Berriak Ogasuna eta Ekonomia
qrcode

Eusko Jaurlaritzak, Madrilen, Kidego Diplomatikoari Ekonomia Itunaren oinarriak aurkeztu dizkio, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiaren artean zerga- eta finantza-harremanak nola erregulatzen dituen azaldu dio.

2019-09-25

Eusko Jaurlaritzak, Madrilen, Kidego Diplomatikoari Ekonomia Itunaren oinarriak aurkeztu dizkio, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiaren artean zerga- eta finantza-harremanak nola erregulatzen dituen azaldu dio.

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren eta Kanpo Harremanen arduradunek gaur goizean lan-bilera bat izan dute Madrilen 18 herrialdetako enbaxaden ordezkariekin, “EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ETA ESTATUAREN ARTEKO EKONOMIA ITUNA” aurkezteko.

Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen Ordezkaritzan izan da bilera, eta honako hauek parte hartu dute: Itziar Agirre, Ogasuneko sailburuordea; Aitziber Beldarrain, Erakundeen Baliabideetako zuzendaria; Ane Etxenausia, Zerga Administrazioko zuzendaria; Yurdana Burgoa, Kabinete zuzendaria; eta Leyre Madariaga, Kanpo Harremanetarako zuzendaria. Horiez gainera, herrialde hauetako enbaxaden arduradun sektorialak ere parte hartu dute: Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Italia, Danimarka, Finlandia, Norvegia, Herbehereak, Belgika, Portugal, Irlanda, Kanada, AEB, Argentina, Txile, Mexiko, Kolonbia eta Japonia.

“EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ETA ESTATUAREN ARTEKO EKONOMIA ITUNA: Ekonomia Ituna zer den eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiaren arteko zerga- eta finantza-harremanak nola erregulatzen diren” izan da topaketaren izenburua, eta aukera eman du kidego diplomatikoko kideei azaltzeko Ituna, historikoki, euskal foraltasunaren funtsezko zati bat eta Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko harremanen elementu egituratzaile bat izan dela. Azaldu zaie, baita ere, Ekonomia Itunak Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko zerga- eta finantza-harreman bereziak erregulatzen dituela; eta oinarri hartzen dituela Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria —Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru-lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatzen dituena, foru-erregimenaren gaurkotze orokorra ezarrita— eta Autonomia Estatutuaren III. titulua —lurralde historikoetako erakunde eskudunen ahalmen arauemailea aintzatesten duena, eta lurralde historikoek euren lurraldearen barruan zerga-sistema propioa mantendu, ezarri eta erregulatu ahal izango dutela dioena—.

Gainera, Ekonomia Itunak bereizgarri hauek ditu:

Itundutako sistema: Hori da sistemaren funtsezko ezaugarrietako bat, administrazioek, bere eskumenak baliatuta, elkarren arteko harremanetarako arauak adosten dituzte zergen eta finantzen alorrean, kasu honetan. Ekonomia Itunak, beraz, itun bidez onartutako legeak dira, eta izaera horixe bera dute haiek egokitzeko eta aldatzeko legeek eta Kupoaren bost urteko legeek.

Zerga-gaietarako berezko araugintzako ahalmena: Lurralde historikoetako erakunde eskudunek eta Estatuak zergen arloko arauak egiteko ahalmena dute, eta berezko zerga-sistema garatu eta egituratzen dute. Harmonizazio fiskalak eta araugintzako lotura-puntuek bermatzen dute tributu-sistemen garapen harmonikoa. 

Zergak kudeatzeko autonomia: Foru-aldundiei dagokie zergak ordainarazi eta kudeatzeko prozedura ezartzea, fase guztietan, eta prozedura hori ez da lagapen baten ondorioz ezartzen; aitzitik, beste zerga-administrazioekin batera gauzatzen den berezko ahalmenaren ondorio da.

Aldebakarreko arriskua: EAEri soilik dagozkio Itunaren kudeaketatik eratorritako emaitzak, horiek onak ala txarrak izan. Estatuak ez du foru-aldundiek lortutako zerga-bilketan parte hartzen, eta ez du Autonomia Erkidegoko gastu publikoen estaldura ere bere gain hartzen. Bestalde, Estatuari egin beharreko ekarpena, kupoa, ez da EAEn jasotako diru-sarreren arabera kalkulatzen, aldagai exogenoen menpe baitago; hala nola: Estatuko Aurrekontu Orokorretatik bereganatu gabeko eskumenei dagozkien gastuak.

Gaur izandako ekitaldia Eusko Jaurlaritzaren arduradunen eta kidego diplomatikoaren ordezkarien artean Madrilen egin ohi diren topaketen ohiko egutegiaren barruan dago. Horien helburua da Gobernuak dagokion legegintzaldirako dituen plan eta ekimenen berri ematea.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 25a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)