Eu

Eusko Jaurlaritzak gobernuen eraldaketa digitala aztertu du, Miramar Jauregiko udako ikastaroetan

2019.eko irailak 09
  • Gobernu Digitala III: ez da zorte kontua izeneko udako ikastaroa gaur inauguratu da eta, bertan, gaian adituak direnek gobernu digitaleko praktikak eta eraldaketa digitalaren kontzeptualizazioa aztertuko dituzte
  • Ikastaroa gaur eta bihar bitartean izango da, Donostia-San Sebastiángo Miramar jauregian

Nerea López-Uríbarri Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordeak eta Xabier Arrieta Eusko Jaurlaritzako Informatikako eta Telekomunikazioetako zuzendariak, gaur goizean, Gobernu Digitala III: ez da zorte kontua ikastaro parte-hartzailea inauguratu dute. Ikastaroa EJIE Eusko Jaurlaritzako Informatikako Sozietateak antolatu du eta Alex Etxeberria bertako zuzendari nagusiak zuzendu du.

Ikastaroa unibertsitateko ikasleei eta sektore horretako profesionalei eta ikerketan lan egiten duten pertsonei zuzentzen zaie; UPV/EHUko Udako Ikastaroetan sartzen da, eta helburua da gobernu digitaleko jardunbide egokienen ezagutzan aurrera egitea eta eraldaketa digitalaren kontzeptualizazioa eta hark bete beharreko helburuak lantzea. Eztabaida-foro horrek bertaratzen direnei digitalizazioak administrazioei zerbitzuak eskaintzeko ematen dien modu berriari eta herritarrek eraldaketa horietatik jaso ditzaketen onurei buruzko hausnarketan parte hartzeko aukera emango die.

ERALDAKETA DIGITALA

Eusko Jaurlaritzak, 2020rako Gobernantzako eta Berrikuntza Publikoko Plan Estrategikoaren bidez, herritarrek kalitateko gobernu digitala izateko duten beharrari erantzungo dion eta bizi dugun aro digital honetan sortzen diren beharrei erantzungo dien eraldaketa digitala sustatzen du.   

Zehazki, EJIE-Eusko Jaurlaritzako Informatikako Sozietatea 1982an sortu zenean, hori izan zen helburua: informazio-teknologiak eta komunikazioak sustatu eta Euskal Administrazio Publikoak gizarteari eskaintzen dizkion zerbitzuak hobetzea. Harrezkero, sozietate publikoaren bilakaera gaur egun arte meteorikoa izan da eta, gaur egun, EJIEk erabateko erronka teknologikoak diren proiektuetan lan egiten du, besteak beste: Euskadiko administrazio publiko guztien bateratze teknologikoa, Bigdatako plataformen zabalkundea edo zerbitzu publikoei BlockChain, Machine Learning edo Adimen Artifiziala aplikatzea. Gainera, EJIEk, dagoeneko, Adimen Artifiziala prozesuak automatizatu eta optimizatzeko autoikaskuntzara bideratutako algoritmoak aplikatuz gobernuen digitalizazioa sustatzeko aukera emango duen eremuetako bat gisa aztertzen du. Modu berean, BlockChain teknologiarekin eta hark eredu digital irekiak, gardenak eta deszentralizatuak eta, aldi berean, seguruak sustatzeko duen gaitasunarekin lan egiten du. 

Adimen Artifizialak eta BlockChain teknologiak etorkizun handiko ikuspegia eskaintzen dute, zerbitzu publikoak emateko modua iraultzen baitute.

PARTE HARTZAILEAK

“Gobierno Digital III: No es cuestión de suerte” ikastaroa gaur eta bihar izango da, Donostia-San Sebastiángo Miramar jauregian. Gaur egun eraldaketa digitaleko zenbait proiektutan parte hartzen ari diren lehen mailako profesionalek bertaratzen direnei eraldaketa digitaleko eta gaur egun bai estatu-mailan bai nazioarte-mailan dauden gobernuetako praktikei buruzko ikuspegia eskainiko diete.

Parte-hartzaileek hurbiletik ezagutuko dituzte TicketBai! proiektua, euskarazko itzulpena adimen artifizialaren bidez, datu-gobernuak, Big Data eta BlockChain proiektuak edo “gauzen Interneta”.

Guztira, hamar hitzaldi eta eztabaida-mahai baino gehiago izango dira eta, haietan, besteak beste, honako hauek parte hartuko dute: Carlos García, Mondragón Goi Eskola Politeknikokoa; Antonio Cancelo, Eroski eta Mondragón Korporaziokoa; Lluis Casanova, Santander Global Tech-ekoa; Daniel Sánchez, Gartnerrekoa; Carlos Becker, Vodafone Españakoa; Julián Florez Vicomtechekoa; Jose Luis Del Val, Deustuko Unibertsitatekoa; Ana Melcón, Anjana Datakoa; Iñaki Pertusa, Decidatakoa; Aitor García, Gipuzkoako Ogasunekoa; Itziar Santxez, Imatekoa; María Parga, Alastriakoa; Oscar Lage, Tecnaliakoa; Oscar Guadilla, EJIEkoa; Izaskun Larrarte, Irungo Udalekoa eta David Sánchez, Mondragón Unibertsitatekoa.

Jardunaldi bakoitza, bai gaurkoa bai biharkoa, eztabaida parte-hartzaile batekin amaituko da, eta Deustuko Unibertsitateko eta Mondragón Unibertsitateko profesionalek koordinatuko dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak