Berriak Herrizaingoa
Eu

Delituari aurre egiteko eta erantzuteko teknikak eta metodologiak

2011.eko apirilak 08

Hainbat herrialdetako polizietako buruak Arkauten bilduko dira delituari aurre egiteko eta erantzuteko teknikei eta metodologiari buruzko Polizia-jardunaldietan parte hartzeko

Datorren astean Arkautiko Ikastegiak nazioarteko jardunaldi batzuk hartuko ditu. Hainbat herrialdetako polizietako buruek hartuko dute parte eta delituak prebenitu eta horiei aurre egiteko metodologiak eta teknika ezberdinak izango dituzte hizpide. Jardunaldiak astelehenean eta asteartean izango dira, goizez eta arratsaldez. Ikastegiko zuzendariak, Elena Morenok, emango die hasiera eta Ertzaintzako zuzendariak, José Antonio Varelak, itxiko ditu.

Arkautin bilduko diren nazioarteko adituek egungo gai ezberdinekiko duten esperientzia profesionala partekatuko dute. Horrela, gazteen delinkuentzia eta horrek banda edo adingabeen taldeekiko duen lotura, "hiri-tribu" deitutako taldeak eta genero-indarkeriaren tamainako arazoei polizia-agenteen ikuspuntutik aurre egiteko moduaz jardungo dira, besteak beste.

Ekimen honek jakintza-alor anitzeko izaera izan dezan eta delinkuentzia-fenomeno ezberdinak ahalik eta ikuspuntu eta errealitate gehienetatik aztertze aldera, Ikastegiak jardunaldiotarako mundu mailako polizia eta auzitegietako buruen parte-hartzea bilatu du. Horrela, hamar izango dira guztira Arkautin bilduko diren adituak. Izen handiko instituzioetako kideak dira guztiak: New Yorkeko Polizia Departamendua, Buenos Aires probintziako Polizia, Lobos-eko herri-polizia (Argentina), Andorrako polizia, estatuko tokian tokiko polizia ezberdinak, Esquadra Mossoak eta Ertzaintza.

Agenteen prestakuntzara bideratuta daude aipatutako jardunaldiak. Arkautin izango diren ikasleen artean ertzainak, EAEko eta estatuko Udaltzaingoetako agenteak, Esquadra Mossoak eta Guardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko agenteak daude, besteak beste.

Elena Moreno Arkautiko Ikastegiko zuzendariak emango die hasiera jardunaldiei. Ostean, Efraín Marro komisarioak, Lobos-eko herri-poliziaren burua (Argentina), asteleheneko lehenengo hitzaldia emango du lidergoak segurtasunaren plangintza estrategikoan duen garrantziaz. Segidan, Joan Comellak, Andorrako Poliziako Agente Nagusiak, polizia kidego honen historia eta berak interpolentzat egiten duen lana zertan datzan azalduko du. Hurrengo hitzaldia Oscar Terminiello komisarioak emango du. Buenos Aires Probintziako Inteligentzia burua da bera eta hiri-tribuez eta latindarren bandez hitz egingo du. Ondoren, New Yorkeko polizia-ofizialek, Benjamín Cruzek eta Eduardo Lezcanok, AEBtako metropoli handian gazteen bandei aurre egiteko poliziaren unitate bereziak nola funtzionatzen duen azalduko dute.

Arratsaldean, Fernando García Pascual, Benaguasil udaleko Udaltzaingoko
Inspektorea eta Valentziako Erkidegoko Buruen eta Agintarien Elkarteko lehendakaria, "kale-edanaren" fenomenoak dakartzan arazoen inguruan mintzatuko da. Eguneko hitzaldiekin bukatzeko, Buenos Aires probintziako Poliziako Ernesto Emiliano Santamaría komisarioak Lekukoak babesteko erak, narkotrafikoaren aurkako borroka eta bahituak hartzen diren delituetako negoziazioa hartuko ditu hizpide.

Astearteari begira, Guillermo Federico Atencio epaile argentinarra izango da hitz egiten lehena; adingabeak eta delilitugintzaren arazoak aztertuko ditu. Bere atzetik, Raúl Angel Villak, Loboseko Unibertsitateko Koordinatzaile orokorrak, hartuko du hitza heziketaz eta delituen prebentzioaz aritzeko. David Berengueras, Esquadra Mossoetako sarjentua, eta Jorge Aldekoa, Ertzaintzako Herritarren Segurtasunerako burua, izango dira beren hitzaldiekin jardunaldiei amaiera emango dietenak. Arrisku egoeretan polizia-agenteek dituzten jokabide eta erantzunak eta genero-indarkeria kasuei poliziek ematen dioten tratamendua jorratuko dituzte, hurrenez hurren.

Ertzaintzako zuzendariak, José Antonio Varelak, itxiko ditu jardunaldiak astearte eguerdian.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko