Berriak Lehendakaritza
Eu

Josu Erkorekak: “Dokumentazioa prest dagoen une beretik, hauteskundeak egon ala ez, hasiko dira kontaktuak Legebiltzarreko hiru taldeekin”

2019.eko irailak 10

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarterekin batera.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak ezagutzera eman duenez, Ogasuneko sailburuaren asmoa da oposizioko hiru taldeekin kontaktuak hastea aurrekontuak negoziatzeko proiektua prest dagoen une beretik, “azaroaren 10ean hauteskundeak egon ala ez egon”, gaineratu du.Zentzu horretan, Bozeramaileak aitortu egin du hauteskunde-giro batek ez duela errazten negoziazioa baina, bere iritziz, badago marjina eta posible da akordioa.Gainera, gogora ekarri duenez, AP-68 transferitzeko akordioa azken hauteskunde Orokorretako kanpaina hasi zen egunean izan zen.

Espainiako Gobernuaren osaerari dagokionez, Erkorekak azpimarratu duenez, ez dago benetako motiborik hauteskundeak errepikatzeko.“Oraindik akordiorik ez badago egoskorkeriagatik eta akordio batera iristeko borondate politikorik ez dagoelako da”, gaineratu du.Hala, adierazi duenez, hauteskundeetako emaitzak itunentzako panorama konplexu bat utzi zuen, baina, Bozeramailearen arabera, “posible da akordioa”.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du lansarien % 0,25eko igoera berri bat langile publiko guztientzat. Erkorekak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak bete egiten du horrela langile publikoen lansariak % 2,5 igotzeko konpromisoa, aurten, 2019an, % 0,25eko igoera gehitzen baitzaio lansarien % 2,25eko igoerari, otsailean onetsitakoari.“Oinarri juridiko irmo bat izan dugunean aplikatu dugu”, zehaztu du.Gainera, Erkoreka sailburuak gogora ekarri duenez, Eusko Jaurlaritzak hileko soldataren % 1,5era arte igoko dio ekarpena Itzarri-BGAEri hurrengo Gobernu Kontseilu batean, urtea amaitu aurretik.

Hau horrela, Josu Erkoreka sailburuak ezagutzera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak deialdi bat egingo die, irail honetan, Funtzio Publikoan gehiengoan dauden sindikatuei Mahai Orokorraren bilera bat egiteko.Erkorekak adierazi duenez, lansarien esparrua planteatzea eta negoziatzea da helburua, lantzen ari garen 2020ko Aurrekontuen Lege Proiektuan txertatzeko.“Borondatea eta erantzukizuna eskatzen dizkiegu sindikatuei datorren urterako lansarien negoziaziorako”, gaineratu du.

HEZKUNTZA

Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek, bere aldetik, gastu-aurreikuspena onetsi dela jakinarazi du; 606 milioi eurokoa, Euskadin unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza ematen duten ikastetxe pribatuen hezkuntza-itunerako, hasi berri den ikasturterako.Uriartek azaldu duenez, 2019-2020 ikasturtean, Euskadiko 314 ikastetxek izango dute ituna:34 Araban, 160 Bizkaian eta 120 Gipuzkoan.Hala, sailburuak zehaztu duenez, denak batuta itunpeko 7.157 ikasgela dira guztira, unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-etapetan; hau da, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko irakaskuntzak, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa.Bestalde, Cristina Uriarte sailburuak gogora ekarri duenez, deialdi honetan jasota geratzen da soldaten % 2,25eko igoera, eta igoera hori eta lerradurak kontuan hartuta, hezkuntza-itunetarako esleitutako partida 27,5 milioi eurora igo da aurreko deialdiarekiko.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak