Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diagnostiko bat aurkeztu du antzerki, dantza, literatura eta musikaren arloetako genero-berdintasunari buruz

2019.eko irailak 17
  • Kultura Auzolanean dinamikaren barruan bultzatu da ikerketa, eta gai horretan prestigioa duten adituek burutu dituzte sektoreka egindako txostenak.
  • Kulturaren Euskal Kontseiluan aurkeztu zen txosten osoa, atzo arratsaldean, eta urrian jardunaldi bat antolatuko da datuak aztertzeko.

 

Gasteiz, 2019/09/17       

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ikerlan bat aurkeztu zuen atzo arratsaldean Kulturaren Euskal Kontseiluan, kulturaren lau sektoretako genero-berdintasunaren egoerari buruz: antzerkia, dantza, liburua eta musika. ‘Sorkuntzaren eta industriaren ikuspegitik antzerkia, dantza, liburu eta musikaren arloan genero-berdintasunaren egoera diagnostikoa EAEn’ izenburua du ikerlanak eta agerian uzten du emakumeen eta gizonen arteko arrakala kulturaren munduan. Analisiak Kultura Auzolanean baitan landu dituzte aztertutako gaian adituak diren egileak: Eneritz Artetxe Aranaz (antzerkiaren sorkuntza), María Goiricelaya Burón (antzerkiaren industria), Igor de Quadra Belausteguigoitia (dantzaren sorkuntza), Jemima Cano Martínez (dantzaren industria), Tere Irastorza Garmendia (literaturaren sorkuntza), Ainhoa Novo Arbona (liburuaren industria), Ainara Legardón Pérez (musikaren sorkuntza) eta Amaia Ispizua Gisasola (musikaren industria).

‘Genero Programak eta Politikak’ proiektuaren barruan garatu da ikerlana, eta bere helburu nagusia da analisi informatu bat eskaintzea, antzerkiaren, dantzaren, literaturaren, musikaren eta antzerkiaren arloetan emakumeen eta gizonen berdintasunaren egoerari buruz, bai sorkuntzaren bai industriaren ikuspegietatik. Gainera, analisi horiek baliagarriak izango dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarentzat, bere politikak bideratzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren egoeran esku hartzeko, genero-arrailak edo desberdintasun-egoerak identifikatu izan diren eremuetan.

 Atzo aurkeztutako ikerlanaz gain, legealdiaren hasieran antzeko lanak burutu ziren ikus-entzunezkoaren eta artearen gainean. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak jardunaldi bat antolatuko du urrian ikerketak islatutako datuak sakon aztertzeko asmoz.

Analisiez gain, ikerlanak proposamenak ere biltzen ditu kulturaren eremuan berdintasunerantz aurrerapausoak emateko. Hala, analisiaren metodologia honela garatu da:

  • Datu kuantitatiboen oinarrizko atal bat garatu da, arlo bakoitza testuinguruan kokatu ahal izateko. Iturri sekundarioen analisiak garatu dira edo datuak eraiki dira sektore bakoitzari dagozkion eremu desberdinetan oinarrituta: hezkuntza formala; enplegua; praktika eta ohitura kulturalak; dirulaguntza publikoak; zirkuituak, programak eta festibalak eta abar.
  • Analisi kualitatiboaren atal bat garatu da, elkarrizketa sakonen bitartez arlo bakoitzeko profesionalengana eta/edo erreferenteengana hurbilduta.
  • Datu kuantitatiboen eta kualitatiboen analisia bat eta/edo iritzi-artikulu bat idazteko, arlo bakoitzeko emakumeen eta gizonen berdintasunari dagozkion giltzarriak eta elementu esanguratsuak eskaini ahal izateko.
  • Arlo bakoitzean esku hartzeko proposamen eta ekintza posibleak planteatzea, sektore bakoitzean identifikatu izan diren elementuei ‒desberdintasunaren sortzaileak eta abar‒ buruzko erantzun-premia aintzat hartuta.

Egoera orokorra

Abiapuntu gisa analisiak datu kuantitatibo orokorrak eskaintzen ditu kulturaren munduak bizi duen egoerari buruz, genero-ikuspegitik betiere. Hala, kulturaren munduan emakumeen okupazio-tasa (2018. urtea) handiagoa izan arren Estatukoaren aldean, Euskal Autonomia Erkidegoan desberdintasun nabarmena antzematen da gizonen eta emakumeen artean: % 55,1eko okupazio gizonen kasuan eta % 46,5 emakumeen kasuan. Gainera, ikerlanak agerian uzten du emakumeen presentzia kudeaketa eta administrazioko lanpostuetan nagusitzen dela (% 69,9); profil teknikoko (% 43,8) eta zuzendaritzako (% 37,1) lanpostuetan, berriz, gizonezkoak dira nagusi.

Kultur prestakuntzari dagokionez, azterlanak desberdintasun nabarmenak jasotzen ditu generoen artean, nahiz eta emakumeak gehiengoa izan kulturaren eremu guztietan. Dantzaren arloan prestatutako ikasleen kasuan, emakumeak % 93 dira (gizonak % 7) eta arte plastikoen, diseinuaren eta musikaren arloetan % 70 baino gehiago dira emakumeak. Musikaren arloan bakarrik orekatzen da joera hori: % 56 emakumeak eta % 44 gizonak.

Antzerkiaren sorkuntza eta industria

Arloka egindako ikerketaren emaitzak kontuan hartuta, antzerkiaren sorkuntzari eta industriari dagokienez (Eneritz Artetxe eta María Goiricelayak burutu dute), gutxiengoa da emakumeen presentzia ia lan-esfera guztietan. “Jantzien atalean bakarrik osatzen dute gehiengoa emakumeek (% 69,23). Zuzendaritzan nahiko berdinduta daude indizeak (% 44 emakumeak eta % 48 gizonak), baita eszenografian ere (% 46,15 emakumeak eta % 53,84 gizonak)”, adierazi du azterlanak. Argiteriaren diseinuan dago desorekarik handiena (% 0 emakumeak eta % 100 gizonak), hau da, argiteriaren diseinua emakumeen presentziarik ez duen esfera bat da.

ESKENAko kideen azkeneko ikuskizunetan emakumeen presentzia % 40,83koa zen. Hala, datu horrek kontrastatu egiten du eskoletan lortutakoen aldean, non emakumeak baitiren gehiengoa. Programazio-agenteek generoaren arabera egindako banaketa ikusita, % 46,9 emakumeak dira eta % 53,1 gizonak. Antzezlanen % 74 gizonek zuzendu dituzte eta % 26 emakumeek. Teknikari karguen % 69 gizonek betetzen dituzte; emakumeek, berriz, % 31. Aitzitik, administrazioko postuen % 75 emakumeek betetzen dituzte, eta % 25 gizonek.

Azterlanak, proposamen zehatzez gain, irakurketa ugari islatzen ditu maila kualitatiboan. Hala, emakume zuzendariek diotenez “aurreiritziak daude haiek sortutako obraren inguruan. Emakume autoreekin gertatzen den bezala, haien obretan emakumeei esleitutako ezaugarriak suposatzen dira: sentsibilitate handikoak, estetika zaindu batekin, sofistikatuak, komediarik eza…”.

Dantzaren sorkuntza eta industria

Dantzaren kasuan, gizonen eta emakumeen presentziari buruzko azterlanek (Igor de Quadra, sorkuntza; eta Jemika Cano, industria) islatzen dute emakumeen presentzia askoz ere nabarmenagoa dela sektore honetan,  nahiz eta maila kuantitatiboan desoreka batzuk ikusten diren eta, maila kualitatiboan, agerikoak diren estereotipo jakin batzuk. Hala, azterlanak nabarmendu egiten du, adibidez, Dantzerti Arte Eszenikoetako Goi Mailako Eskolan (2016 eta 2018 urte artean) emakumeen portzentajea askoz ere handiagoa dela gizonenen aldean: % 84 emakumeak eta % 16 gizonak 2018an. Gainera, zuzendaritza artistikoan emakumeak % 63 dira, eta interpretazioan % 64. Dena den, eremu teknikoetan (soinua, eszenografia edo argiteria, besteak beste) gutxiengoan daude emakumeak.

Gainera, azterlanak adierazten duenez “deigarria da 36 konpainietatik, emakumeek zuzendutakoak % 45,71 izatea, baina dantzaren zirkuituan barnean hartzen diren ekitaldien kopurua aztertuz gero, portzentajea % 41,18ra jaisten da, eta kopuru hori euskal konpainietara mugatuz gero, gehiago jaisten da oraindik, % 34,85era”. Horregatik ateratzen da ondorioz gizonak buru diren euskal konpainien ekitaldiak % 30,30 gehiago direla emakumeenak baino.

Literatura sorkuntza eta liburugintza

Tere Irastorza Garmendiak eta Ainhoa Novo Arbonak burutu dituzte literatura sorkuntza eta liburugintzaren gaineko analisiak, hurrenez hurren. Azterlan mardul hauetan, hainbat eta hainbat daturen artean, jaso da argitaletxeetako langileen % 50,6 emakumeak direla, baina administrazio eta giza baliabideak kudeatzeko lanei erreparatuz gero portzentaje hori % 57,3raino igotzen dela.

Halaber, diagnostikoak jaso du emakumeen presentzia nabarmenago dela euskarazko literaturan: “Gaztelerazko literaturak baino emakumezko egile bakar gehiago ditu. Horrela, gaztelerazko argitalpenen % 21,7ak baino ez du emakumeren bat egile. Proportzio hori % 42,9koa da euskaraz argitaratutako lanei dagokienez”.

Musika sorkuntza eta industria

Azkenik, Ainara Legardón Perezek burutu du musika sorkuntzaren inguruko txostena eta Amaia Ispizua Gisasolak, berriz, EAEko musikaren industriaren gainekoa. Musika sorkuntzaren inguruko analisiak azaleratu ditu emakume eta gizonen arteko desberdintasunak islatzen dituzten zenbait datu. Horietako bat Kulturklik plataformaren datuetan oinarritu da: “Euskal kulturaren azken jarduerak eta sorkuntzak hedatzeko plataforma honen arabera, 2017n ekoiztutako diskoen egileak aztertu ditu eta ondokoak dira emaitzak: diskoen % 59ak gizonen bat dauka egile nagusi; % 9ak, aldiz, emakumeren bat. Diskoen % 27ak egile mistoak ditu, non emakumeek % 31ko ordezkaritza duten eta gizonek, aldiz, % 69koa. Diskoen sorkuntzak emakumeen presentziarik txikiena duten arloetako bat dela esan daiteke”. Horrekin batera, ikerketak islatu du emakumeen presentzia oso urria dela musika jaialdi nagusietan.

Musikaren irakaskuntzari dagokionez, Kultura eta Kirol Ministerioak argitaratu duen Kultur Estatistiken Urtekariaren arabera, Musika-irakaskuntza arautuen irakasleen % 50,7 emakumeak 8 dira EAEn; Nafarroan % 28,6 suposatzen dute. Estatu-mailako batez bestekoa % 39,9koa da.

Azkenik, musikaren industriari dagokionez, bestelako hainbat datu kuantitatiboen eta kualitatiboren artean, islatu da alde nabarmena dagoela programazio talde publikoen eta enpresa pribatuen artean (kontzertu sustatzaileak, diskoetxeak, manager-ak…). Horrela, programatzaile publikoen taldeetako emakumeen ehunekoa nahiko paretsua da (% 47,3) eta zuzendaritza-postuak % 50ean orekatuta daude. Aldiz, enpresa pribatuetako zifrak oso ezberdinak dira: txostena egiteko bidali den galderasortari erantzun dioten enpresetan emakumeen presentzia soilik % 37,74koa izan da. Zuzendaritza-postu kopuruari dagokionez, berdintasun eza ere nabarmena da, soilik emakumeen % 17,86 baitaude erabakitzeko ahalmena duten postuetan.

 

* Datu guztiak, analisak eta proposamenak esteka honetan kontsultatu daitezke 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak