Eu

Euskal administrazioen baterako ahaleginak etxerik gabeko pertsonentzako arreta hobetu du

2019.eko irailak 26
  • Etxerik gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategiaren jarraipen-batzordeak abian jarri zenetik urtebete igaro ondoren izan duen “garapen gogobetegarria” nabarmendu du
  • Marian Olabarrieta: “euskal administrazioen ahalegin ekonomikoari eta esku-hartzea hobetzekoari esker, bazterketa-egoeran dauden pertsona gehiagori arreta hedatzeko gauza gara”
  • Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien, udalerrien, Eudelen eta EAPN Euskadi, FEDEAFES eta Astialdi Sarea hirugarren sektore sozialeko erakundeen ordezkariek osatzen dute batzordea.
  • Bizitegi-bazterketari buruzko IV. jardunaldiak: azaroaren 6an Donostia / San Sebastianen; izen-emateak: http://mintegia.siis.net

VG 2019/09/26

Etxerik gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategiaren jarraipen-batzordeak lehen ezarpen-urteko balantzea aztertu du eta egiaztatu du “lan-ardatz gehien-gehienek garapen handia izan dutela”. Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien, udalerrien, Eudelen eta EAPN Euskadi, FEDEAFES eta Astialdi Sarea hirugarren sektore sozialeko erakundeen ordezkariek osatzen dute jarraipen-batzordea.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendari Marian Olabarrietak zehaztu duenez, “euskal administrazioen ahalegin kuantitatibo eta kualitatiboari eta baterako lanari esker, bazterketa-egoeran dauden pertsona gehiagori arreta hedatzeko gauza gara, pertsonengana hurbiltzeko eta haien babesteko eta profil berriei erantzuteko ahalmen handiagoa duen erakunde arteko sare baten garapenari esker, hori baita, hain zuzen ere, estrategia honen xedeetako bat”.

Lan-bileran Etxerik gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategiaren lehen jarraipen-txostena aurkeztu da eta positibotzat jo da bederatzi lan-ardatzen helburuak garatu eta bete izana. Izan ere, estrategia urtebetez egikaritu ondoren, betetze-maila handia erakusten dute.

“Lehen urte honetan garapen-maila handiagoa izan dute bizitegi-bazterketako egoeran dauden pertsonak artatzera espezifikoki bideratutako neurriek, eta txikiagoa biztanleriari oro har zuzendutako prebentzio-izaerakoek, eta etxebizitza eskuratzea bezalako oinarrizko beharrei erantzutearekin erlazionatutakoek eta larrialdiko egoerei konponbidea aurkitzekoek. Datozen urteetan neurri handiagoan bultzatu beharko dira funtsezko beste alderdi batzuk, hala nola genero-ikusmoldea eta, orobat, parte-hartze soziala eta aisiaz gozatzeko aukera”, gehitu du Olabarrietak.

Estrategiak aurreikusten duen moduan, neurriak abian jarri dira etxebizitzan oinarritutako ikuspegia garatzeko, Eusko Jaurlaritzaren eta udalen artean bizitoki-sare bat garatzeko konpromisoa gauzatzeko, eta, eskualdeetan, bazterketa-egoeran dauden pertsonentzako tutoretzapeko etxebizitzetarako gizarte-hornidurak garatzeko.

Gainera, batzordeko kideek adostu dute zein izango diren 2019 eta 2020rako lan-ildoak bizitegi-bazterketaren prebentzioari eta aurre egiteari dagokionez. Garapen handiagoa behar duten gidalerroak, genero-ikusmoldea indartzearekin batera, parte-hartzearekin, komunitate-inplikazioarekin eta aisiaz gozatzeko aukerarekin eta parte-hartze sozial eta politikoarekin erlazionatutakoak dira, eta hori hurrengo jarduketetarako kontuan hartu beharko da.

Bileran azaldu dute Bizitegi-bazterketari buruzko IV. jardunaldiak azaroaren 6an egingo direla Donostia / San Sebastianen. Izena emateko epea irekita dago webgune honetan: http://mintegia.siis.net/

Estrategia

Eusko Jaurlaritzak duela urtebete abian jarri zuen Etxerik gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategia (2018-2021), Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren, Osasun Sailaren, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, EUDELen eta Bilbao, Vitoria-Gasteiz, Donostia / San Sebastián, Barakaldo, Getxo, Portugalete, Irun, Santurtzi eta Laudio / Llodioko udalen bitartez. Estrategia horrek modu adierazgarrian murriztuko du —% 20 gutxienez—, 2020. urteari begira, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri handietan kalean lo egiten duten pertsonen kopurua. Horretarako, pertsona horiei laguntzeko politika integralak garatzen dituzte.

 

Jomuga da modu adierazgarrian murriztea —% 20 gutxienez— udalerri handietan kalean lo egiten duten pertsonen kopurua. Gaur egun, euskal erakundeek eta hirugarren sektore sozialak urtean 47 milioi euro bideratzen dituzte etxerik gabeko pertsonak artatzera”, adierazi du Olabarrietak.

 

Hauek dira helburu orokorrak: • Etxegabetasunaren prebentziora bideratutako politikak indartzea. • Euskadiko etxerik gabeko pertsonentzako egungo arreta-eredua birbideratzea, pertsona ardatz duen etxebizitzara bideratutako arreta-eredu bat sortzeko asmoz. • EAEko Gizarte Zerbitzuen Mapa hedatzen amaitzea, baliabideen lurralde-banaketa egokia bermatzea eta gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuak bereziki indartzea, bai kasuen kudeaketa-funtzioei eta gizartearen eta hezkuntzaren arloko esku-hartzeari eta esku-hartze psikosozialari dagokienez, bai ostatu-zerbitzuei eta eguneko eta gaueko harrera-zerbitzuei dagokienez. • Etxerik gabeko pertsonek osasunaren, diru-sarreren bermearen eta laneko aktibazioaren arloan dituzten eskubideetarako sarbidea bermatzea, horien bizilekua edozein delarik ere. • Premia bereziak dituzten etxerik gabeko pertsonei eskaintzen zaien arreta hobetzea, bereziki, bizitegi-bazterketa larriko egoeran dauden emakumeei eskaintzen zaiena. • Etxerik gabeko pertsonen arazoekin lotutako ezagutza koordinatzeko, ebaluatzeko eta kudeatzeko tresnak hobetzea. • Gizarteak fenomeno horren inguruan duen pertzepzioan eragina izatea, egoera horiek lantzeko komunitate-eragileen inplikazioa indartzea eta pertsona horiek eraginpean hartzen dituzten biktimizazio-egoerak prebenitzea.

 

Gidalerroak

Estrategiak 50 bat gidalerro zehatz proposatzen ditu, lehentasunezko bederatzi ekintza-ardatz hauen inguruan biltzen direnak: 1. Bizitegi-bazterketa larriko egoerei aurrea hartzea. 2. Etxebizitzan oinarritutako ikuspegia garatzea. 3. Gizarte-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonentzako gizarte-zerbitzuetako baliabideak eta programak hobetzea. 4. Genero-ikuspegia indartzea bizitegi-bazterketari aurrea hartzeko eta arazo hori lantzeko politiketan. 5. Etxerik gabeko pertsonek herritarren eskubideak dituztela bermatzea, euren administrazio-egoera erregularizatuta. 6. Sektorekako hobekuntzak egitea osasunean, diru-sarreren bermean eta enplegua eskuratzeko orduan. 7. Etxerik gabeko pertsonek aisialdia eta hezkuntza izan dezaketela eta gizartean nahiz politikan parte har dezaketela bermatzea. 8. Komunitatearen sentsibilizazioa eta inplikazioa hobetzea bizitegi-bazterketari aurrea hartzeko eta arazo hori lantzeko. Eta, azkenik, 9. Koordinatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta jakintza kudeatzeko neurriak.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak