Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Sare elektriko adimendunak ikertzeko Europako lehenengo instalazioak Euskadin egongo dira

2011.eko apirilak 07

Aurreikuspenen arabera, 2015. urterako martxan izango da Ingrid

Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak abiarazi duten ekimen berritzailerako ekipoak garatu eta ziurtatuko ditu proiektuak; lehenengo faserako, 14 milioiko inbertsioa beharko da.

Ekipo elektrikoen fabrikatzaileen sektorerako sare adimendunak ikertzeko Europako lehenengo instalazioak eraikitzen hasiko da Tecnalia. Gaur aurkeztu dute proiektua Javier Ormazabal Tecnaliako lehendakariak eta Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo saileko buruak; lehen aldiz azaldu dira jendaurrean elkarrekin, TECNALIA RESEARCH & INNOVATION eratzen duten zortzi zentroak bateratu zirenetik. Hala, etorkizuneko sare elektrikoak osatuko dituzten ekipo eta sistemetarako azpiegitura esperimental berria industriaren eta komunitate teknologikoaren eskura jarriko du Tecnaliak.

Energia elektrikoa energiaren ardatz eraginkor gisa indartzeko helburua hartu du Tecnaliak, eta sorgailuen eta kontsumitzaileen beharrei denbora errealean erantzuteko gaitasuna eman nahi dio. XXI. mendearen beharrizanei erantzuten die horrela Tecnaliak.

Energia faktore estrategikoa eta lehiakortasunekoa da edozein herrialde, eskualde edo enpresarentzat, eta enplegua eta aberastasuna sortzeko aukera ematen du. Jarduera-sektore horrek erronka berriak izango ditu XXI. mendean. Testuinguru horretan, sare adimendunak (edo smart grid-ak) eta energia berriztagarriak Europako ikerketa-zentroen lehentasun bilakatu dira, merezimendu osoz eta enpresen eta gizarte osoaren beharrarengatik; inbertsio handiak aurreikusi dira Europan datozen 15 urteetarako.

Euskal Autonomia Erkidegoan ekimen berritzaile bat ari dira garatzen Eusko Jaurlaritza, Energiaren Euskal Erakundearen bidez, eta Iberdrola. 60 milioi euroko inbertsioa izango du, eta Bilbo eta Portugaleten egingo da; 1.100 transformazio-zentro baino gehiago egokitu beharko dira, eta punta-puntako ekipo elektronikoak gehituko zaizkie; 410.000 biztanle baino gehiagori zerbitzua ematen dieten 230.000 kontagailu baino gehiago berriztatuko dira. Eusko Jaurlaritzak abiarazi duen Lidera estrategiakoak dira proiektu hori eta Tecnaliak gaur aurkezten dituen instalazio berriak; EAEko sektoreko enpresak teknologia berri horietan indartzea da estrategia horren helburua.

Tecnalia erreferentzia da energiaren sektorean, eta hala erakusten du Ingrid izeneko azpiegitura berriak. Instalazio berri horiek bereziak dira, zerbitzu integrala eskaintzen baitute. Esperimentaziorako plataformak eskaintzen dizkie industriari eta unibertsitate eta ikerketa-zentroei, eta, horri esker, zerbitzuak, garapenak eta ikerketak garatu ahal izango dira, betiere energia elektrikoa modu eraginkor eta adimendunagoan kudeatzeko: sorkuntza berriztagarrirako ekipoak eta kudeaketa-sistemak, azken kontsumitzailearen kontagailuak eta garraioa eta banaketa.

Nabarmena da azpiegitura hori gure artean izatea zer-nolako aukera den, funtsezko oinarri teknologikoa izango baita datozen urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan garatuko diren proiektu enblematikoetarako (adibidez, Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak garatuko duten Sare Adimendunaren Proiektua). Bestalde, sektore elektrikoko EAEko enpresa-ehun indartsuari lagunduko dio mundu mailan berritzaileak eta lehiakorrak izango diren produktuak garatzen.

Zer egiteko aukera emango dute instalazio berriek?

Ingridek lau lan-eremu handi izango ditu, sare elektriko adimendunetarako beharrezkoak diren sistema elektrikoen, elektronikoen eta komunikaziokoen teknologietan esperimentatzeko:

•1. Sare elektrikoetarako ekipo eta osagaiak

Sare elektrikoek behar duten sofistikazioa eta kontrola direla eta, gero eta ekipo fidagarri, zehatz eta seguruagoak behar dira. Arlo honetan, material eta ekipamendu elektrikoak, babes-, kontrol- eta neurketa-sistema elektronikoak eta potentzia handiko bihurtze-teknologia berriak ikertuko dira.

•2. Sare elektriko adimendunak

Arlo honi esker, smart grid-etarako kudeaketa- eta komunikazio-sistemak garatu ahal izango dira, energia berriztagarrien eta sorkuntza banatuko iturriak elkarren artean lotzeko algoritmoak probatuko dira, eta banaketa-sarearen hornikuntzaren kalitatea hobetuko da.

Energia biltegiratzeko teknologiak garatu eta probatzeko plataforma bat izango da.

•3. Energia berriztagarrietarako sistema elektrikoak

Energia berriztagarriak erabakigarriak dira etorkizuneko sare elektrikoetan, eta, horrexegatik, behar-beharrezkoa da energia berriztagarrien sorkuntza- eta bihurtze-sistemak (energia eolikoa, eguzkiarena eta itsasoarena) ikertuko dituen arlo hau.

•4. Energia elektrikoaren kontsumoaren kudeaketa adimenduna

Elektrizitate-eskaera eta eraikuntza-eremuko energia-kudeaketa aztertuko dira.

Ibilgailu elektrikoarentzako plataforma espezifikoa garatuko da, arlo estrategikoa baita Europan. Ibilgailu elektrikoetarako proba-sistema integratu bat egin nahi da, honako alderdi hauek aztertu eta garatzeko ibilgailu horiek gizartean hedatzen diren unerako: karga optimizatzeko aplikazioak, komunikazio-saiakuntzak, protokoloak eta potentzia-elektronikako saiakuntzak zenbait ingurunetan.

Smart grid-ek, beren eredu eta fase guztietan, edukiko dituzten funtzio berri guztiak bateratuko dituen lehenengo instalazioa izango da Europan.

Laburbilduz, nazioarteko erreferente izango da Ingrid sortzen den unetik beretik, eta gaur egun herrialdean dauden gaitasun teknologikoak osatuko ditu.

Instalazio berrien ezaugarriak

Instalazio berriak Bizkaiko Parke Teknologikoan egongo dira, Tecnaliak honetarako berariaz erosi duen 10.000 m2 zabaleko lursail batean Eraikinak 3.500 metro izango ditu, eta jasangarritasunaren adibide izango da energiaren eta eraikuntzaren aldetik.

Jakintza BPG bihurtzeko bidean Tecnaliak egiten duen urrats berria izango da hau, baita munduan erreferente teknologikoa izateko, Espainiako Energia Eletrikoaren sektoreko I+G+baren buruan izaten segitzeko moduko Europako azpiegitura bakarrarekin. Ideia aparta da Ingrid, eta errealitate bilakatzear dago.

Aurreikuspenen arabera, 2015. urterako martxan izango da Ingrid.

Datozen asteetan hasiko dira lanak, eta lehenengo fasea 2012.aren amaieran bukatuko da. Lehenengo fase horrek 14 milioiko inbertsioa izango du. Gaur egun, Tecnalia bigarren fasea diseinatzen ari da.

 

Iruzkin bat
  • @miguelramos1978
    2011.eko apirilak 07

    Comentario de Twitter:
    iberdrola + Tecnalia + GV Las primeras instalaciones de Europa para la investigación de redes eléctricas inteligentes http://bit.ly/eiErta

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)