Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernuak 175.000 euroko laguntzak onartu ditu krisialdi humanitarioei erantzuteko (Gobernu Bilera 2019-09-17)

2019.eko irailak 17

Eusko Jaurlaritzak gaurko bileran zuzeneko bi laguntza onartu ditu krisialdi humanitarioko egoerei azkar erantzuteko. Laguntzak guztira 175.000 eurokoak dira eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatuko ditu.

Zehazki, Gobernu Kontseiluak baimendu du 100.000 euroko diru-laguntza ematea Larrialdi Kasuetan Jarduteko Funts Zentralari (CERF), finantzazio urriko larrialdietan sortzen diren premia humanitarioei aurre egiteko.

Funts humanitario hori 2006an eratu zuten Nazio Batuek, laguntza humanitario eraginkorragoa eta fidagarriagoa emateko hondamendi naturalen eta gatazka armatuen eraginpean dauden pertsonei.

Hartara, CERF funtsak eragiketa kritikoak abian jartzeko aukera emango duen hasierako finantzaketa eskaintzen du. Funtsaren helburua da egungo jarduera humanitarioen finantzaketa-mekanismoak (hala nola Nazio Batuen Erakundearen dei finkatuak) osatzea, eta ez ordezkatzea.

Venezuelako herriari zuzendutako laguntza

Era berean, gaurko bileran, Gobernu Kontseiluak erabaki du 75.000 euroko laguntza ematea Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzua-Venezuela zerbitzuari. Laguntza horren bidez, larrialdi humanitarioan dauden Caracasko herritarrei lagundu nahi zaie.

Euskal laguntzari esker, elikagaiak, higiene-gaiak eta osasunaren arloko gaiak dituzten 100 kit bideratuko dira Venezuelako hiriburuko populaziorik zaurgarrienarentzat. Horrez gain, populazio horri arreta ematen dion Gobernuz Kanpoko Erakundeko langileei zuzendutako trebakuntza-ekintzak egingo dira.

Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzua-Venezuela zerbitzuaren helburua da modu integralean laguntzea krisialdi humanitarioko testuinguruan etxea nahitaez utzi behar izan duten eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei. Hasiera-hasieratik, 2001. urtean, Zerbitzuak Kolonbia eta Venezuela arteko mugan lan egin du, Kolonbiako gatazkaren ondorioz bertan errefuxiatu den populazioari laguntzen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko