, emakumeen elkarteetan, komunitate-elkarteetan, ingurumen-elkarteetan, harrera-zentroetan, nekazaritza-elkarteetan, musika-kontserbatorioetan, nahitaez lekualdatuekiko lanetan eta kirol-elkarteetan”.
Uztailean, abuztuan eta irailean garatu duten ekintza 15 estatutan gauzatu dute: 5 Hego Amerikan, 4 Erdialdeko Amerikan, 4 Afrikan eta 2 Asian. Zuzeneko 4.800 onuradunez gain, osasun-zentroetan laguntzen aritu direnek 20 pertsona baino gehiago artatu dituzte egunero.
Arretaren xede izan den kolektibo handiena adingabeena izan da, baita emakumeak, kolektibo kalteberak eta biztanleak oro har ere artatu dituzte. Guztira 24 komunitatetan lagundu dute. Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako ehun kideek garapenerako lankidetza-lanak egin dituzte, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan duten 23 GGKErekin batera, lurralde hauetan: Mexiko, Ghana, India, Peru, Manta, Quito, Pereira, Bucaramanga, Medellin eta Senegal, Mozambike; Guatemala, Trinidad, Manta, Guatemala, Cochabamba, Mozambike, Kamerun, India, San Pedro Sula, San Salvador, Peru eta Yungay.
82 emakumezkoak ziren eta 18 gizonezkoak. Lurraldeei dagokienez, 20 Arabakoak, 55 Bizkaikoak eta 25 Gipuzkoakoak. Laguntza-proiektuak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatu dituzten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak hauek dira: Mugarik Gabeko Arkitektoak; Manuel Iradier Elkarte Afrikanista; Munduko Landagunea Garapenerako Elkartea; Garapenerako Lankidetzarako Egoaizia Elkartea; San Viator Elkartasun Zerbitzua Elkartea; Taupadak Elkartea; Nazioarteko Elkartasunerako Euskal Elkartea; Xenofobiaren Aurkako Taldea; Edex, Komunitate Baliabideen Zentroa; Ekintzaz Lagundu Fundazioa; Ayuda Más Fundazioa; Benito Menni Fundazioa; Gazteak eta Garapena Fundazioa; Juan Ciudad Fundazioa; La Valmuza Fundazioa; Mozambique Sur Fundazioa; Haurralde Fundazioa; Ahizpa Pasiotarrak; eta Medicus Mundi Bizkaia.
Guztira, 620 gazte aurkeztu ziren joan den neguan Eusko Jaurlaritzak lagundutako Euskadiko Gazteak Lankidetzan programetara. Aurki irekiko da 2020ko udarako hautatzeko epea.