Eu

Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez, 3.200.000 euro zuzenduko dizkie enpresei beren langileei ‒35etik gora direnean‒ prestakuntza emateko

2019.eko abuztuak 29
  • Ia hamabi mila pertsona izango dira onuradun

 

DSS 2019 08 29

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Lanbideko Administrazio Kontseiluaren akordio-proposamenaren berri eman dio Donostiako Miramar jauregian bildutako Gobernu Kontseiluari. Akordio horren bidez, onetsi egiten da 2019ko ekitaldirako diru-laguntzen deialdia Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatuko dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoak burutzeko. Aurrekontu-zuzkidura 3.200.000 eurokoa da; kopuru horretatik 1.600.000 euro 2019ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.600.000 euro 2020ko konpromiso-kredituari.

Erakunde onuradunak 35 langile baino gehiago dituzten enpresak izan daitezke, lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan dutenak, haien langileentzat prestakuntza antolatzen dutenak eta, hala badagokio, elkartuta dauden enpresa-taldeetako langileentzat, betiere enpresa parte-hartzaileek guztira 50 langile edo gehiago dituztenean.

Eskaerak paperezko euskarrian eta euskarri informatikoan aurkeztuko dira, Hobetuzek www.hobetuz.eus emandakoan. Hilabete batekoa izango da epea, deialdia EHAAen argitaratu ondorengo egunetik hasita, aurreikusita dagoen bezala Lanbidek irailaren 3an onetsi eta gero. Prestakuntza-ekintzak parte-hartzaile bakoitzeko eta prestakuntza-ordu bakoitzeko kostuaren arabera finantzatuko dira, erakunderako eta dagokion espezialitaterako aurreikusitako modulu ekonomikoei jarraituta. Ekintzak emateko modalitatea presentziala, tele-prestakuntza edo mistoa izango da.

Aurreko ekitaldian 292 Prestakuntza Plan eskatu ziren, eta 287 onetsi ziren. Aurreko ekitaldietako exekuzio-datuak kontuan hartuta, parte-hartzaileen kopurua 12.000 ingurukoa izango dela aurreikusten da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak