Eu

Vitoria-Gasteizko tranbiaren hegoaldeko luzapenaren lanek behin betiko faseari ekingo diote

2019.eko abuztuak 09
  • Abuztuaren 12tik aurrera, Ama Birjina Zuriaren jaiak amaitu ondoren, Angulema eta adar berria lotzeko lanak hasiko dira
  • Halaber, Florida, Castro Urdiales eta Nieves Cano kaleak asfaltatu egingo dira, eta aurrera jarraituko dute geralekuak unitate berrietara egokitzeko lanek

Vitoria-Gasteizko tranbiaren hegoaldeko luzapenaren lanak behin betiko fasera helduko dira datorren abuztuaren 12tik aurrera, Angulema eta adar berria lotuko dituen trenbidearen lanekin eta Florida, Castro Urdiales eta Nieves Cano kaleak erabat lehengoratuz. Tranbiaren lanek, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren 10 milioi eurotik gorako inbertsioa dute.

Ama Birjina Zuriaren jaien ondoren hiriaren erdialdean jarduerak behera egingo duenez, beste urte batzuetan bezala Euskal Trenbide Sareak (ETS), beste une batzuetan ekiteko zailak izango liratekeen lan handiak hasi ahal izango ditu, herritarrek jasan beharreko eragozpenak ahalik eta txikienak izan daitezen.

Zerbitzua ematen ari den egungo linearen eta etorkizuneko adarraren arteko konexiorako Angulema kalean egiten ari diren lanen ondorioz trenbidearen 6 eta 8 metro arteko zatia altxatu eta eraitsi beharko da, trazatua Floridarako egingo den bira berrira egokitzeko. Inguru eta epealdi berean, Angulemako geralekua egokitzeko eta handitzeko lanak egingo dira eta, ondorioz, Paz kaletik Canciller Ayala kalera dagoen sarbidea moztu beharko da. Trenbide horretara Pío XII kaletik joan beharko da, zaku hondoan. Lan guztiak egunez egingo dira.

Lanen programa berri horren ondorioz, abuztuaren 12tik irailaren 1era Angulemako amaierako geltokia moztu egin beharko da. Hiru aste horietan, metro arinaren azken geralekua Legebiltzarrekoa izango da.

Tranbiaren lanen aurrerapausoak erakutsiko dituen beste puntu bat Las Trianas zubia izango da. Abuztuaren 11tik 13ra bitarteko gauetan zubiaren oholtzaren parte bat eraitsiko da, handitzeko prestatzeko. Lan horiek gauez egin beharko dira, zubiaren azpian Adif-en trenbideak baitaude. Trenbide azpiegituren estatuko kudeatzaileak ezartzen du baldintza hori, izan ere, bestela zirkulazioak moztu beharko lituzke. Lanak 23:00etatik 05.00etara egingo dira, eta oso zaratatsuak izan daitezke. Zarata eraginak ahalik eta gehien murrizteko neurriak hartuko dira: makinak geldik egongo dira lanerako beharrezkoak ez direnean, eta langileek lekua eta ordua kontuan izango dituzte elkarren artean komunikatzeko orduan.

Jarduketaren ondorioz zubiaren ekialdeko espaloia moztu egin beharko da, eta baita Osasunaren Zubiko sarbideko eskailerakoa ere. Horretarako ibilbide alternatiboak egokituko dira.

Asfaltatzea eta gainerako geralekuen egokitzapena

Epealdi berean Florida, Castro Urdiales eta Nieves Cano kaleen behin betiko asfaltatzea eta margotzea egingo dira. Kale horien luzera kontuan izanda, lanak faseka egingo dira, eta batzuetan, behar bezala adieraziko diren behin behineko mozketak eta bestelakoak eragingo dituzte.

Geralekuak Euskotrenen unitate berrien luzerara egokitzeko eta horien irisgarritasuna hobetzeko kontratuaren nondik norakoari dagokionez, aurreikusitako egutegia betetzen ari da eta, une honetan, batera egiten ari da aurrera Arriagan, Txagorritxun, Gernikako Arbolan, Lakuabizkarran eta Wellingtonen martxan dauden lanetan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak