Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren plana

2011.eko apirilak 07

Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plana aldatzeko partaidetza-prozesu bat sustatzen du Eusko Jaurlaritzak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzaren bidez, parte hartzeko prozesu bat ireki du; gaur hasi da, apirilak 7, eta 2011ko irailaren 22ra arte luzatuko da, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana aldatzeko.

Inaugurazio ekitaldian, Nieves Terán Ingurumen sailburuordea eta Germán Alonso Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako zuzendaria egon dira, eta zientzia eta teknikaren profesionalei eta oro har jendarteari irekitako hausnarketa-prozesuaren ildo nagusiak azaldu dituzte.

Horiekin batera hartu dute parte Miren Onaindia EHUko Garapen Jasangarriaren eta Ingurumen Hezkuntzaren gaineko UNESCO katedradunak eta Francisco Díaz Pineda Madrileko Universidad Complutenseko Ekologia katedradunak.

Plan Gidaria 5/1989 Legea garatzeko egindako araudia da, eta helburua Urdaibaiko Biosfera Erreserbako ekosistemak babestu eta oneratzea da, eta Erreserbako lurzoru urbanizaezinaren erabilera zentzuduna bultzatzea. Plan hori aldatu egiten da 10 urterik behin; beraz, beharrezkoa da 2013rako Plan Gidari berri bat lantzea.

Data hori ikusmiran izanik, eta Plan Gidaria idatzi aurretik, Pilar Unzaluk zuzentzen duen sailak parte hartzeko prozesu hori jarri du abian, eta funtsezko hiru puntutan oinarritzen da: sailarekin lortu duen akordioari esker, EHUko Garapen Jasangarriaren eta Ingurumen Hezkuntzaren gaineko UNESCO Katedrarena izango da prozesu hori dinamizatzeko ardura.

1. Plan Gidariko kartografia berritzea: Lurralde Antolamenduko Kartografia departamentuaren eta Urdaibaiko Bulego Teknikoaren artean egingo da koordinazioa.

2. Jendartearen parte-hartzea. Lankidetza Kontseiluaren bidez, herritarrak sartu behar dira tartean, beren iritziak eman ditzaten eta aintzat har daitezen.

3. Zientzialarien eta teknikarien parte-hartzea: Gaikako eztabaidak egiteko hainbat mintegi egitea; EHUko eta teknologia-zentroetako zientzialariek hartuko dute parte, eta Biosfera Erreserbaren kudeaketan eskumenak dituzten administrazioetako teknikariek ere bai (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Aldundia, udalak, Itsasertzaren Mugapea, Urdaibaiko elkarteak...). Horrela, Urdaibaiko Biosfera Erreserba gobernatzeko jarraibideen inguruan aholkuak emango dituzte guztien artean, eta Plan Gidariaren aldaketak proposatu, beren eskarmentutik eta ezagutzatik.

Parte hartzeko programak eta gutxi gorabeherako datak

Parte hartzeko prozesu horretan, beste 5 hitzordu izango dira, eta Busturian egingo dira bilkurak, Madariaga Dorreko Biodibertsitate Zentroan, egun hauetan:

  • 2011ko maiatzaren 5ean: Babes bereziko eremuen eta babes eremuen gaineko mintegia.
  • 2011ko maiatzaren 26an: Nekazaritzarako eta basogintzarako interesa duten eremuen, turismo jasangarriaren eta landa garapenaren gaineko mintegia.
  • 2011ko ekainaren 9an: Landaguneko lurralde antolamenduaren gaineko mintegia.
  • 2011ko ekainaren 30ean: Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren legeriaren gaineko mintegia.
  • 2011ko irailaren 22an: Prozesuaren laburpena egiteko jardunaldia.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Nieves Terán