Elkarlan Sariak
Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak
qrcode

Arrakastaz osatu da lineako tunelaren lehendabiziko kalea Bentaberrin

2019-09-02
  • Topoaren lur azpiko saihesbideak beste pausu garrantzitsu bat gainditu du, obraren bi lan guneren bat egitez: Mirakontxatik hondeaturiko lineako tunelak eta Zarautz Etorbidetik eginikoak 
  • ETSk amaiera eman die Bentaberriri, Antiguari eta unibertsitate inguruari zerbitzua emango dien geltokia hartuko duen zuloaren hondeaketa lanei
  • Arantxa Tapiak lanen aurrerapena egiaztatu du, eta “zulaketa fase berrien hasiera” iragarri du, “Zarautz Etorbidetik Lugaritzen egungo sarearekin bat egin arte, eta Pio Barojatik Erdialdea-Kontxa geltoki berrira”

Euskal Trenbide Sareak gaur goizean egin du Topoaren trenbide saihesbidearen Lugaritz-Mirakontxa tartearen lineako tunelaren bi lan eremuen arteko kalea edo bat egitea. Obraren une garrantzitsu horrek, lur azpiko trenbidea Antiguara ala Erdialdea-Kontxara eramango duten lanen aurrerapena erakusten du. Lan horiei esker, amaiera emango zaio Easoko egungo terminalaren zaku-hondo izaerari, lur azpiko igarotze geltoki bilakatuz.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburua, Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Eneko Goia, Donostiako Alkateak, Antonio Aiz, Garraio eta Azpiegitura sailburuordeak, eta Aitor Garitano ETSko zuzendari nagusiak lagunduta, Pio Barojatik zetorren hondeamakinak harkaitzaren azken zatia eraitsi duen eta Bentaberriko geltokia hartuko duen haitzuloan agertu den unearen lekuko izan da. Kalea edo bat egitea 50 metro inguruko sakoneran izan da, Zarautz Etorbidearen parean.

Kalea edo bat egitea izan den puntura heltzeko, ordezkaritzak Zarautz Etorbideko eraso arrapalatik sartu eta dagoeneko hondeaketa lanak amaiturik dituen Bentaberriko geltokiaren zuloa zeharkatu behar izan du. Zuloaren dimentsio handiek, 96 metro luze, 185 metro karratuko hondeaketa sekzioa, 13 metro altu, 16 metroko zabal, eta 18.000 metro kubiko lur aterata, harriturik utzi dituzte bertara hurbildu direnak.

Kalearen edo bat egitearen irudia atzean eta haitzuloaren handitasuna aurrean zituela, Arantxa Tapiak obratan parte hartu duten guztien esfortzua eskertu eta lan horien izaera estrategikoa azpimarratu du, “herritarrei emango dien zerbitzuarengatik eta gainazalean Donostiari ekarriko dizkion aukerengatik, eta baita Gipuzkoaren ekialde-mendebalde ardatzean ere, mugikortasunaren ikuspegitik emango den iraultzagatik, mugikortasun iraunkorra edozein gizarte modernoren etorkizuna ezinbesteko ezaugarria baita, euskal gizartean bezalaxe”.

Lugaritz – Mirakontxa (1. tartea)

Lugaritz-Mirakontxa tartearen 2.140 metroetatik 1.260 metro hondeaturik daude jadanik. Bihartik aurrera labaki makina horrek obra utziko du, eta beste makina bat sartuko da, Zarautz Etorbideko eraso arrapalatik labaki lanak egiteko Lugaritz noranzkoan, egungo trazatuarekin bat egin arte. Benta Berri plazara heltzen den sarrerako kanoia, 126 metrokoa, hondeaturik dago jadanik, eta Xalbador bertsolaria kalekoa, 107 metro luze dena, ere hondeaturik dago, aire zabalera irtetearen faltan. Datozen hilabeteetan egingo diren lanak, kanoietan, haitzuloan eta Pio Baroja norabideko lineako tunelean hormigoia botatzea izango dira.

Mirakontxa – Easo (2. tartea)

Mirakontxa-Easo tarteak dituen 2.087 metroetatik, horietatik 127 aire zabalean, 400 metro inguru hondeatu dira, Easo plaza pareraino. Easo-Amarako geltokia hartuko duen zuloan, amaiera eman zaie 135 metro luze den Autonomia kanoiaren hondeaketa lanei, kaleko azalerarekin egin beharreko kalearen faltan, eta baita Osasun kalearekin lotuko duen igogailuarekin izan behar duen konexioa ere. Halaber, destroza fasearen hondeaketa lanak ari dira egiten Easo-Amara haitzuloan, eta terminal horrek Morlanseko muturretik duen irteerarekin lotuko duen tunelaren tartea ere egiten ari da.

Denbora gutxi barru hasiko dira lineako tunelaren hondeaketa lanak Pio Barojako erasoko arrapalatik, Erdialdea-Kontxa geltokia egongo den tokiraino; bertan, une honetan, aire zabalean ari dira lanak egiten, Easo kalean, sarrerako ahoetako batean. Piloteak jartzeko lanek erritmo egokia daramate, eta Eguberrietarako amaiturik egongo direla aurreikusten da.

Lugaritz-Easo trenbide saihesbidea 4,2 kilometro da luze, eta aurrekontu orokorra 180 milioi eurokoa da, Eusko Jaurlaritzak osorik finantzaturikoa. Hiru geltoki berri planteatzen ditu: Bentaberri-Antiguo, Erdialdea-Kontxa eta egungoa ordeztuko duen Easo-Amara. Guztiek ere estilo modernoa, garbia eta funtzionala izango dute, Intxaurrondon eta Altzan ezarritako diseinuari jarraituz

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Markel Olano (Gipuzkoako ahaldun nagusia); Eneko Goia (Donostiako alkatea)