
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 670.000 zuzenduko ditu euskal liburutegiei funtsak erosten laguntzeko (Gobernu Bilera 2019-09-10)
- EAEko 183 udalerrik jaso zuten laguntza ekonomikoren bat iazko deialdiari esker
Gobernu Kontseiluak 670.000 euroko partida onartu du, bere gaurko bileran, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea osatzen duten liburutegiei funtsak erosten laguntzeko. Laguntza horiek liburutegi sortu berriek lote fundazional berriak erosteko izan daitezke edo gainontzeko liburutegiek ale gehiago eros ditzaten. EAEko 183 udalerrik jaso zuten dirulaguntzaren bat iaz deialdi honi esker.
Euskadiko Liburutegien 11/2007 Legeak, urriaren 26koak, ezarritakoa betetzea da dirulaguntza hauen helburua. Araudi horren arabera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak funtsen zuzkidurarako laguntza-programak ezarri behar ditu urtero bere aurrekontuetan, Sailaren eskumena baita Liburutegien Zerbitzua kudeatzea, eta baita Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion funtzioak garatu eta haiek ekitea ere.
Dirulaguntza horiek bi modalitate jasotzen dituzte:
- Liburutegi sortu berriek lote fundazionalak erosteko dirulaguntzak. Laguntza-mota horretarako 50.000 euro zuzenduko dira.
- Orain dauden liburutegietako funtsak berritzeko dirulaguntzak. Partida honetan 620.000 eurokoa izango da diru-zuzkidura.
Iaz 183 udalerrik dirulaguntzaren bat jaso zuten bigarren modalitatearen bitartez; halaber, Gasteizek eta Laudiok bi modalitateen bitartez jaso zituzten dirulaguntzak.
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea Euskadiko udal-liburutegi guztiek osatzen dute, bai eta udal-titularitatekoak ez diren zenbait liburutegi ere (Eusko Jaurlaritza, Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma…). Une honetan 205 udalerritan kokatutako 300 liburutegi baino gehiagok osatzen dute. Sareak 6.648.491 ale baino gehiago ditu funtsetan, ia 1.195.780 titulu desberdin eta 980.000 bazkide inguru