Berriak Osasuna

Osakidetzak osasun digitalaren arloko 150 aditu baino gehiago bildu ditu UPV/EHU-ren Uda Ikastaroetan

2019.eko irailak 12

“Osasun Digitaleko Kongresua: aurrera egiteko erronkak” kongresua inauguratu duen Nekane Murga Osasun sailburuak Osakidetzak eta Osasun Sailak teknologia berriekin duten konpromisoa berretsi du

Kongresu honek osasun- eta kudeaketa-esparruetako, enpresa teknologikoetako eta unibertsitateko profesionalak eta pazienteak biltzen ditu, gizartearentzako proiektu erabilgarri berriak sorraraziko dituzten ezagutza-sareak partekatzeko, ikasteko eta sortzeko helburuarekin

 

Osakidetzak gaur burutu du Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Uda Ikastaroen barruan seigarren urtez jarraian egiten den “Osasun Digitaleko Kongresua: aurrera egiteko erronkak” kongresuaren lehen jardunaldia. Kongresua Donostiako Miramar Jauregian egiten ari da eta bertan arlo honetako 150 adituk hartuko dute parte.

Kongresua inauguratu duen Nekane Murga Osasun sailburuak Osakidetzak eta Osasun Sailak teknologia berriekin duten konpromisoa berretsi du. “Azken urteetan murgilduta gauden eraldaketa digitala aldaketa kultural handiak ekartzen ari da gure erakundearentzako.  Euskal osasun-sistemak prest egon behar du hainbat gai garrantzitsuri aurre egiteko, adibidez, historia klinikoko sistema berriei, irudi bidezko diagnostikoari, telemedikuntzari, big datari edo adimen artifizialari. Horregatik, Osakidetzatik eta Osasun Sailetik eraldaketa horretan aurrera egiteko eta osasun-sistema osatzen duten pertsonen gaitasun digitalak garatzeko gure apustu irmoa eta ausarta berretsi nahi dugu”.

Kongresu honek osasun- eta kudeaketa-esparruetako, enpresa teknologikoetako eta unibertsitateko profesionalak eta pazienteak biltzen ditu, gizartearentzako proiektu erabilgarri berriak sorraraziko dituzten ezagutza-sareak partekatzeko, ikasteko eta sortzeko helburuarekin  Aurten kongresuan osasun digitalean aurrera egiteko dauden erronkak jorratuko dira. Bertan, osasun digitalean lehentasunez jarduteko hiru esparru landuko dira: pertsonei zuzendutako arreta, datuen iraultza eta irudi medikoaren tratamenduaren aukera.

Euskal osasun-zerbitzuko arduradunarentzako: “Eraldaketa digitalak gure egiten jakitea berraztertzera behartzen gaitu eta, zalantzarik gabe, osasun-sistemak gaur egun ulertzen ditugun bezala aldatuko ditu. Baina ez dugu mehatxu moduan sentitu behar. Gure osasun-sistema iraunkor bihurtzeko eta modernizatzeko gizarteak ezartzen digun erritmora egokitzen lagunduko digute teknologia berriek. Halako kongresuak beharrezkoak dira osasunarekin lotuta dauden azken aurrerapen teknologikoak ezagutzeko. Foro horiek sustatu behar dira, bertatik sortzen baita eraldaketa horri berme osoz aurre egiteko behar den ezagutza”.

Brian O´Connor. ECHAlliance erakundeko zuzendariak eman du inaugurazio-hitzaldia. Bertan, ingurune globalizatu batean nazioarte-mailako harremanen eta aliantzen garrantziari buruzko gogoeta egin du.

Ondoren, Salud Digital Elkarteko Jaume Reventos-ek “La atención a las personas” mahai-ingurua aurkeztu eta moderatu du. Bertan, Mikel Oguetanek (Osakidetza), Rafael Pardo Espinak (Costaisa) eta Ester Sarquellak (Tunstall) hartu dute parte. Era berean, Osakidetzako Martin Begoñak moderatu du “La revolución de los datos” mahai-ingurua. Bertan, Aitor Morenok (I3B), Baltasar Lobatok (EY) eta Victor Vicentek (Philips) hartu dute parte.

Bihar, Signo Fundazioko Ignacio Lopez Parrillak moderatuko du “La oportunidad de la imagen” mahai-ingurua. Bertan, Jorge R. Lopez Benitok (creativiTIC), Jon Zabaletak (Osakidetza) eta Juan Antonio Retamerok (Granadako Ospitaleak) hartuko dute parte.

Kongresuan beste bi mahai-inguru ere egingo dira. Lehenengoan hainbat proiektu eta komunikazio aurkeztuko dira; eta bestean, Health 2.0 Basque izenekoan, Euskadiko enpresen 8 esperientzia berritzaile ezagutu ahal izango dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)