Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbiderako datuak batu izanak ez du enplegurik suntsitu

2011.eko apirilak 11

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaeitako sailburuak azpimarratu duenez, "ezkutuko 7.500 langabetu egotea Estatuko Enplegu Zerbitzuaren eta Langai zenaren arteko bikoiztasunaren ondorio izan da"

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua Eusko Legebiltzarreko Lan, Gizarte Politika eta Berdintasun Batzordean agertu da gaur, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (EEZP) eta Langai zenaren datu‑baseen arazketa-prozesua azaltzeko. Prozesu horren ondorioz, Langai euskal lan-agentzian ezkutuan zeuden 7.500 langabetu azaleratu dira. "Aurreko 15 urteetan sistema bikoitza egon da, eta hori beti da txarra, arazoak sortzen dituelako. Horixe da, hain zuzen ere, Enplegu Politika Aktiboak 30 urtetan transferitu gabe eduki izanaren kostua, nahiz eta Lanbideren datuak batu izanak ez duen enplegurik suntsitu", baieztatu du.

Bere hitzaldian Zabaletak gogora ekarri duenez, bikoiztasuna 1996. urtean hasi zen, Eusko Jaurlaritzak INEMekin lankidetza-hitzarmena sinatu zuenean eta, horren ondorioz, Langai irabazi asmorik gabeko lan-agentzia gisa lan egiten hasi zenean. Langaik aldian-aldian bere zerrendak bidali zituen gobernu zentralera, 1996. urtetik 2010.era bitartean. Pertsona horiek ez ziren erregistratutako langabetu gisa zenbatu, legez ez zelako ez beharrezkoa ez eskubidea; hala ere, enplegu eskatzailetzat hartzen ziren; izan ere, kategoria horretan sartzen dira enplegu-zerbitzu publikoetan inskribatzen diren langile guztiak, inskripzioaren arrazoia edozein dela ere: enplegu bila dabiltzalako, daukaten enplegua baino hobea aurkitu nahi dutelako edo kotizaziopeko prestazioren bat edo subsidioren bat jaso behar dutelako, baina ez da inola ere erregistratutako langabeziatzat hartzen.

Enplegu-politika aktiboen transferentzia gauzatutakoan aurretiazko bitartekotza-eredu baten bitartez funtzionatzeko borondatea zuela adierazi zuen Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 2010eko maiatzean. Horretarako beharrezkoa zen Lanbide izan behar zuena Enplegu Zerbitzu Publikoen Informazio Sisteman (SISPE) integratzea. Horrela, 2010eko ekainean EEZParen eta Langairen datu‑baseak bateratzeko prozesu konplexua hasi zen, 120 adierazle desberdin eta 776.373 espediente erabiliz. Arazketa horien ondorioz -adierazi du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak- "31.000 espediente inguru ezabatu dira, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonenak zirelako, eta beste 29.000 pertsona kendu dira, jadanik lana bazutelako".  Transferentzia aurtengo urtarrilaren 1ean gauzatu zen, eta datu-baseen bateratzea martxoaren 14an amaitu.

Inskribatutako pertsonak zenbatuta, aurreikusten ez ziren 7.500 langabetu azaldu ziren. Zabaletak horren inguruan adierazi duenez, "Euskadin martxoan langabetuen kopuruak izan duen hazkundearen arrazoia erraz azaltzen da. Langairen eta EEZParen datuak bateratzearen emaitza baino ez da. Bat egite horrek pozoitutako herentzia utzi digu, baina ez dira langabetu berriak, ezta enplegua suntsitzearen ondorioak ere".

Bere agerraldia amaitzeko Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak berriro azaldu du 151.551 pertsona direla langabetu gisa inskribatutakoak, aipatutako datu-arazketa egin ondoren. "Guretzat, pertsona horietako bakoitzaren atzean drama bat dago, hala gizakiaren nola gizartearen ikuspuntutik. Horietako bakoitzaz kezkatzen gara. Eta, lanik gabeko gizon edo emakume bakar bat dagoen bitartean konpondu beharreko arazoa izango dugu".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)