Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Gobernu-Kontseiluak Lehiaren Euskal Agintaritzaren lege-proiektua onetsi du (2011-04-05(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko apirilak 05

Gobernu Kontseiluak Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko lege-proiektua onetsi du. Horren bitartez, orain arte hurrenez hurren Lehiaren Euskal Zerbitzuari eta Lehiaren Euskal Auzitegiari zegozkien instrukzio- eta ebazpen-lanak bateratzen dituen administrazio izaerako erakunde autonomoa sortu da.

Aurkezpenean, Carlos Aguirre Ekonomiako sailburuak adierazi du "legeak lehia defendatzeko ardura duen erakundearen lehia-maila eta segurtasun juridikoa handitzen dituela, bai eta administrazio publikoekiko eta eragile ekonomikoekiko independentzia ere".

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko legeak lehia defendatzeko egitura indartzen du, lau organo sortuz: Lehendakaria, Lehiaren Euskal Kontseilua, Ikerketa Zuzendaritza eta Idazkaritza Nagusia.

Eredu berriak adostasun eta koherentzia handiagoa du Europar Batasunaren eremuan daudenekin, eta instrukzio- eta ebazpen-eginkizunen arteko efizientzia eta koordinazioa hobetzen du.

Honako eginkizun hauek garatuko ditu Lehiaren Euskal Agintaritzak: lehia askearen baldintzak defendatzea, lehiaren aurkako jokabideak zehatzea, lehia sustatzea eta lehia askearen alderdiak betetzen ez dituzten EAEko Administrazio Orokorraren, Foru Administrazioaren eta Toki Administrazioaren egintzak eta legea baino beheragoko xedapen orokorrak aurkatzeko aukera.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduerarekin, merkatuen funtzionamendu eraginkorragoa bultzatuko da, eta enpresa eta kontsumitzaileek prezio merkeagoak, hautatzeko aukera gehiago eta bezeroekiko arreta hobea izatea bermatuko da.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren jardueraren gardentasuna beren-beregi azaldu da Legearen III. kapituluko artikuluetan.

Gobernu Kontseiluak Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko lege-proiektua onetsi du gaur, eta berezko nortasun juridikoa duen administrazioko erakunde autonomoa izango da hori. Legeak bermatu egiten du erakunde berria independentea izango dela administrazio publikoekiko eta eragile ekonomikoekiko, erakunde- eta funtzio-autonomia izango dituelako.

Gaur egun EAEk Lehiaren Euskal Auzitegiaren eta Lehiaren Euskal Zerbitzuaren esku ditu erabaki- eta kontsulta-eginkizunak, eta instrukzio-eginkizunak, hurrenez hurren. Lege-proiektu honekin erakunde bakar batean bateratu dira instrukzio- eta erabaki-eginkizunak, nahiz eta zehapen-prozeduraren ebazpen- eta instrukzio-faseak bereizten jarraitzen duen. Sistema hau hobeto dator bat administrazioko erakundeen jardueran nagusitu behar diren ekonomia eta efizientzia printzipioekin.

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak adierazi du legeak "lehia defendatzeko ardura duen erakundearen lehia-maila eta segurtasun juridikoa indartzen dituela". Orain arte dekretuen bitartez arautu izan da Lehiaren Euskal Auzitegiaren funtzionamendua, eta orain Eusko Legebiltzarrak zehaztuko du erakundearen arau-eremua.

Carlos Aguirreren iritziz, "lehiaren defentsa garapen ekonomikoaren oinarrizko printzipioa da, ondare eta zerbitzuen prezio eta kalitatea hobetzen ditu, eta funtsezko suspergarria da gizarteak aurrera egiteko. Halaber, lehia askearen inguruneak kontsumitzaile eta erabiltzaileen ongizatea eragiten du, eta enpresak babesten ditu, horiexei egiten baitiete kalte handiena lehiaren aurkako jardunbideek".

Orain arte Lehiaren Zerbitzuak eta Auzitegiak osatutako binakako ereduarekin alderatuz funtzionalki indar handiagoa izateko asmoz pentsatu da Lehiaren Euskal Agintaritzaren egitura berria. Lege honekin lau organoko egitura berria ezarri da: Lehendakaria Sailburuordetzaren maila izango duena, Lehiaren Euskal Kontseilua, Ikerketa Zuzendaritza eta Idazkaritza Nagusia. Eredu berriak adostasun eta koherentzia handiagoa izango du Europar Batasuneko hainbat herrialdetako eremuetako diseinuarekin.

Lehendakaria kide bakarreko organoa izango da, eta Lehiaren Euskal Agintaritza zuzendu eta ordezkatzea izango da bere lana. Lehiaren Euskal Kontseilua sustapen, ebazpen eta irizpenerako kide anitzeko organoa izango da; lehendakariak, bi kontseilukidek eta idazkari nagusiak osatuko dute, eta laguntza material, administratibo eta teknikoa emateko organoa izango da, baita aholkularitza juridikokoa ere. Azkenik, Ikerketa Zuzendaritzak instrukzioa egiteko eginkizunak izango ditu.

Kontseilukideek ez dute arduraldi esklusiborik izan beharko eta, horrela, errazagoa izango da izen eta prestakuntza handiko profesionalak kontratatzea, bestela ezin izango bailitzateke. Azken batean, aldaketa hau eginda Lehiaren Euskal Agintaritzaren egitura indartsuagoa da gaur egun indarrean dagoen ereduarekin alderatuz. Beraz, berrikuntzei esker, Agintaritzaren gaitasuna handituko da, efizientzia hobetuko da (koordinatuta lan egiten delako) eta instrukzioaren eta ebazpenaren arteko independentzia bermatuko da.

Jaurlaritzak izendatuko ditu lehendakaria, kontseilukideak eta Ikerketa Zuzendaritzako kideak. 6 urteko agintaldia izango dute eta, beraz, karguaren indarraldia eta legegintzaldia ez dira bat etorriko.

Eginkizun hauek garatuko ditu Lehiaren Euskal Agintaritzak: lehia askearen baldintzak defendatu, bermatu eta hobetzea, eta merkatuan gardentasuna ezartzea. Halaber, lehiaren aurkako jokabideak, nagusitasunezko egoeraren abusu-egoerak eta lehia desleialeko egintzatzat jotzen direnak ere zehatuko ditu. Lehiaren Euskal Agintaritzak ahalmena izango du administrazio-zuzenbideari loturik dauden EAEko Administrazio Orokorraren, Foru Administrazioaren eta Toki Administrazioaren egintzak eta legea baino beheragoko xedapenak aurkatzeko, horien bidez merkatuetako lehia mantentzeko oztopoak eragiten badira.

Sektore eta merkatuen ikerketa orokor eta berariazkoa eta lehiaren arloan duten funtzionamendua ere Lehiaren Euskal Agintaritzak landu beharreko atalak izango dira.

Helburu horiek lortzeko, ikerketa-ahalmena izango du Agintaritzak. Agintaritzako kideak agintaritzaren agenteak izango dira, eta enpresetako langileen etxeetan ere egin ahal izango dituzte ikuskapenak, baimen judiziala badute. Pertsona fisiko eta juridiko guztiek izango dute agintaritzarekin lankidetzan aritzeko beharra.

Legearen III. kapituluan bereziki aipatzen da Lehiaren Euskal Agintaritzaren jardueren gardentasuna. Ebazpen guztiak eta jarduera-memoria erakundearen web gunean argitaratuko dira, eta aldian-aldian Eusko Legebiltzarrean agertu beharko da, bere jardueraren oinarrizko ildoak aurkezteko.

Legeak dioenez, Legea onetsi eta gehienez sei hilabeteko epean hasiko da Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduera, funtzionamendu-erregelamendua arautuko duen estatutua indarrean sartzean. Momentu horretan iraungita geratuko dira Lehiaren Euskal Auzitegia eta Zerbitzua, eta Lehiaren Euskal Agintaritzak hartuko ditu horien espediente, eskubide eta betebeharrak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan