Lehendakariak ACNURen Espainiako estatuko Ordezkariari egin dio harrera, hark eskerrak eman dizkie euskal herritarrei beren solidaritateagatik eta konpromisoagatik Euskadiko babes komunitarioaren bidez errefuxiatuak hartzeko lehenengo proiektu pilotua martxan jartzeko
Familia errefuxiatu siriar talde bat iritsi zenetik sei hilabete igaro direnean ‒Jordaniatik sartuak eta babes komunitarioko programa baten bidez hartuak‒ACNUReko Espainiako ordezkari Francesca Friz-Prgudak bisita bat egin du Euskadira, Eusko Jaurlaritzari eta tartean diren erakundeei beren eskuzabaltasuna eta programa horretan erakutsitako inplikazioa eskertzeko.
Bere egonaldian, Errefuxiatuentzako Nazio Batuetako Agentziako ordezkariak elkarraldi bat izan zuen Iñigo Urkullu Lehendakariarekin, eta bere esker ona adierazi zion Eusko Jaurlaritzak errefuxiatuekin eta nazioarteko babesarekin hartutako konpromisoagatik, eta babes komunitarioko aurreneko proiektu pilotu hau Euskadin martxa jartzera bultzatu izanagatik.
Joan den martxoaren 26an hasi zen proiektua, Jordaniatik 29 errefuxiatu siriar ‒bost familia eta haien artean 16 adingabe‒ Euskadira iritsi zirenean.Familiak bost udalerritan hartu zituzten ‒Bilbo, Arrigorriaga, Portugalete, Andoain eta Vitoria-Gasteiz‒eta hasieratik jaso dute boluntario-taldeen babesa, Cáritas Euskadik eta Euskal Herriko Jesuiten Plataformak koordinatuta eta “Babes Komunitarioko Tokiko Taldeak” izenekoetan antolatuta.
Bisitaldi honen barruan elkarraldi informal bat egin zen gizarte-erakundeekin, tokiko babes-taldeekin eta proiektuan parte hartzen duten familia errefuxiatuetako batzuekin, eta agerian utzi zuten programa hau izaten ari den inpaktu positiboa harrerako familietan.
“Izugarri pozten naiz babesleen eta errefuxiatuen ahotik entzutean zein positiboa izaten ari den orain arte esperientzia hau” esan zuen Francesca Friz-Prgudak.“Auzotarrak, bizilagun berriei auzoko eta komunitateetako bizitzan partaide izaten lagunduz, integrazio-prozesua hasi eta ekarpen bat egin nahi dutenei”, gaineratu zuen ordezkariak, bide horretan laguntzen dieten herritarren eskuzabaltasuna eta konpromiso sendoa nabarmentzeaz gainera.
Lehendakariak, bere aldetik, nazioarteko ordezkariaren aurrean azpimarratu egin du esperientzia pilotu hau, baita errefuxiatuak eta migratzaileak hartzeko eta integratzeko Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den gainerako ekimenak ere, aurrerapauso bat gehiago direla 2017ko apirilaren 3an berak egindako adierazpen instituzionala ‒“Konpromisoa eskatu eta eskaintzen dugu” lemaren pean‒gauzatzeko bidean.
Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, ACNURek, Cáritas Euskadik eta Euskal Herriko Jesuiten Plataformak joan den ekainaren 20an Hitzarmen bat sinatu zuten Auzolana II Babes Komunitarioko esperientzia pilotua bultzatzeko, errefuxiatuak hartzeko eta integratzeko, eta nazioarteko babesa jasotzeko.
Babes Komunitarioaren ereduak aukera ematen du errefuxiatuak birkokatzeko programen osagarri izateko eta birkokatuta dauden errefuxiatuen harrera areagotzeko, gizarte zibilaren, GKEen eta interes-taldeen inplikazioaren bitartez.
Babes Komunitarioa herritarren, GKEen edo beste talde batzuen auto-antolamenduan eta inplikazio zuzenean datza, errefuxiatuak hartzeko eta integratzeko prozesuetan.Horrela, herritarrak taldetan antolatzen dira eta konpromisoa hartzen dute haiei etxebizitza emateko eta babes ekonomikoa, emozionala eta soziala eskaintzeko finkatutako denbora-tarte batean, urtebetekoa normalean.
Eredu horrek aukera ematen du errefuxiatuen harrera eta integrazioa kuantitatiboki eta kualitatiboki hobetzeko.Babes Komunitarioa Kanadako esperientzia batean dago inspiratua.Kanadako Gobernuak berak bultzatu zuen Errefuxiatuak Babesteko Ekimen Globala (GRSI ingelesezko sigletan) Errefuxiatuentzako Nazio Batuetako Agentziaren laguntzarekin eredu hori sustatzeko, kontuan hartuta ezarrita dagoela dagoeneko Brasilen, Argentinan, Irlandan, Erresuma Batuan eta Alemanian.
Proiektu pilotua
Joan den martxoaren 26an jarri zen martxan proiektua, 29 errefuxiatu ‒bost familia eta haien artean 16 adingabe‒ Euskadira iritsi zirenean.Guztiak dira siriarrak nazionalitatez eta Jordaniatik etorriak.Euskadira iristean, boluntarioen 5 talde ‒hitzarmenean “Babes Komunitarioko Tokiko Taldeak” deitzen zaienak‒arduratu ziren haiei harrera egiteaz eta bost udalerritan ezartzeaz:Bilbo, Arrigorriaga, Portugalete, Andoain eta Vitoria-Gasteiz.
Errefuxiatuak iritsi aurretik, talde horiek prestatuta zituzten udalerrietako bakoitzean etxebizitza bana eta lan-proiektu bat, pertsona horien harrera eta integrazioa sustatzeko; proiektua baliozkotzat jo zuten Espainiako Gobernuak, ACNURek eta Eusko Jaurlaritzak.
Boluntarioen tokiko bost taldeek Cáritas-en babesa eta estaldura dute Bilbon, Andoainen eta Gasteizen, baita Jesuitena ere Arrigorriagan eta Portugaleten ‒esperientzia pilotuaren koordinazioaz eta segimenduaz arduratzen dira haiek‒.
Helburuak
Babes Komunitarioaren Esperientzia Pilotuak bi helburu ditu:
-Errefuxiatuak hartzeko eta integratzeko eredu bat garatzea, non elkarteen, auto-antolamenduaren eta talde-inplikazioren formulen bidez gizarteak beregain hartzen duen erantzukizun zuzen bat pertsona horien harrera- eta integrazio-prozesuetan.
-Sinergiak eta balio erantsia sorraraztea, prozesu horien hobekuntza kualitatiboan eragina izango dutenak, baita inpaktu positiboa ere haien autonomia eta bizikidetza orekatua lortze aldera, harrera egin zaien gizartearen testuinguruan.
Gainera, ikasbideak eta ondorioak atera nahi dira Babes Komunitarioa hedarazteko, proiektu zabal batera eramateko, bai Euskadin bai beste Autonomia Erkidego batzuetan, eta gainera, errepikatu ahal izango litzatekeen ekimen bat bezala aurkeztu ahal izateko.Arrazoi horrengatik, esperientzia pilotuak sistematizazio- eta ebaluazio-prozesua jarraituko ditu paraleloan.
Proiektu hau Errefuxiatuei buruzko Munduko Itunarekin dago lerrokatua, kontuan izanik bere helburuetako bat dela errefuxiatuak birkokatzeko programak eta herrialde seguruetara sartzeko bide legalak gehitzea, eta kolektibo horrekin eragile anitzeko ikuspegitik lan egitea.Horregatik aurkeztuko da Global Refugee Forumean, Genevan, datorren abenduaren 17an eta 18an.