Eu

Beatriz Artolazabal: “Adinekoentzako bizitegi-zentroen dekretu berriak adinekoen ongizatea eta arreta egokia bermatuko ditu”

2019.eko uztailak 31
  • Dekretuak hasieratik behartuko ditu eraikiko diren bizitegi-zentroak.
  • Jada abian dauden zentroei bi urteko epea emango die langileen arloko eskakizunetara eta eskakizun funtzionaletara egokitzeko, eta zentro horiek ez dituzte eskakizun materialak bete beharrik izango, eraikiko diren zentro berriei bakarrik ezarriko baitzaizkie.

VG 2019 07 31

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azpimarratu duenez, “adinekoentzako bizitegi-zentroen dekretu berriak adinekoen ongizatea eta arreta egokia bermatuko ditu eta adinekoentzako bizitegi-zentro guztiek, titularitate publikokoek nahiz pribatukoek, bete beharko dituzten eskakizun materialak, funtzionalak eta langileen arlokoak arautuko ditu”. Era berean, zentroen jardunean beteko diren printzipio orokorrak ere jaso dira dekretuan, baita eta erabiltzaileak nor izango diren eta erabiltzaile horien eskubideak eta betebeharrak ere.

“Eraikiko diren zentro berriek banako logela gehiago izan beharko dituzte. Berrikuntzak forman eta funtsean egin dira: dekretua arreta indibidualizatuaren, pertsona ardatz duen, laguntzaren kalitatea bermatzen duten gutxieneko batzuk dituen eta hurbileko eta kalitatezko tratua ematen duen filosofiara egokitzen da”, ñabartu du sailburuak.

Bestalde, hobetu egin dira zuzeneko arretaren langile-ratioak. Dekretuan aurreikusten da sortuko diren zentro berri guztiek banako logeletan izan beharko dituztela plaza guztien % 75; gaur egun % 25 dira. Logela berriak handiagoak izango direla ere ezartzen da, eta banakoak 10-13 metro karratukoak izango dira eta bikoitzak 14-19 metro karratukoak.

Dekretua lankidetza estuan egin dute Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundietako eta Eudeleko ordezkari politikoek eta teknikariek. Oinarrizko helburua da eguneroko bizitzako jarduerak egiteko beharrezko laguntza pertsonala eta zaintzak bermatzea erabiltzaileei, baina autonomia pertsonala mantenduta.

Hobekuntzak

Dekretuaren helburua da adinekoek ingurune komunitarioarekiko harremanei eustera bideratutako jarduerak garatzea; familiarekiko, gainerako egoiliarrekiko edo egoitza-ingurunetik kanpoko jendearekiko harremanei eustea eta zentroaren bizimoduan parte hartzea, haien segurtasun-sentimendua sustatuta.

“Euskadi Europako herrialderik aurreratuenetako bat da adinekoen arretan eta ahalduntzean eta ematen zaien zerbitzuan. Ekintzak eta neurriak etengabeak dira: Nagusi Agenda, Gobernantza, Euskadi Lagunkoia, 2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategia dira Euskadin biztanleriaren egiturarekin bat datorren gobernantza-eredua sortuko duen gizarte-aldaketa eta antolamendukoa sustatzen dutenak.  

Dekretuak hasieratik behartzen ditu eraikiko diren bizitegi-zentro berriak, eta hori garrantzitsua da. Jada abian dauden zentroei bi urteko epea ematen die langileen arloko eskakizunetara eta eskakizun funtzionaletara egokitzeko. Horrez gainera, jada abian daudenek ez dituzte dekretuak jasotzen dituen eskakizun materialak bete beharrik izango, eraikiko direnei bakarrik ezarriko baitzaizkie.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak