Eu

Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet eta Ordizia larunbatean Altamiran (Ordizia) lehiatuko dira Euro Basque Rugby Challenge-Euskal Errugbi Ligaren lehen edizioa eskuratzeko

2019.eko irailak 04
  • Mugaz gaindiko proiektu hau Eusko Jaurlaritzak eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak bultzatua da, Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko (Errugbi 64 Departamentu Batzordea) errugbi-federazioekin batera.

 

Gasteiz, 2019/09/4

Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet eta Ordizia larunbatean Altamiran (Ordizia) lehiatuko dira Euro Basque Rugby Challenge-Euskal Errugbi Ligaren lehen edizioa eskuratzeko helburuarekin. Mugaz gaindiko torneo honen lehen irabazlea honako hauen arteko norgehiagoketetan erabakiko da: eguerdian, Biarritz Olympique eta Aviron Bayonnais (12:00ak, ETB-4) eta, arratsaldean, Anglet eta Ordizia (16:00ak). Talde horiek bi partidetan lortzen dituzten puntuazioen arabera eta lehiaketan zehar izandako emaitzen arabera erabakiko da irabazlea.

EBRC-Euskal Errugbi Ligako 1. Serieko lehen edizio honen irabazlea, hasiera batean, partida bakarreko finalean erabaki behar bazen ere, sailkapeneko parekotasunagatik eta Biarritzen antolatutako G-7 gailurraren ondorioz (hiru partida bertan behera geratu ziren) formatu honetan erabakiko da. Nolanahi ere, EBRC-Euskal Errugbi Ligako Kirol Batzordearen erabaki horrek ikuskizun bikoitza ekarriko du azken jardunaldi honetan. “Hasierako asmoa zen Ordiziako Altamira estadioak final bakarra hartzea, baina torneoaren garapenak planak aldatzera behartu gaitu. Uste dugu torneoaren lehen edizio hau modurik hoberenean itxiko dela, maila handiko bi partidarekin, barne dela Biarritz Olympique eta Aviron taldeen arteko derbia. Horretan, talde horietako espoir-ek (23 urte azpikoen promesek, txapelketan zehar protagonismo handia hartu dutena bi taldeetan) ez ezik, haien lehen taldeetako jokalari profesionalek hartuko dute parte. Euskal errugbiaren jai handi bat izango da eta zaleak bertaratzera animatu nahi ditugu”, adierazi du Iñaki Laskurain Euskal Errugbi Federazioko presidenteak.

Txapelketa

EBRC-Euskal Errugbi Ligaren lehen edizioa proiektu pilotu moduan antolatu da, ligaxka-formatuan, abuztuaren 17tik irailaren 7ra bitartean. A taldean, Aviron Bayonnais, Hernani eta Getxo taldeak lehiatu dira, eta B taldean, berriz, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet, Ordizia eta Bera taldeek parte hartu dute. Proiektu honen antolatzaileen asmoa da berori finkatzea eta datozen urteetan lehiaketa zenbait hilabetez luzatzea.

Mugaz gaindiko proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak bultzatua da, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko (Errugbi 64 Departamentu Batzordea) errugbi-federazioekin batera. EBRC-Euskal Errugbi Ligak emakumezkoen lehiaketa izango du ere, baita 2. Serie bat ere, datozen hilabeteetan aurkeztuko direnak. Lehenengo urtea izanik, lehiaketa guztiak liga murriztuaren formatuan egingo dira, baina helburua da proiektu honek datozen urteetan hazten jarraitzea.

Kirolaren ikuspegitik, proiektu honen asmoa da euskal errugbia indartzea, Iparraldeko taldeen maila baliatuz, eta, era berean, Iparraldeko taldeei aukera ematea masa sozialean eta harrobian hazteko, biztanleria aldetik Hegoaldean horretarako aukerak baitaude. Horrez gain, kirol-esparruaz haratago, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik adierazi dutenez, ekimenak aukera emango du “kultura bat eta hizkuntza bat partekatzen dugun beste lurralde batzuekin harremanak estutzeko”, kirolaren eta errugbiaren inguruan. Era berean, ekimen honek aukera emango du Euroeskualdearen eta Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria ardatzaren proiektua Europan indartzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak