Eu

Josu Erkoreka: “Ez batzuk, ez besteak, ez dute akordioa nahi izan”

2019.eko irailak 12

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote Euskadi Irratiko “Faktoria’” saioan. Aktualitate politikoaz aritu da Erkoreka, besteak beste, Gobernu Zentralaren osaera, 2020ko Aurrekontuak, Euskadiren Autogobernua eta gurasotasun baimenak.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gaur goizean Euskadi Irratiari eskaini dion elkarrizketan esan du Espainiako Gobernua osatze aldera ez dela negoziaziorako borondate politikorik izan ez. “Ez batzuk, ez besteak, ez dute akordioa nahi izan”, esan du. Gainera, Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak nabarmendu du arriskutsua iruditzen zaiola hauteskundeak errepikatzea, alde batetik, oraingo blokeo egoera berdinean egongo litzakeelako gobernua, eta, bestetik, eskumak oraingoz eraiki ezin duen gehiengo bat eraiki ahal izateko aukera dagoelako. Hala ere, Erkoreka sailburuak esan du oraindik 11 egun falta direla eta azken momenturaino eskatu behar zaiela alderdi politikoei akordio baten bila jarraitzeko. Beste askotan Josu Erkorekak gogorarazi duen moduan, gaurkoan ere esan du oraindik ez dagoela Madrilen solaskiderik Euskal agendan dauden gaiak lantzeko, besteak beste, transferentziak edo Abiadura Handiko Trena.

Beste alde batetik Procesaren epaiagatik galdetuta, Josu Erkorekak sailburuak adierazi du Procesaren epaiak garrantzi handia izango duela politikan orohar, bai Katalunian eta baita Estatu osoan ere. “Epai horrek bandintzatuko du hurrengo urteetako joan etorri politikoa Katalunian”, gaineratu du.

Erkorekak elkarrizketan landu duen beste gaia izan da 2020ko Aurrekontuen inguruko izan da. Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak aitortu egin du hauteskunde-giro batek ez duela errazten negoziazioa baina, bere iritziz, posible da akordioa. Gainera, gogora ekarri duenez, AP-68 transferitzeko akordioa azken hauteskunde Orokorretako kanpaina hasi zen egunean izan zen. “Konpatiblea da akordio garrantzitsuak lortzea hauteskunde-giro batean”, gaineratu du Erkorekak.

Elkarrizketan zehar ateratako beste gai bat aitatasun baimenena izan da. Sailburuak esan du baimena arautzen duen dekretua tramiteetan dagoela eta seguruenik datorren astean bertan egongo dela formalki onartuta. Sektore pribatuari dagokionez, Josu Erkorekak azpimarratu du, programa bat tramite bidean dagoela eta urrirako prest egongo dela. “Funtzionarioena irailean indarrean egongo da eta sektore pribatuarena urrian, hori da helburua behintzat”, esan du.

Autogobernu Estatutu berriaren inguruan galdetuta, Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak esan du badaudela ezaugarri batzuk optimista izateko bide ematen dutenak. Ezaugarrien artean, inork amore eman ez izana azpimarratu du, baita aditu guztiek aho batez epearen luzapena eskatu eta alderdi politiko guztiek baiezkoa eman izana. Hau horrela, Erkorekak balorean jarri du adituak egiten ari diren lana.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)