Berriak Hezkuntza
Eu

1,2 milioi euro eskolatze osagarriko programetarako (Gobernu Bilera 2019-09-10)

2019.eko irailak 10
  • Deialdi honen bidez, Eskolatze Osagarriko 19 programa lagundu ziren diruz iaz. 230 ikaslek parte hartu zuten horietan

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Eskolatze Osagarriko Programak garatzeko diru-laguntzetarako deia egiten duen Agindua. Laguntza ekonomiko hauek itunpeko ikastetxeei, irabazi asmorik gabeko entitateei, mankomunitateei, udalei edo azken hauek sortutako entitateei zuzenduak dira, betiere 2019-2020 ikasturtean Eskolatze Osagarriko Programak abian jartzeko asmotan badira eta horretarako proiektua aurkezten badute. Deialdi honek 1.211.250 euroko diru-kopurua du orotara, eta diruz lagunduriko programa bakoitzerako 63.750 euro bideratuko ditu gehienez.

Eskolatze Osagarriko Programak hezkuntza-premia bereziak –eskolara moldatzeko zailtasunei lotutako egoera larrietatik sortutakoak- dituzten ikasleei laguntzeko sortuak dira, hain zuzen ere beren hezkuntza-prozesuen aurrean, ikaskideen eta irakasleen aurrean eta gizarte-ingurunearen aurrean jarrera positiboak garatzen laguntzeko. Programen xedea hauxe da: aipaturiko ikasleei, berariazko taldeetan antolatuta, beren garapen pertsonalerako, berriro eskola-sistema arruntera egokitzeko edo ondoren lanbide-hastapeneko ikasketei (horiek helduaroan eta bizitza aktiboan sartzeko gaituko dituzte) ekiteko baliagarriak diren ikaskuntzak eskaintzea.

Edonola ere, tailerren bidez curriculumeko alor instrumentala lehenesten dute programok, betiere ikasleen beharretara egokitutako metodologia erabiliaz. Programa hauek berritzaile izaten eta ikasleen jakingura piztuko duten jarduerak burutzen egiten dute ahalegina. Era horretan, ikasleen motibazioa lortzen dute, hezkuntza-ibilbidean jarrai dezaten.

Programa hauek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduak dira, programa hasten den urteko abenduaren 31n gehienez 15 urte beteta dituzten ikasleei zuzenduak. Aldi baterako neurri gisa ulertu behar da, inoiz ez behin betiko, ikaslea ahal bezain laster sistema arruntean berriro sartzea lortu nahi baita. Era berean, ezohiko neurria ere bada, DBHren ohiko araubidean aniztasunari erantzuteko aurreikusitako gainerako neurriak agortu ondoren aplikatzekoa, hala nola, hezkuntza-indargarriak, curriculuma egokitzekoak edo berariazko parte hartze proiektuak.

19 programa, 230 ikasle

Hezkuntza Sailak bere ekimenez garatzen ditu programa hauek beharrezko diren ikastetxe publikoetan, baina gorago aipaturiko entitateekin lankidetzan ere aplikatu daitezke. Hain zuzen ere, aurreko 2018-2019 ikasturtean Eskolatze Osagarriko 19 programa lagundu zituen diruz Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez, guztiak ere Euskadiko 17 entitatek garaturikoak. Orotara 230 ikaslek hartu zuten parte 19 programa horietan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko