Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Erromara joango da egoera zaurgarrienean dauden migratzaileei eta errefuxiatuei buruzko Share Programa Vatikanoan aurkeztera

2019.eko abuztuak 21
  • Lehendakariak Francisco aita santuaren audientzia orokorrean parte hartuko du, eta estatu idazkaria den Pietro Parolin kardenalarekin bilera izango du

Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat Erroman izango da abuztuaren 27an eta 28an, egoera zaurgarrienean dauden migratzaileen eta errefuxiatuen errealitateari erantzukidetasunez erantzuteko estatuz azpiko Europako hainbat gobernuk izenpetutako ekimenari, Share Proposamenari, buruzko xehetasunak Vatikanoan aurkezteko.

Erromara egingo duen bisita ofizialean, Iñigo Urkullu Aita Santuaren audientzian izango da. Horrez gainera, Vatikanoko estatu-idazkariarekin, Pietro Parolin kardenalarekin, ere elkartu ahal izango da. Kardenalarekin 2017ko urtarrilean ere elkartu zen Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planeko jarduera-ardatz nagusiak aztertzeko. Estatu-idazkaria Aita Santuaren laguntzaile nagusia da Elizaren gobernuan, bai eta Egoitza Santuko jarduera diplomatikoaren eta politikaren arduradun nagusia ere.

Lehendakaria buru izango duen ordezkaritza osatuko dute Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak eta Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernándezek.

Share Proposamena

Share Proposamenaren edukiak planteatzen du konpromiso bat hartzea migrazioaren erronkari erantzuteko. Zehazki, proposatzen du mekanismo zehatz bat adostea errealitate zailenen aurrean erantzukizunaren banaketa partekatzeko. Ahalegina banatzeko formula hiru parametrotan oinarritzen da: zerga bidezko diru-sarrerak (edo batez besteko errenta eskuragarria, edo BPG), % 50eko eraginarekin; biztanleria, % 30eko eraginarekin; eta langabezia-indizea,% 20rekin.

Share Proposamenaren aplikazioa zeharka proiekta daiteke, hiru gai-esparrutan gutxienez: errefuxiatuak eta asilo-eskatzaileak, migratzaile ekonomikoak larrialdiko, zaurgarritasuneko edo aglomerazioko testuingurutan, eta bidaiderik gabe migratzen duten adingabeak edo gazteak. Eta hori guztia Europako politika antolatua eta koordinatua sustatzeko hiru lurralde-esparrutan: EB barruko estatuen artean, Estatu bateko Herrialde edo Autonomia Erkidegoen artean, eta Autonomia Erkidego edo Herrialde bakoitzaren barruan udalerrien eta eskualdeen artean.

Share Proposamena lehendabizi Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen, iazko irailaren 19an. Ordutik, zenbait lan-bilera egin dira Espainiako Estatuan eta Europako eskualdeekin, eta  orain arte Kanarietako, Nafarroako, Kataluniako, Melillako, Euskal Hirigune Elkargoko, Atticako, Akitania Berriko eta Euskadiko gobernuek parte hartu dute.  

Share Proposamena Europako agintariei ere aurkeztu zien lehendakariak, eta bere edukiak nolabait ere osatu eta areagotu egiten ditu aurretik sustatutako ekimenak, besteak beste, korridore humanitarioen proposamena, babes komunitarioari buruzko proiektu pilotua eta pasoko errefuxiatuen edo migratzaileen harrera, Acnur, Cear-Euskadi, Gurutze Gorria, Caritas, Servicio Jesuita al Refugiado eta beste hainbat gizarte-erakunderekin eta Euskadiko eta Espainiako Estatuko erakundeekin elkarlanean garatzen direnak

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak