Eu

Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia dopinaren aurkako kontrolak egiten hasi da animaliekin egindako probetan

2019.eko irailak 20
  • Neurri hau dopinaren aurrean ‘0 tolerantzia’ politikarekin koherentea da, eta animalien osasuna zein txapelketaren garbitasuna bermatzea da helburua.

 

Gasteiz, 2019/09/20       

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren mende dagoen Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia irailean hasi da dopinaren aurkako kontrolak egiten animaliekin egindako kirol-probetan. Lehen kontrolak, hain zuzen ere, irailaren 9an egin zituen, Elorrion (Bizkaia) antolatutako idi probetan. Kontrol hauek bi helburu dituzte: animalien osasuna bermatzea eta, bigarrenik, lehiaren ikuspuntutik, proba garbiak direla ziurtatzea.

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu dute prozesu hau, orain dela bi urte ikusi baitzuten horrelako lehiaketetan dopinaren aurkako araudi bat ezartzeko beharra. Bi urte hauetan berme guztiekin egiteko beharrezkoak diren urratsak ematen joan dira. Dopinaren Aurkako Euskal Agentziarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, prozesu horretan parte hartu dute federazioek, probak antolatzeaz arduratzen diren elkarteek, kirol epaileek edo probalari elkarteek, besteak beste.

Era berean, prozesuaren barruan erabaki da proba horietarako debekatutako substantzien zerrenda Nazioarteko Hipika Federazioak modalitate horretarako erabiltzen duena izatea. Araudiari dagokionez, Euskal Herriko Herri Kirolen Federazioak eta lurralde federazioek onartutako dopinaren aurkako araudia garatu da, eta araudi horretan aldaketak egin dira animaliak babesteko. Egiten diren dopinaren aurkako kontrolak Bartzelonako Ikerketa Institutuko laborategira bidaliko dituzte. Gainera, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak jardunaldiak antolatu ditu albaitariek kontrolak egiteko gaitasuna izan dezaten.

"Hainbat urtez Bizkaiko Foru Aldundiak lan txalogarria egin du animaliekin egindako probetan dopina kontrolatzeko, betiere animaliaren osasunaren ikuspuntutik. Orain, bi urteko lanaren ondoren, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak beste pauso bat ematea erabaki du, eta kontrol estandarragoak egiten hasi da. Helburua da animalien osasuna bermatzea eta, horrekin batera, saihestea dopinarengatik abantaila izatea. Neurri hau Eusko Jaurlaritzaren dopinaren aurkako ‘0 tolerantzia’ politikarekin koherentea da", adierazi du Jon Redondo Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak.

Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia Euskadin dopinaren aurkako borroka irmoa bultzatzeko helburuarekin sortu zen, Eusko Jaurlaritza, kirol zuzendaritzaren bidez, 2005ean kontrolak egiten hasi ondoren. Eusko Legebiltzarrak iaz onartu zuen Dopinaren aurkako Legea aldatzea, eta bertan berariaz jasotzen da Euskadin dopinaren aurkako borroka Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren eskumena dela, Estatuan dauden mota horretako bi erakundeetako bat delarik.

Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak dopinaren aurkako 300 kontrol inguru egiten ditu urtero euskal lurraldean antolatutako kirol-probetan, Europako estatu askotako dopinaren aurkako agentzia askok egindakoen gainetik. 2018an, guztira, dopinaren aurkako 293 kontrol egin ziren, laginak biltzeko 60 misioren bidez. Kontrolak 13 kirol-modalitatetan egin ziren,% 80 lehiaketa barruko misioetan eta% 20 entrenamendu edo kontzentrazioetan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak