Eu

Lide Amilibia: “Migratzaileei arreta emateko Share proposamenaren bidez, Europan estatuz azpiko gobernuok migrazio-erronkaren aurreko erantzukizunean inplikatzen gara”

2019.eko irailak 16
  • Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak eta Monica Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak “Orain hemen daude eta hurbilago behar zaituzte” Euskadiko Gurutze Gorriaren jardunaldian parte hartu dute, Vitoria-Gasteizen
  • Shareren hurrengo aurkezpena Bruselan; proposamena Europar Batasuneko ordezkariei eta estatuz azpiko gobernuei aurkeztuko zaie

 

VG 16 09 2019

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak esan du migratzaileei arreta emateko Eusko Jaurlaritzak prestatutako Share proposamenak honako nobedade hau eskaintzen duela: “Europan estatuz azpiko gobernuok migrazio-erronkaren aurreko erantzukizunean inplikatu gara, eta dagokien estatu-gobernuei eta baterako erakundeei konpromiso hori geure gain hartzeko prest gaudela adierazi diegu”.

 

Amilibiak “Orain hemen daude eta hurbilago behar zaituzte” Euskadiko Gurutze Gorriaren jardunaldian parte hartu du, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarekin batera. Eusko Jaurlaritza.

 

“Share programa –partekatu– bi hitzetan labur daiteke: bizikidetza eta inklusioa; hori da erakundeok migrazioak planteatzen dizkigun erronkei heltzeko lortu nahi dugun helburu nagusia. “Share"ren bidez, eskubide eta betebeharrak dituen espazioa eman nahi zaie bizi-proiektuaren bila datozenei, eta, europar sentitzen garenok, migrazio-erronkari eman beharreko erantzuna koordinatua, antolatua eta jasangarria izan behar duela onartu behar dugu”, esan du Amilibia sailburuordeak.

 

Errealitate desberdinak

Lide Amilibia sailburuordeak esan duenez, “gaur, migrazio-mugimenduen barruan, zenbait errealitate nahasten dira: errefuxiatuak, asilo-eskatzaileak, sistematik kanpo geratzen diren asilo-eskatzaileak, bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrak, bidaiderik gabeko gazte atzerritarrak, iragaitzazko edo geratzen diren migratzaile ekonomikoak, Europako beste herrialde batzuetatik itzulitako migratzaileak edo ahultasun-egoeretan dauden migratzaileak. Ezin dugu beste alde batera begiratu, eta geratzeko iritsi den errealitateari eman behar diogu arreta; erakunde aldetiko erantzuna eta erantzun solidarioa eman behar zaio”.

 

“Migrazio-mugimenduek Europako erantzuna behar dute, baina baita Estatu, eskualde eta udal mailakoa ere”, esan du Amilibiak. SHARE proposamenaren bidez, Europako eremuan eta zeharka ahultasun-egoera larrienean dauden migratzaileen harrerarako eta inklusiorako ahalegina lurraldeen arabera banatzeko erabakia adostu nahi da. 

 

Eusko Jaurlaritzaren iradokizunaren arabera, formula hori hiru parametrotan oinarritzen da: batetik, diru-sarrera fiskalak (edo batez besteko errenta erabilgarria edo BPGd/biztanleko), % 50eko pisuarekin, eta, proposamen horren bidez, lurralde-eremuetako egoera eta baliabideak aintzat hartuta bana daiteke ahalegina; beste alde batetik, biztanleria (% 30eko pisua) ahalegina partekatzeko modu orekatua eta arrazoizkoa ezartzen laguntzen duen proportzionaltasun-faktorea da, eta, azkenik, langabezia-indizea (% 20ko pisua).

 

“Gure ustez, langabeziaren aldagaia jaso egin behar da; izan ere, migratzaileen integrazioa zuzenean dago beren laneratzearekin lotuta. Logikoa den bezala, hau proposamen irekia da.  Haren plangintza, parametroak edo parametro horiek ehunekoetan duten intzidentzia erabakitzeko ahalik eta adostasun handiena eta onena bilatu behar da, baina, gure iritziz, proposamen honek ahalegina zentzuzko orekaz banatzeko mekanismoa izateko bide ematen du. Eta aurrerantzean, zer? Proposamenak ahalik eta adostasun handiena lortzea dugu helburu, hain zuzen ere. Iñigo Urkullu Lehendakariak Frantzisko aita santuari Share zer den azaldu zion, abuztuan, Vatikanoan. Vatikanoa prest agertu da Euskadirekin batera Europan errefuxiatuen harrera-proposamenak lantzeko”, esan du Amilibiak, Euskadiko Gurutze Gorriaren jardunaldian”, esan du.

 

Europako Batzordea

Share aurkeztu diogu Migrazioko estatuko idazkariari, eta bilera deitu nahi dugu autonomia-erkidegoekin, atxikipen gehiago lortzeko; izan ere, proposamena aurkeztu zenean, hauteskunde-kanpainaren aurretiko egunak ziren. Halaber, Bruselara itzuli nahi dugu, proposamena Europar Batasuneko ordezkari berriei eta lehen bileran egon ezin izan ziren estatuz azpiko gobernuei aurkezteko”, esan du Amilibiak.

 

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak eskerrak eman ditu “Euskadiko Gurutze Gorriarekin abian ditugun hainbat proiektutan lankidetza hertsian jarduteagatik: mota guztietakoak dira, betiere pertsona ahulenen bizitza eta, bereziki, immigrazioaren eremuan hobetzeko ideiarekin”.

 

“Guztion artean, besteak beste iragaitzazko migratzaileen errealitate berriari erantzun egokia emateko orduan Euskadiko Gurutze Gorriaren eta euskal erakundeen artean dagoen konplizitatearen eta egiten jakitearen balioa nabarmentzen dugu; eginkizun horri, gainera, indar handiz heldu genion pasa den udan eta aurten ere hala jarraitzen dugu, baina etorrera gutxiagorekin. Horrek oso ondo erakusten du gogor defendatzen dugun lankidetza publiko-soziala”, esan du Lide Amilibiak, amaitzeko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Aitor Allende