Berriak Osasuna

Osasun Sailak hasiera eman dio larrialdietako garraio sanitarioa kontratatzeko prozesuari, 118 milioi euroko zenbatekoaz (Gobernu Bilera 2019-09-24)

2019-09-24

Gobernu Kontseiluak gaur erabaki du Osasun Sailak hasiera ematea larrialdietako garraio sanitarioko zerbitzua eta osasun-larrialdietako laguntzako zerbitzua datozen hiru urteetarako (2020, 2021 eta 2022) kontratatzeko prozesuari, 117.615.576 euroko zenbatekoaz. Gaur egungo kontratuarekiko % 27ko gehikuntza dakar eta, hartara, egungo kostuetara eta anbulantzien errepidean zeharreko osasun-garraioaren hitzarmen kolektibora egokitzen da.

Kontratu berri horren lurralde-esparruak Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzen du, eta barnean hartzen ditu Euskadiko Larrialdietako Garraio Sanitarioko Sarerako Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Erizaintzadun Bizi Euskarri Aurreratuko baliabideak. Sare horretan, sartzen dira lurraldearen zenbait puntutan modu estrategikoan banatutako anbulantziak —asistentziako zerbitzuak eta larrialdiko garraio sanitarioak modu koordinatuan egiten dituztenak—.  

Zerbitzu horiek egingo dira Oinarrizko Bizi Euskarriko eta  Erizaintzadun Bizi Euskarri Aurreratuko 74 anbulantziaren bidez: 15 anbulantzia Araban (Erizaintzadun Bizi Euskarri Aurreratuko 2 eta Oinarrizko Bizi Euskarriko 13), 35 anbulantzia Bizkaian (Erizaintzadun Bizi Euskarri Aurreratuko 7 eta Oinarrizko Bizi Euskarriko 28) eta 24 anbulantzia Gipuzkoan (Erizaintzadun Bizi Euskarri Aurreratuko 2 eta Oinarrizko Bizi Euskarriko 22).

Osasun-sistema publikoak bere baliabideekin zerbitzuak egin ezin dituela kontuan izanik, Osasun Sailak egungo jardun-ildo berari jarraipena emango dio, eta, hartara, herritarrei eskaintzen zaien larrialdietako osasun-zerbitzuaren kalitatea bermatuko du eta kontratu berri honen helburu den asistentzia-prozesuaren globalizazioan aurrera egiten jarraituko du.

Erizaintzadun Bizi Euskarri Aurreratuko eta Oinarrizko Bizi Euskarriko baliabideak funtsezkoak dira Euskadiko larrialdiei eta emergentziei osasun-erantzuna emateko sarean. Aukera ematen dute osasuna galtzen den lekuetan bertan larrialdietako osasun-laguntza eskaintzeko eta larrialdi baten aurrean laster erantzuteko, osasun-arriskuan dauden pertsonak azkar artatuz —aktibazio-denbora laburrei esker—. Eta hori guztia larrialdi-zerbitzuarekin eta Larrialdietako Garraio Sanitarioko Sareko baliabide guztiekin koordinatuta egiten da.

Kontratuaren iragarkia Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialera eta kontratatzailearen profilera bidaliko da, baimen eta onar dadin. Aurreikusi da eskaintzak aurkezteko epea iraileko azken astean hastea eta 15 egunez luzatzea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko