Eu

Aviron Bayonnais izan da Euro Basque Rugby Challenge-Euskal Errugbi Ligaren lehen txapelduna

2019.eko irailak 07

Ordizia, 2019/09/07           

Aviron Bayonnais talde lapurtarra bilakatu da Euro Basque Errugbi Challenge txapelketaren lehen irabazlea, Biarritz Olympique-Pays Basque taldea gailendu ostean eta, era berean, Ordiziak Angelu mendean hartu eta gero. EBRC-Euskal Errugbi Ligaren azken bi partidak Altamira estadioan jokatu dira eta euskal errugbiaren hiriburua bihurtu dute Ordizia gaurko jardunaldian. Arola Urdangarin Akitania Berria-Nafarroa-Euskadi Euroeskualdeko jarduneko zuzendaria eta Mathieu Bergé Euroeskualdeko ordezkaria izan dira lehen txapelketa honen garaikurra emateko arduradunak.

                Talde baionarra 17-10 nagusitu da gaurkoan, lehen zati bikaina egin ostean. Avironek zein Biarritz Olympiquek espoir-ak (23 urtetik beherakoak) eta lehen taldeko profesionalak uztartu dituzte beren gaurko taldeetan. Eta bi taldeen arteko areriotasuna islatu egin da berdegunean.

Ordiziak ere gaurko finaleko partida irabazi egin du, 50-7 Angelu mendean hartuz. Ordiziak ez du kalerik egin nahi bere zaleen aurrean eta oso partida serioa egin du hasieratik. Txapelketa osoan zehar izandako emaitzak kontuan hartzen direnez, ordea, Aviron bihurtu da txapeldun, ez baitu norgehiagokarik galdu txapelketan. Biarritz Olympique bigarren sailkatua izan da sailkapen orokorrean.

Txapelketa

EBRC-Euskal Errugbi Ligaren lehen edizioa proiektu pilotu moduan antolatu da, ligaxka-formatuan, abuztuaren 17tik irailaren 7ra bitartean. A taldean, Aviron Bayonnais, Hernani eta Getxo taldeak lehiatu dira, eta B taldean, berriz, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet, Ordizia eta Bera taldeek parte hartu dute. Proiektu honen antolatzaileen asmoa da berori finkatzea eta datozen urteetan lehiaketa zenbait hilabetez luzatzea. Lehen edizio honen balorazioa “oso positiboa” izan da, G-7aren goi-gailurrak eragin zituen gorabeherak bideratu behar izan diren arren. Arazo horien ondorioz, hiru partida bertan behera geratu ziren eta finala bi partidatan erabaki behar izan da. Hala ere, horren ondorioz, hain zuzen, errugbi jardunaldi ederra bizi izan da Altamira estadioan, jendez gainezka bi norgehiagokatan.

                Mugaz gaindiko proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak bultzatua da, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko (Errugbi 64 Departamentu Batzordea) errugbi-federazioekin batera. EBRC-Euskal Errugbi Ligak emakumezkoen lehiaketa izango du ere, baita 2. Serie bat ere, datozen hilabeteetan aurkeztuko direnak. Lehenengo urtea izanik, lehiaketa guztiak liga murriztuaren formatuan egingo dira, baina helburua da proiektu honek datozen urteetan hazten jarraitzea.

Kirolaren ikuspegitik, proiektu honen asmoa da euskal errugbia indartzea, Iparraldeko taldeen maila baliatuz, eta, era berean, Iparraldeko taldeei aukera ematea masa sozialean eta harrobian hazteko, biztanleria aldetik Hegoaldean horretarako aukerak baitaude. Horrez gain, kirol-esparruaz haratago, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik adierazi dutenez, ekimenak aukera emango du “kultura bat eta hizkuntza bat partekatzen dugun beste lurralde batzuekin harremanak estutzeko”, kirolaren eta errugbiaren inguruan. Era berean, ekimen honek aukera emango du Euroeskualdearen eta Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria ardatzaren proiektua Europan indartzeko.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CamiladeEpalzaA
    2019.eko irailak 08

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: 🏉 Aviron Bayonnais izan da Euro Basque Rugby Challenge-Euskal Errugbi Ligaren lehen txapelduna ➡︎ https://t.co/h1g8Ms4Nsg https…

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak