Eu

Eusko Jaurlaritzak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2022ra arteko lan-ildo nagusiak jasotzen dituen Kultura Plana 19/22 aurkeztu du (Gobernu Bilera 2019-07-30)

2019.eko uztailak 30
  • Plana Gobernu Kontseiluan aurkeztu ondoren, Bingen Zupiria sailburuak publikoki azaldu ditu proiektuaren ideia nagusiak
  • Datozen urteotan lortzeko helburuen artean jaso dira Euskal Liburutegia sortzea, ikus-entzunezko sektoreari bultzada ematea edota Artearen Euskal Sistema indartzea

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Kultura Plana 19/22 aurkeztu du gaurko Gobernu Kontseiluaren ostean, aldi horretarako Sailaren lan-ildo nagusiak jasotzen dituen dokumentu estrategikoa. Dokumentu horretan hiru azpisistematan banatu dira kultura-politikak –sorkuntza eta ekoizpena, kultur eskaintza eta memoria bizia–, eta honako proiektuak nabarmendu dira: Euskal Liburutegia sortzea (euskal kulturaren inguruko liburutegi digitala), Euskadiko ikus-entzunezkoaren sektoreari bultzada ematea, Artearen Euskal Sistema indartzea edota euskal kulturaren nazioartekotzea sustatzea.

Eusko Jaurlaritzako bozeramale eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekarekin batera, Bingen Zupiria sailburuak adierazi du Kultura Plana 19/22  uda ondoren aurkeztuko dela Eusko Legebiltzarreko Euskara, Kultura eta Kirol Batzordean, bai eta Kulturaren Euskal Kontseiluan eta Euskadiko lurralde- eta toki-administrazioen aurrean ere, HAKOBA Kulturaren hurrengo bileran (erakundea Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako eta udaletako kulturaren arloko arduradunek osatzen dute). Bestalde, planaren helburua “sormena eta kulturaren kontsumoa sustatuko duten egitura eta politika publikoak bideratzeko” lan-ildoak identifikatzea eta zehaztea dela azaldu du. “Kulturaren protagonistak batez ere kultura-eragileak dira, eta erakundeok horien sormen-jarduera sustatu eta bideratu behar dugu gure politiken bitartez”, adierazi du.

Abiapuntua

Plana 2019-2022 aldirako aurreikusten da, egungo legealdiaren amaiera eta hurrengoaren hasiera hartuko ditu, beraz, Administraziotik sustatutako kultura-politiken jarraipena eta koherentzia bermatze aldera. Bestalde, Planean kulturaren esparrua sustatzeko ekimen publikoaren garrantzia ere azpimarratzen da. “Ekimen publikoa nahitaezkoa da kulturaren ekosistema garatu dadin. Izan ere, sorkuntzaren ugaritasuna eta aniztasuna ahalbidetzeko inguru emankorra antolatzen lagundu behar du ekimen publikoak; sorkuntza hori kultur adierazpen eta produktu zehatzetan gauzatzeko ahalmena duten industriak sustatu behar ditu; kultura ezagutzeko, gozatzeko eta erabiltzeko aukera gizarte osoari emango dioten guneak sortu eta dinamizatu behar ditu; bertan, euskal kulturaren presentzia bermatu behar du; kultura aintzat hartzen duten eta bereganatzen duten publikoak dinamizatu behar ditu; ezagutza lantzeko, memoria kolektiboa zaintzeko eta gizarteratzeko erakundeak aktibatu behar ditu”, jaso du Planak.

Alde horretatik, Zupiria sailburuak adierazi du sektore publikoak bideratu edo lagundu behar dituela berritzaileak edo konplexuak direlako edo hizkuntza minoritario batean daudelako merkatuari begira bestela existituko ez liratekeen kultura-adierazpenak. “Euskadiko erakundeen ardurapean Euskadin, bertako bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan, sortutako eta eskainitako kultura guztia dago. Hala ere, ardura berezia dugu euskaraz sortutako kultura sustatzeko, babesteko eta hedatzeko.  Hori beste inork ez baitu egingo”, erantsi du.

Horrela, Plana zeharkako bi ardatz kontuan hartuta garatu:

  • Aukera-berdintasuna gure bi hizkuntzentzat
  • Aukera-berdintasuna gizon eta emakumeentzat.

Hori dela eta, Zupiria sailburuak adierazi du euskaraz sortzen denak eta emakumeek sortzen eta ekoizten dutenak babes eta arreta berezia behar dutela. “Ez da ekosistema itxia, euskarazko kulturaren ekosistema ez dago kulturaren sistema orokorretik at, euskal eta erdal kultura ez dira bi mundu aparteko, ez dira elkarri bizkar emanda bizi, ez daude kontrajarriak: gero eta josiagoak daude, gero eta gehiago dira elkarren ongarri eta aberasgarri. Euskaraz sortzen den kultura arreta bereziz sustatzeko, zaintzeko eta gizarteratzeko ardura daukagu”, jaso da Kultura Plana 19/22n.

Azpisistemak

Planean adierazten da kultura-politikak oinarrizko hiru funtziotan laburbil daitezkeela: Euskadi bere kulturaren sortzaile izan dadin ahalbidetzea, euskal gizarteari kultura bizitzeko aukerak eskaintzea, eta, hirugarrenik, euskaldunon memoria kolektiboa gizarteratzea.

Ideia horrekin bat etorriz, Kultura Sailburuordetzaren lan-ildoak hiru azpisistematan oinarrituta antola daitezke:

  • Sorkuntza eta ekoizpena: Helburua kultura sortzeko eta ekoizteko aukerak ematea da. Azpisistema honen baitako lan-ildoek sortzaileak dute ardatz.
  • Kultura-eskaintza: Bertako eta mundu zabaleko kulturaz elikatzeko aukerak gizarte osoari bermatzea eta nazioartean erreferente egingo gaituen kultura eskaintza sendotzea.
  • Memoria bizia: Helburua Euskadiko kultura-ondarea, Euskadiko memoria kolektiboa, babestea eta hedatzea da, eta sormen garaikideak sormen-iturri gisa kontuan izatea.

Hiru azpisistema horiek elkarri estu lotuta daude, eta elkar aberasten dute. Zupiria sailburuak adierazi duenez, herri batek, kultura-sistema bizia izan ahal izateko, sortzailea izan behar du, kultura-eskaintza aberatsa ziurtatu behar du eta, hirugarrenik, bere iraganaren memoria, kultura-ondarea, zaindu behar du. Hala ere, aipatutako azpisistema horiek elkarren osagarri izateaz gainera, elkarren eragile ere izan behar dute kultura-sistema osoa dinamikoa izan dadin. Era berean, oreka bat lortu behar da hiru azpisistemen artean. “Gizarteak bereganatuta du kultura-eskaintza sustatzen duten politiken garrantzia; azpimarratu behar dugu, baita aurrekontuaren bidez ere, sormenerako eta ekoizpenerako politiken garrantzia: pertsonek eta enpresek gauzatzen duten jarduera da, baina funts publikoekin babestu behar da”, adierazi du Zupiria sailburuak.

Lan-ildoak

Hiru azpisistema horiek kontuan hartuta, Kultura Plana 19/22an adierazten da zein izango diren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Kultura Sailburuordetzaren bidez gauzatuko dituen lan-ildo nagusiak. Kultura sorkuntza eta ekoizpenari dagokionez, honakoak izango dira lan-ildo nagusi horiek:

  • Sortzaileen lan-baldintzak hobetzea: Planean jaso da sortzaileen duintasun profesionalarekiko kezka kultura-politiketan islatu behar dela. Bestalde, sormen-lanaren duintasuna, profesionaltasuna eta berezitasuna kontuan hartzeko ekintzak proposatzen dira, hala nola, PFEZ berezia ezartzeko aukera kontuan izatea. Erakunde publikoen jarduerak sortzaileekiko eredugarria izan behar duela aipatzen da.
  • Ikus-entzunezkoen goraldia sustatzea: Eremu hori hazteko ahalmen handiena duena dela identifikatu da. “Zinemagileen sormena eta profesionaltasuna, politika publikoak eta Euskal Telebistaren konpromisoa giltzarri dira egungo zinemagintzaren loraldia ulertzeko, eta etorkizunari begira, sustatzeko eta bermatzeko”, jaso da Planean. Alde horretatik, beste hainbat neurriren artean proposatzen da film gehiago babestea, EITBren inplikazio handiagoa lortzea, serieak ekoiztea, Interneterako produktuak sortzea edota Euskadiko animazioaren arloa sendotzea.
  • Nazioartekotzea sustatzea: Planean azpimarratzen dira arlo horretan azken urteotan egindako aurrerapenak, eta bide hori sakontzen jarraitu behar dela aldarrikatzen da.
  • Euskal kulturaren ikusgarritasuna areagotzea: Adierazten da Euskadin, eta batez ere euskaraz, sortutako kulturarekiko interesa areagotzea, kultura hori ezagutzeko eta aitortzeko gogoa piztea dela Eusko Jaurlaritzaren kultura-politiken giltzetako bat. Azpimarratzen da sektoreko elkarte profesional guztien jardueren artean sartu beharko liratekeela ikus-entzule berriak erakartzeko eta fidelizatzeko estrategiak.
  • Kultura eta Sormen Industriak (KSI) sendotzea, berrikuntza sustatuta: Basque DC2 (Basque District of Culture and Creativity; Kulturaren eta Sormenaren Euskal Distritua) sortuko eta egituratuko da, sektoreko politika berritzaileei batasuna emateko.

Lan-ildo zehatz horiek alde batera utzita, sorkuntza eta ekoizpenaren esparruan honako lan-ildo nagusiak aipatzen dira:

  • Kultura-sormena sustatzeko deialdiak.
  • Sormenerako gune eta lantegientzako laguntzak.
  • Ekoizpenerako deialdiak.
  • Sektorea egituratzeko laguntza izendunak.
  • Bestelako formakuntza-eskaintzak.
  • Euskal kultura gehiago ikusarazteko neurriak.
  • Nazioartekotzea sustatzeko lan-ildoak.
  • Kultura eta Sormen Industriak (KSI) indartzeko eta egituratzeko deialdiak eta politikak.

Kultura-eskaintzari bultzada emateari dagokionez, honakoak dira Planean jasotzen diren oinarrizko lan-ildo zehatzak:  

  • eLiburutegiaren eskaintza hobetzea eta zabaltzea: Planean jaso da, eLiburutegiak, euskal herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeaz gainera, euskal zinemagintzan eta musikaren sektorean eragin beharko lukeela, aurretik argitalpen-sistemarekin egin zuen bezala.
  • Museoen euskal sistema sendotzea: Planean azpimarratzen da nazioarteko proiekzioa duten museoei, kultura-zentroei eta jaialdiei esker Euskadi kulturaren ikuspegitik destino erakargarria dela mundu osoko herritarrentzat. Aldarrikatzen du museoen (Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Artium, Cristóbal Balenciaga Museoa, Tabakalera, Chillida Leku…) osagarritasuna eta ikuspegi bateratua sakondu behar direla Artearen Euskal Sistemaren baitan.
  • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa nazioartekotzea: Planean jaso da orkestrari kalitate handiagoa eman behar zaiola, eta adierazten da baliabide gehiago behar dituela Espainian eta Europan ezagutzera emateko, eta horrekin, aldi berean, Euskadi-Basque Country marka ere ezagutarazteko.
  • Euskal Herriko Gazte Orkestra birdefinitzea: Planean nabarmentzen da Euskal Herriko Gazte Orkestraren (EGO) eskaintza egokitu egin behar dela, eta gure musikari gazteei eskaintzen dien esperientzia eguneratu egin behar dela.

Era berean, honako lan-ildo orokorrak ere adierazten dira:

  • Kultura sozializatzeko ekipamendu-sistema: Antzokien Euskal Sarea (SAREA) eta Liburutegien SISTEMA.
  • Nazioarteko proiekzioa duten museoak eta kultura guneak kudeatzea.
  • Nazioarteko proiekzioa duten jaialdiak indartzea.
  • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (OSE) eta Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) bultzatzea.

Azkenik, eta memoria biziaren azpisistemari dagokionez, honako lan-ildo estrategikoak jaso dira:

  • Legeria eta araudia eguneratzea: Kultura Ondarearen Legea onartu ondoren, Euskadiko Dokumentu-Ondarearen eta Artxiboen Sistemaren Legea aurkeztuko da, eta laster Lege Gordailuaren araudia.
  • Kultura-ondarearen babesa zabaltzea: Kultura-ondarearen garrantzia azpimarratzeko deialdia –% 1eko dirulaguntza deitzen dena– zabaltzea, eremu gehiago barne har ditzan (ondare ez-materiala, etab.). Industria-ondarea gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela adierazten da.
  • Ondare ez-materiala babesteko politika espezifikoak garatzea: Planean azpimarratzen da Euskadiko ondare immaterialaren “mapa” marraztu beharko dela, eremu horren mugak zehaztu ahal izateko.
  • Euskadiko Filmategia sendotzea: Erakundea sendotu behar dela planteatzen da, eta programazioa hiru hiriburuetara hedatu behar dela.
  • Arte eszenikoen (antzerkia eta dantza) artxibo digitala sortzea.
  • Euskal Liburutegia (euskal kulturaren liburutegi digitala) sortzea: Euskal Liburutegia euskal kultura osorako sarbidea eta biltegi nagusia izango da. Biltegi eta atari digitala izango da, eta liburutegi nazionalaren funtzioa beteko du (hortaz, eLiburutegiaren helburuetatik harago doa; eLiburutegia irakurketa publikoko liburutegi bat da eta ez du euskal kultura ardatz). Berez, Gobernu Kontseiluak onartu du, bere gaurko saioan, bost funtzionario-lanpostu sortzea Euskal Liburutegiaren kudeaketarako.

Memoria biziari lotuta, 19/22 Kultura Planak honako lan-ildo nagusiak jaso ditu:

  • Legeak eta arauak.
  • Ondarea babesteko eta ikertzeko deialdiak kudeatzea.
  • Memoriaren erakundeak.
  • Museoak eta fundazioak.

Kultura-politiken balioak

Bestalde, Planean adierazten da zein izango diren Eusko Jaurlaritzaren kultura-politiken balio nagusiak; honakoak jaso dira:

  • Gertutasuna: Kultura-politiken ardatz nagusietako bat kulturan inplikatutako eragileen zentralitatea da, eta, ondorioz, sektorearekiko hurbiltasuna zaintzea.
  • Erantzunkidetasuna: Ahal den neurrian, kultura-politikak tartean diren eragileekin adostu behar dira.
  • Jarraitutasuna: Kultura-politikek iraun egin behar dute, jarraipena izan behar dute eta koherentzia bermatu behar dute legealdien gainetik.
  • Osotasuna: Kulturaren esparrua osotasun bat izango balitz bezala hartu behar da, bere dibertsitatea eta tartean diren eragileena eta sektorearena berarena errespetatuta.
  • Objektibotasuna: Kultura-politikak errealitatea ezagutzean oinarritu behar du.
Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AVPIOP
    2019.eko uztailak 30

    Comentario de Twitter:
    Más información en:
    https://t.co/cUFZGadBtI

Komunikabideek behera kargatzeko