
Artolazabal: “Adineko pertsonen parte-hartze handiagoa sustatu behar da, alderdi publikoaren kudeaketa-modu berrietan gobernantza hobetzeko”
- Eneko Goia Donostiako alkatearekin batera aurkeztu du, Age Coffee batean, Agenda Nagusi ekimena, edo adineko pertsonentzako ahalduntze- eta gobernantza-oinarria.
- Eneko Goia: “Donostiak Giza Garapen Jasangarriarekiko konpromiso irmoa hartu du”.
- Eztabaiden ondorioek edukiz zuzkituko dute Eusko Jaurlaritzak datorren urtean idatziko duen Zaintzaile Ez-profesionalen Euskal Estrategia prestatzeko prozesua.
- “Gure helburua da zaintzaileen eta zaintza behar duten guztien bizi-kalitatea hobetzea”.
- “Donostia Lagunkoia ekimena da eredurik onena; lehenak izan gara denda lagunkoien, farmazia bereziki egokituen eta gure nagusientzako etxebizitza hobetuen arloko ekintzekin bat egiten”.
Donostia, 2019-09-25
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Gaietako sailburuak beharrezkotzat jo du “adineko pertsonen parte hartze handiagoa sustatzea, gobernantza hobetzeko alderdi publikoaren kudeaketa-modu berrietan”. Eneko Goia Donostiako alkatearekin batera aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak garatzen duen Agenda Nagusi ekimena, edo adineko pertsonentzako ahalduntze- eta gobernantza-oinarria.
“Gure helburua da adineko pertsonen parte-hartze handiagoa eta hobea sustatzea, eta parte-hartzea ekarpen gisa eta erantzukidetasun gisa ulertzea; gure gobernantza-eredua hobetzeko funtsezko alderdia den aldetik”. Publikoa dena kudeatzeko modu berriak sustatzen ditugu, irekiagoak eta integratzaileagoak, eta, batik bat, pertsonen kezkak, nahiak eta premiak abiapuntu izango dituztenak” adierazi du Artolazabalek.
Beatriz Artolazabal mintzatu zaie Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan bildu diren adinekoen eta zaintzaileen zenbait kolektibotako ordezkariei, eta hau adierazi die: “garrantzia handikoa da zuen parte-hartzea, zuen esperientzia lagungarria izango baitzaigu erabaki hobeak hartzeko”.
Artolazabal sailburuak aditzera eman duenez “partaidetza-espazio guztien ondorioak, hala nola, Donostiako age coffee honen ondorioak baliagarriak izango dira edukiz zuzkitzeko Eusko Jaurlaritzak datorren urtean —kolektibo interesdunei entzun eta eztabaidatu ostean— idatziko duen Zaintzaile Ez-profesionalen Euskal Estrategia prestatzeko prozesua. Gure helburua da zaintzaileen eta zaintza behar duten guztien bizi-kalitatea hobetzea”.
Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Gaietako Sailak, gainerako erakundeekin elkarlanean, sustatutako Agenda Nagusi ekimena, berez, adineko pertsonekiko partaidetza publiko eta sozialeko eredu bat da. Gaurko, asteazkena, jardunaldia Pertsona Nagusiekiko Gobernantzarako Euskal Estrategian, 2019-2022, biltzen da.
Etorkizuna
“Etorkizuneko gizartearen beraren oinarrian ari gara ondorio izaten, tokiko mailan jardunez eta modu globalean pentsatuz, betiere pertsona nagusien eta, oro har, gizartearen bizi-baldintzak hobetzeko. Gaur hemen zaudeten pertsona guztien, eta Agenda Nagusi ekimeneko foro irekietan parte hartzen ari diren beste pertsona askoren, esperientzian, jakindurian eta iritzietan oinarritu behar dugu”, adierazi die Artolazabalek jardunaldian parte hartzen duten pertsonei.
“Garaiz gaude euskal gizartean bizi-itxaropenaren gehikuntza aldatzeko eta aukera bihurtzeko; ezin dugu esperientzia eta jakinduria hori alferrik galtzen utzi”, erantsi du Artolazabalek.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko populazioaren % 21ek 65 urte baino gehiago ditu. 15 urtetan, kopuru hori populazioaren % 32 izango da, eta, epe horretan bertan, populazioaren erdiak baino gehiagok gaindituko ditu 55 urteak. “Hortaz, etorkizuneko gizartea gaitasun espezifiko batzuk eta premia espezifiko batzuk dituen pertsonen kolektibo nagusi bat osatuko dugu”, eman du aditzera Artolazabalek.
Sailburuak zehaztu duenez, “bizitza publikoan eta erabaki sozialetan eta politikoetan parte-hartze aktiboa eskatzen duen eta garatzen ari den populazio-segmentu bat dugu. Dagoeneko garrantzi handiko zeregina betetzen duzue erakunde-ordezkaritzako organoetan, hala nola Adinekoen Sektore Kontseiluan, Euskal Autonomia Erkidego Elkarrizketa Zibileko Mahaian, adineko pertsonen foru-kontseiluetan eta udal-mailako beste organo eta kontseilu batzuetan. Pertsona nagusien % 13k baino gehiagok lan boluntarioak egiten dituzte hirugarren sektoreko erakundeetan”.
Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “udalerriek eta Eusko Jaurlaritzak herritarrekin harremanetan jartzeko beste esparru batzuk bilatzen ditugu, gobernantza parte-hartzailea sustatuz; hartara, Giza Garapen Jasangarriarekiko konpromiso irmoa hartu du Donostiak. Gure nahia da Agenda Nagusi ekimena aukera paregabea bihurtzea Donostian zahartzen diren pertsonek —Euskadi osokoek bezalaxe— haiengan eragina duten arazoen definizioan parte hartzeko eta partekatzeko”.
“Uste dut gure nagusiak, hemen, Donostian, gai direla berritzeko, sortzeko eta erabakitzeko; gai direla proposamen berriak ekartzeko, administrazioaren eta herritarren arteko elkarrizketa-esparru malguago batzuen barruan”, erantsi du Donostiako alkateak.
Goiaren arabera, “Agenda Nagusi ekimenak gai eta hautabide berriak, lehen ezezagunak izan zitezkeenak, ekartzen dizkio Donostiako udal-agendari. Donostiak erabakitasunez bat egin du gure nagusien ahalduntzearekin, eta Donostia Lagunkoia ekimena da horren lekukorik argiena, hori baita Euskadi Lagunkoiaren barruan zahartze aktiboaren alde egindako gure ekintza. Lehenak izan gara denda lagunkoien, farmazia bereziki egokituen eta gure nagusientzako etxebizitza hobetuen arloko ekintzekin bat egiten”.
Aitortza
Artolazabalek jakinarazi duenez, “euskal gizartearen ia % 60k uste du gure nagusiek gaur egun ez dutela merezitako aintzatespenik. Hori dela eta, Agenda Nagusi ekimenaren jardun-printzipioetako bat da 65 urtetik gorako pertsonek betetzen duten garrantzi handiko zereginaren garrantzia nabarmentzea eta aitortzea, gizarte-onuraren kontzeptua eta lan-onuraren kontzeptua bereizten lagunduz”.
Euskadin, pertsona nagusien eta mendeko bestelako pertsonen zaintza-lanaren % 80 zaintzaile ez-profesionalen esku dago. Zaintzaile horietako askok 55 urte baino gehiago dituzte, ia beti emakumezkoak dira, eta behar beste aintzat hartzen ez den eta aitortzen ez den ezinbesteko zeregina betetzen dute. Zaintzaile ez-profesional horien % 70 inguru emakumezkoak dira. Agenda Nagusi ekimeneko foroak euskal geografiaren zenbait puntutan garatzen ari dira.
Biztanleen udal-erroldaren azken datuen arabera (INE, 2017), Euskal Autonomia Erkidegoan 2.194.158 pertsona zeuden. Horietatik guztietatik, 776.987 pertsonak zuten 55 urte edo gehiago (% 35,4), populazio osoaren heren bat baino gehiago. Populazioaren % 21,7k 65 urte baino gehiago zuen (476.115 pertsona) eta 80 urte baino gehiagoko 158.112 biztanle zeuden, hau da, populazio osoaren % 7,2 eta 65 urtetik gorako populazioaren % 32,8.