Eu

Eusko Jaurlaritzak bost dirulaguntza zuzen onartu ditu kirol-federazioen proiektuak laguntzeko, guztira 77.000 euro inbertituz (Gobernu Bilera 2019-07-30)

2019.eko uztailak 30
  • Euskadiko Piraguismo Federazioa, Euskadiko Urpeko Jardueren Federazioa, Euskadiko Boxeo eta Gisako Kirolen Federazioa, Xistera Elkartea eta Euskadiko Bela Federazioa izango dira laguntzen onuradunak

 

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak bost dirulaguntza zuzen onartu ditu, bere gaurko bileran, beste hainbeste kirol-federaziorentzat. Guztira, 77.000 euro bideratuko dira Euskadiko Piraguismo Federazioak, Euskadiko Urpeko Jardueren Federazioak, Euskadiko Boxeo eta Gisako Kirolen Federazioak, Xistera Elkarteak eta Euskadiko Bela Federazioak sustatutako ekimenak eta proiektuak diruz laguntzera.

                Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak sustatutako dirulaguntza horien helburua da federazioen proiektuak laguntzea gastu arruntetik kanpora, bestela ezingo bailirateke gauzatu. Bost dirulaguntzak honela banatuko dira:

  • Euskadiko Piraguismo Federazioa: 15.000 euroko dirulaguntza jasoko du uztailean Perun egindako kayak surfeko Munduko Txapelketan parte hartzeko gastuen zati bat ordaintzeko. Euskal Selekzioak ofizialki parte hartzen du kirol-modalitate horretan, eta 15 kirolari eraman ditu Perura. Aurtengo edizioa kontuan hartuta, txapelketa horretan seigarren aldiz izan da (bosgarren aldiz jarraian) selekzioen munduko txapelduna. Horrez gainera, Euskal Selekzioko kirolariek banakako 13 domina lortu dituzte aurten.
  • Euskadiko Urpeko Jardueren Federazioa: Gobernu Kontseiluak 15.000 euroko dirulaguntza onartu du Federazio honentzat Pasaiako portuko lokal baten alokairua ordaintzeko, Federazioak egokitutako lokal bat behar baitu bere jardueraren baitan kirol honetan federatuek erabiltzen duten kirol-material guztia behar bezala gordetzeko.
  • Boxeo eta Gisako Kirolen Federazioa: 15.000 euroko dirulaguntza jasoko du International Boxing Federation (IBF) – Nazioarteko Boxeo Federazioan onartua izatearekin lotutako bi ekimen bideratzeko. Alde batetik, federazio honetako kirolariek boxeo-gaualdi batean parte hartu dute Belfasten, eta, bestetik, Federazioaren ordezkaritza bat Txinan egingo den IBFren Biltzarrera joango da.
  • Xistera Elkartea: Gobernu Kontseiluak 12.000 euroko dirulaguntza onartu du zesta-puntako klubak biltzen dituen elkarte honentzat. Dirulaguntzaren helburua ‘Xistera Zirkuitua 2019’ proiektuari laguntzea da; pilota-modalitate honetan dagoen txapelketa nagusietako bat.
  • Euskadiko Bela Federazioa: Federazio honek 20.000 euro jasoko ditu Pasaiako portuko lokal baten alokairua ordaintzeko, belarako kirol-material guztia behar bezala gordetzeko prestatutako gune bat behar baitu.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko