Berriak
Eu

Donostiaren gidaritzapean eta Euskadiren Bruselako Ordezkaritzaren sostenguarekin, Europar hirietako ordezkari gazteek kultur politikari buruz landu dituzten proposamenak aurkeztu dizkiete europar instituzioei

2011.eko apirilak 08

     Euskadiren Bruselako Ordezkaritzaren sostenguarekin, eta Donostiako Udalaren eta Donostiak 2016an Europako Kultur Hiriburua izateko aurkeztu duen hautagaitzaren ekimenez, Europako hainbat gaztek X. Entzunaldi Publikoaren emaitza aurkeztu diete europar instituzioei, apirilaren 7an eta 8an.

     Europar proiektu baten baitan, Donostia, Bartzelona, Rivas-Vaciamadrid, Harrow (Erresuma Batua), Seraing (Belgika) eta Terniko (Italia) 14 eta 17 urte bitarteko ehun gaztek baino gehiagok elkarrekin lan egin eta hausnartu dute 2010-2011 ikasturtean, "kultura" terminoaren inguruan; horren ondorioz, proposamen zehatzak aurkeztu dituzte, beren udalerrietako politiketan kontuan har daitezen. Proposamenak apirilaren 3an Donostian egindako Entzunaldi Publikoan adostu ziren.

    Apirilaren 3ko Entzunaldiaren ostean, Europako hiri horietako gazteen ordezkaritza bat Europako Gazte Elkarteen Federazioaren (European Youth Forum) ordezkariekin bildu da, eta baita Europako instituzio batzuen ordezkariekin ere, gai hauei buruzko konklusio nagusien berri emateko: gazteria eta kultura; kultura hirian; eta gazteen parte-hartzea kultur politiketan. Halaber, aukera izan dute Europar Batasunari buruz zuten ezagutza sakontzeko.

Ekimen honek jarraipena ematen dio Erregioen Batzordean 2011ko urtarrilaren erdian egindako konferentziari. Euskadiren Bruselako Ordezkaritzak eta Donostiak Europako Kultur Hiriburua izateko aurkeztutako Hautagaitzak elkarrekin antolatuta, konferentziaren helburua izan zen tokiko eta erregioetako agintaritzen rola defendatzea EBk gazteen parte-hartzearen alorrean gauzatzen dituen ekimenetan, bereziki "Gazteria Mugimenduan" izeneko ekimen enblematikoan, EU2020 Estrategiaren esparruan (EBko lehentasun estrategiko nagusiak ekonomiaren eta garapen iraunkorraren alorrean).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan