Eu

Biomasaren sektoreak EEE saritu du energia berriztagarri hori etengabe bultzatzeagatik

2019.eko irailak 24
  • Gaur goizean AVEBIOM elkarteak Iñigo Ansolari saria eman dio, Expobiomasa azokaren inaugurazioan, Valladoliden.
  • 80ko hamarkadaz geroztik Energiaren Euskal Erakundeak biomasa termikoko 4.000 instalazio sustatu ditu Euskadin, bere laguntzen bitartez.

AVEBION Biomasaren Balorizazio Energetikorako Espainiako Elkartea plataforma bat da, Estatu espainolean bioenergiaren garapenarekin zerikusia duen sektore guztia biltzen duena, eta, gaur goizean, Energiaren Euskal Erakundeari eman dio “Sustatu bioenergia” saria, iturri berriztagarri hori bultzatu nahian egin duen bide luzea saritzeko. EEEko zuzendari nagusiak jaso du saria, Valladoliden antolatutako Expobiomasa nazioarteko azokaren 12. edizioaren inaugurazioan. 30 herrialdetako 540 enpresa bildu dira bertan, sektoreko azken nobedadeak aurkezteko.

Bere agerraldian, Javier Díaz AVEBIOMeko presidenteak nabarmendu du,

Energiaren Euskal Erakundea etengabe aritu dela biomasa bultzatzen eta energia berriztagarri hori zabaldu nahian. Hori dela eta AVEBIOM elkarteak eta Expobiomasa azokak sari garrantzitsuena Energiaren Euskal Erakundeari ematea ebatzi dute.  Aitorpena AVEBIOMeko presidente Javier Diaz Gonzalezek eta Valladolideko alkate Oscar Puentek eman dute.

Bestetik, Iñigo Ansolak nabarmendu du 1985erako Energiaren Euskal Erakundeak biomasaren aldeko apustu irmoa egin zuela, eta harrezkero luze eta zabal jardun duela aholkularitza eta laguntzak ematen eta beste hainbat erakunderekin —toki-erakundeekin, batez ere (udalak eta mankomunitateak)— aliantzak ezarriz, ohiko galdaren ordez baliabide berriztagarri hori ezartzeko. “Eusko Jaurlaritzak, EEE sortu zenez geroztik —37 urte bete ditugu jada— ari da orain trantsizio energetikoa esaten zaionaren ildotik politikak garatzen, industria-eskari handia duen gure herrialde industrializatu honi bidea errazteko, eredu efizienteago eta jasangarriago baterako aurrerabidean. Biomasa funtsezkoa izan da zeregin horretan, eta berriztagarriek gure mix energetikoan duten parte-hartze osoaren % 80 da une honetan”.

Biomasa, gorantz doan energia

Etorkizunari begira ahalmen handiena duten energia-iturrietako bat da biomasa. Hiru hamarkadatan EEEk, gutxi gorabehera, biomasa termikoko 4.000 instalazio sustatu ditu Euskadin bere laguntza-programen bitartez, hainbat instalazio publikotan bereziki —kiroldegiak, administrazioaren eraikinak—, baina baita etxebizitza partikularretan ere ikus ditzakegunak. Garapen-aukera ugari dauzka gainera, baso- eta nekazaritza-baliabideetan oinarritutako ahalmena duelako.

Gaur egun, eta Europan energia-sektorearen deskarbonizaziorako berriztagarriak sustatzeko abian jarri diren estrategien ildotik, urteko laguntzen hainbat programa garatzen ari dira, eta euskal gizartean inpaktu handia izaten ari direla esan dezakegu, energia-iturri hori ezarri ahala ohiko kontsumo-jarraibideak aldatzen ari baitira. Eta datozen urteetan Energiaren Euskal Erakundeak sustapen-politika horri eutsiko dio, jardun berrien bitartez eta laguntza-deialdiak berrituz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak