Berriak Lehendakaritza
Eu

Indarkeriaren gaitzespenean “ez dago hitzerdika ibiltzerik”, lehendakariaren ustez

2011.eko apirilak 11

ETAko kideen eta polizien artean izandako tiroketa ez da "gertakizun" bat izan, “indarkeria ekintza bat" baizik

Lehendakariaren adierazpenok Errenterian izan dira, eremu horretan egiten ari diren proiektu batzuk “zuzenean” ezagutzeko egin duen bisitan. Eusko Jaurlaritzak sustatuko dituen proiektuen artean, gailentzekoa da Jaizkibelgo korridorea “nazioarteko irismena izango duen benetako nodo logistiko” bihurtzeko proiektua.

Asteburuan Frantzian jendarmeriako agenteen eta ustezko bi ETA kideren artean egon den tiroketa dela-eta Bilduk komunikatu bat plazaratu du, eta, gaur, Patxi López lehendakariak komunikatu horren inguruan duen iritzia agertu du. Lópezek esan duenez, “tiroketa bat ez da gertakari bat, tiroketa bat da, indarkeriaz baliatzen jarraitzen duen talde terrorista baten indarkeriazko ekintza bat”. Hori dela eta, lehendakariaren ustez, erantzuna ez da “gaizki ulertu; aitzitik, askoz errazagoa da, hau da, ados daude ala ez, indarkeriaz baliatzea gaitzesten da ala ez, eta ez dago hitzerdika ibiltzerik”. Lehendakariaren ustez, gai honetan “askoz argi eta esplizituagoa izan behar da” indarkeria “zorroztasunez” baztertzeko.

Ildo horretatik, Jaurlaritzak eta poliziek “ez dutela arreta unetxo batez ere galdu” esan du. Hori dela eta, ez zaio beharrezkoa iruditzen terrorismoaren kontrako politika aldatzea, hau da, “talde terroristako kideak jazartzen eta atxilotzen jarraituko da eta zero tolerantzia mantenduko da”.

Lehendakaria gaur goizean Errenterian (Gipuzkoa) egon da eremu horretan egiten ari diren proiektu batzuk “zuzenean” ezagutzeko. Lehendakariarekin batera, Juan Carlos Merino Errenteriako alkatea ere han izan da, eta Lópezek eragile sozial eta ekonomikoekin batzartzeko aprobetxatu du bisita.

Lehendakariaren hitzetan, Gipuzkoak “modernotasunerako jauzia egin du eta Errenteria harekin batera joan da”, alegia, enpresak eraiki dira, baita babes ofizialeko etxebizitzak eta azpiegitura modernoak ere, eta, horrez gain, San Markos gotorlekua birgaitzeko proiektuarekin, gotorlekua etorkizunean espazio ludiko bihurtuko da eta museo historiko bat barne hartuko du.

Eusko Jaurlaritzak sustatuko dituen proiektuen artean, gailentzekoa da Jaizkibelgo korridorea “nazioarteko irismena izango duen benetako nodo logistiko” bihurtzeko proiektua. Gune estrategikoa da salgaien garraiorako, eta “datozen urteetan Euskadiren hazkuntza-iturri” bihurtuko da, eremu horretan Pasaiako kanpoko portuak, Hondarribiko aireportuak, A-8 autopistak eta Abiadura Handiko Trenak topo egingo dute eta.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)