Eu

Marian Olabarrieta: “argazkia, desgaitasuna duten pertsona guztien integrazioa eta gizarte bidezkoagoa lortzeko ebidentziaren euskarria”

2019.eko irailak 03
  • ONCEren XVIII Argazki Lehiaketaren argazkiak Gasteizen ikusgai
  • 57 herritatik 500 bat argazkilarik bidalitako 1400 argazkien aukeraketa Araba Aretoan irailaren 26a arte.

VG 2019 09 03

Marian Olabarrieta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Zerbitzuetako zuzendariaren iritziz, “ONCEk ikusteko, entzuteko, mugitzeko eta beste handicap batzuetarako zailtasunak dituzten pertsonen arloan etengabe egin ohi dituen ekimenen bidez, gizarte-kohesio handiagoa lortzen da. ONCEk 80 urte baino gehiago daramatza lanean, eta urte horiek guztiak lan horren adibide dira eta Europa osorako erreferente”.

Olabarrietak azaldu duenez, “Denentzako mundua, ezintasunak gainditzen izeneko argazki-erakusketa hau oraingoan Araba aretoan dago; Eusko Jaurlaritzaren laguntza du, gizarte bidezkoago, aurreratuago eta solidarioago horretan pertsona bakoitzaren integrazioa helburu duen erakunde solidario eta humanista horrek sustatzen dituen beste ekintza batzuek bezala”.

“Gaur, zehazki, irudia, erretratua edo argazkia ebidentziaren euskarri dira. 50 irudi hauetako edozeinek pentsarazten dio behatzen edo interpretatzen dituenari aurrera egin daitekeela, ez dagoela mugarik eta gurea bezalako gizarte aurreratuak bertako kide guztien gizarte- eta lan-inklusioa eta gizarteratzea eta laneratzea sustatu eta horretarako bide eman behar duela. Argazkietan islatzen den adierazpen eta adibide horrek, pertsona guztien integrazioa lortzeko, gizarte bidezkoagoan pentsarazi behar digu”, esan du Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak.

ONCE Euskadiko “denontzako mundua, desgaitasunak gainditzea” leloa daraman XVIII Argazki Lehiaketaren argazkien aukeraketak osatutako erakusketak ateak ireki ditu Gasteizko Vital Fundazioa Erakusketa Guneko Araba Aretoan (Postas kalea 13-15). Erakusketarako aukeratuak izan diren irudiak ikusgai egongo dira datorren irailaren 26a arte.

Aurkezpen ekitaldian hartu dute parte Juan Carlos Anduezak, ONCE Euskadiko lurralde Ordezkariak;  Rafael Ledesmak, ONCE Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidenteak; Emilio Solak, Arabako Gizarte Zerbitzuen Diputatuak; Livia Lopezek, Gasteizko Udaletxeko Osasun Publikoko zinegotziak; Marian Olabarrietak, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendariak;  eta Axier Urrestik, Vital Fundazioaren zuzendari orokorrak.

XVIII Argazki Lehiaketaren sarituen zerrenda honakoa da (ikusgai dago www.oncefoto.es atarian). 1. Saria: Przemyslaw Kot (Polonia) “Quiet lake” lanagatik; 2. Saria: (Italia) Samuel Boldrin “Paralimpic swim 03” lanagatik; 3. saria: Xuan Han Nguyen (Vietnam) “Passion and Practice” lanagatik. ONCEko Afiliatua Saileko Aipamena: Carme Olle (Bartzelona) “ Volando” lanagatik; Gaitasuna Gutxitutako Saileko Aipamena: Jordi Cañizares (Viladecans, Bartzelona) “Creciendo” lanagatik.

 Euskadiko Argazkilaririk Hoberena: Oscar Manso (Vitoria- Gasteiz) “The Game” lanagatik; 2. Euskadiko Argazkilaririk Hoberena: Oskar Gaskon(Irún) “La Estupa” lanagatik;  3. Euskadiko Argazkilaririk Hoberena:Carlos De Cos (Soraluze)  “El Pasillo” lanagatik.

 Guztira 1377 lan aurkeztu dituzte 57 herritako 466 argazkilarik lehiaketara. Argazki gehien bidali dituzten herriak Espaniaz gain, Irango Islamiar Errepublika, Federazio Errusiarra, Vietnam eta Bangladesh izan dira. Epaimahaia osatu dute Juan Armentiak, Euskadiko Argazki Elkarteen Federazioaren Presidenteak, eta harekin batera Ibai Armentia eta Jose Ramon Varela argazkilariek.

ONCE Euskadiren Argazki Lehiaketa 2001ean jarri zen abian argazkilarien lanak ezagutzera emateko, beti ere ezintasunak gainditzen diztuzten adibideak erakustearren. 2003an Lehiaketak nazioarteko maila jaso zuen Espaniako Argazki Konfederazioaren laguntzari esker, eta 2010ean mundu osoari ireki zizkion ateak Nazioarteko Argazki Artearen Federazioari esker. ONCE Euskadik antolatutako Argazki Lehiaketa aurrera atera ahal izateko Eusko Jaurlaritzak, Vital Fundazioen laguntza izan du; baita Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien Gizarte Ekintza sailena ere. Gipuzkoako Argazki Elkarteak, Espainiako Argazki Konfederazioak eta FIAP-ek (Fedération Internationale de l´Art Photographique) ere lagundu dute.

“Denontzako mundua, desgaitasunak gainditzea” argazki erakusketa ikusgai egongo da Gasteizko Araba Aretoan, irailaren 26a arte ondoko ordutegian: 18.00etatik 20.30etara (astelehen larunbata bitartean);12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.30etara (igande eta jai egunetan).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Rafael ldesma, Juan Carlos Andueza, Emilio Sola, Livia López, Asier Urresti