Eu

Lide Amilibia: “Bizitegi-zentroen dekretuak Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien, sindikatuen, patronalaren, elkargo profesionalen eta hirugarren sektore sozialeko erakundeen ordezkariek osatzen duten Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuraren babesa du”.

2019.eko abuztuak 08
  • Onartu zutenean aldeko 20 boto, aurkako 1 eta 2 abstentzio jaso zituen.

VG 2019 08 08

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzak joan den hilaren 30ean onartu zuen Bizitegi-zentroen dekretuak Eusko Jaurlaritzaren, hiru foru-aldundien, Eudelen, sindikatuen, patronalaren, elkargo profesionalen eta hirugarren sektore sozialaren ordezkariek osatzen duten Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuraren babesa du. Onartu zutenean aldeko 20 boto, aurkako 1 eta 2 abstentzio jaso zituen”.

“Dekretua luze eta zabal eztabaidatu eta landu dute hainbat hilabetetan, eta Gizarte Zerbitzuen Eusko Kontseiluak zirriborroa bere denbora hartuta aztertu ondoren eman zuen nahitaezko txostena. Dekretuaren edukia abangoardiakoa da Europan. LAB eta CCOO ez ziren Kontseiluaren bileran izan, ez zuten ezin zirela joan adierazi eta ez zioten ekarpenik egin dekretuari”, adierazi du Amilibiak. Bilera horretan dekretuak aldeko 20 boto, 2 abstentzio eta aurkako boto bat (ELA) jaso zituen.

Eusko Jaurlaritzak onartutako adinekoentzako bizitegi-zentroen dekretuak adinekoentzako bizitegi-zentro guztiek bete beharko dituzten eskakizun materialak, funtzionalak eta langileen arlokoak arautzen ditu. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroan aurreikusten diren eskakizun horien helburua kalitatezko egoitza-zentroak, zerbitzuak, jasotzeko eskubidea bermatzea da.

Egoitza-zentroen dekretu berriak adinekoen ongizatea eta arreta egokia bermatuko ditu eta adinekoentzako bizitegi-zentro guztiek, titularitate publikokoek nahiz pribatukoek, bete beharko dituzten eskakizun materialak, funtzionalak eta langileen arlokoak arautuko ditu. Era berean, zentroen jardunean beteko diren printzipio orokorrak ere jaso dira dekretuan, bai eta erabiltzaileak nor izango diren eta erabiltzaile horien eskubideak eta betebeharrak ere.  Eraikiko diren zentro berriek banako logela gehiago izan beharko dituzte.

Berrikuntzak forman eta funtsean egin dira: dekretua arreta indibidualizatuaren, pertsona ardatz duen, laguntzaren kalitatea bermatzen duten gutxieneko batzuk dituen eta hurbileko eta kalitatezko tratua ematen duen filosofiara egokitzen da.  Bestalde, hobetu egin dira zuzeneko arretaren langile-ratioak.  

Dekretuan aurreikusten da sortuko diren zentro berri guztiek banako logeletan izan beharko dituztela plaza guztien % 75; gaur egun % 25 dira. Logela berriak handiagoak izango direla ere ezartzen da, eta banakoak 10-13 metro karratukoak izango dira eta bikoitzak 14-19 metro karratukoak.

Dekretuaren oinarrizko helburua da eguneroko bizitzako jarduerak egiteko beharrezko laguntza pertsonala eta zaintzak bermatzea erabiltzaileei, baina autonomia pertsonala mantenduta; eta adinekoek ingurune komunitarioarekiko harremanei eustera bideratutako jarduerak garatzea, familiarekiko, gainerako egoiliarrekiko edo egoitza-ingurunetik kanpoko jendearekiko harremanei eustea eta zentroaren bizimoduan parte hartzea, haien segurtasun-sentimendua sustatuta.

Euskadi Europako herrialderik aurreratuenetako bat da adinekoen arretan eta ahalduntzean eta ematen zaien zerbitzuan, bertako kudeaketari eta politika instituzionalei esker. Dekretuak hasieratik behartuko ditu eraikiko diren bizitegi-zentroak. Jada abian dauden zentroei bi urteko epea emango die langileen arloko eskakizunetara eta eskakizun funtzionaletara egokitzeko. Horrez gainera, jada abian daudenek ez dituzte dekretuak jasotzen dituen eskakizun materialak bete beharrik izango, eraikiko direnei bakarrik ezarriko baitzaizkie.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak