Eu

Behin betiko onartu dira lurralde antolamenduaren gidalerro berriak (LAG), plangintzari klima-aldaketa eta genero-ikuspegia gisako errealitateak txertatzen dizkiotenak (Gobernu Bilera 2019-07-30)

2019.eko uztailak 30

Gobernu Kontseiluak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak proposatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren  Gidalerroak (LAG) behin betiko onartzen dituen Dekretua berretsi du. Urrats horrek amaiera ematen dio 1997ko otsailaren 11z geroztik indarrean zeuden Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berrikusteko prozesuari. Prozesu horri duela lau urte eman zitzaion hasiera, lurralde-plangintzan eta lurzoruaren erabileren plangintzan aplikatzen diren irizpideak egokitzeko azken bi hamarkada hauetan sortu diren errealitate eta ikuspegi berrietara.

Hartara, Lurralde Antolamenduaren Gidalerro berriek garrantzi handia duten zeharkako alderdiak txertatzen dituzte etorkizuneko plan sektorialetan eta hirigintza-planetan. Zeharkako alderdi horien artean daude klima-aldaketaren erronka, genero-ikuspegia, herritarren zahartzea eta horren ondorioak, irisgarritasuna, immigrazioa eta herritarrek parte hartzea lurraldearen gobernantzan. Lurralde-estrategia berriaren oinarriak honako erronka hauekin lerrokatzen dira: Nazio Batuen Erakundeak onartutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan identifikatutako erronkekin, Garapen Jasangarriko 17 helburuetan identifikatutako erronkekin, Quiton onartutako Hiri Agenda Berrian (Habitat III) identifikatutako erronkekin eta Europar Batasuneko 2020 Lurralde Agendan (Amsterdameko Ituna) identifikatutako erronkekin.

Erakunde-adostasuna

Lurralde Antolamenduaren Gidalerro berrituak lan itzel baten emaitza dira. Zeregin horretan zenbait arlotako aditu askoren laguntza izan da, eta erakundeek, elkarteek eta, oro har, herritarrek parte hartu dute prozesu horretan. Parte-hartzean oinarritu den prozesu zabal horren ondorioz, Gidalerroek erakundeen erabateko adostasuna dute eta zenbait gairen inguruan sortu diren eztabaida publikoen emaitza txertatu da gidalerroetan. Gai horien artean daude mugikortasuna, hondakinen kudeaketa, ekonomia zirkularra, landa-mundua, ekosistemak, azpiegitura berdeak edo paisaia.

Prozesu horretan, aurre egin beharreko erronka nagusiak identifikatu dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko plan sektorialak, lurralde-planak eta hirigintza-planak arautuko dituzten irizpideetan txertatu dira erronka horiek. Izan ere, erronka horien helburua izango da hiri bizigarriak eraikitzea, hau da, ingurumenaren, lanaren, etxebizitzaren eta oinarrizko zerbitzuak eskaintzearen arloan biztanleen bizi-baldintza duinak bermatuko dituzten hiriak eraikitzea.

Era berean, lurraldea elementu bizi eta dinamikotzat jotzen da; izatez, hiritarra denaren, landatarra denaren eta naturala denaren arteko banaketa tradizionala gaindituko da, baliabideen kudeaketa eraginkorrerako.

 “Zaintzaren hiria”

Hirigintza eta azpiegiturak planifikatzeko garaian genero-ikuspegia aintzat hartzeari dagokionez, dokumentuan “zaintzaren hiriaren” kontzeptu berritzailea eta aitzindaria barnean hartzea nabarmentzen dugu, hau da, gero eta mendekotasun handiagoko premiei modu kolektiboan arreta eman nahi dien hiria sortzea. Hiriaren eredu horrek dentsitate handi samarreko hiri trinko bat hartzen du kontuan, distantzia laburreko eta hurbiltasun handiko hiria, garraio publikoko sistema ona duena, espazio publiko seguruak dituena eta hirigintza-erabileren nahasketa duena.

Klima-aldaketari dagokionez, Lurraldea Antolamenduaren Gidalerroek ezartzen dute lurralde- eta hiri-plangintzatik aurrea hartu behar zaiela berotze globalaren ondoriozko arriskuei eta, hartara, berotze global horrek pertsonen osasunaren eta segurtasunaren gainean izango dituen ondorioak minimizatzearen inguruko ziurgabetasunak murriztu behar dituela.

Gobernantzaren arloan, indartu egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen izaera, hots, txosten sektorialen koordinaziorako eta harmonizaziorako organo izaera. Prozedurazko jarraibideak finkatzeko konpromiso irmoa hartu dugu, lurralde- eta hiri-plangintzan alderdi sektorialak arintzeko eta hobeto interpretatzeko helburuarekin.

Dekretuak ezartzen du Eusko Jaurlaritzak zortzi urteko epean baloratuko duela berrikuspenari ekiteko aukera, edo lehenago egingo duela, baldin eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen abiapuntuko oinarriak aldatzen dituzten inguruabarrak sortzen badira. Era berean, zortzi urteko epea finkatu du gaur egun indarrean dauden Lurralde Plan Partzialak eta Lurralde Plan Sektorialak Gidalerro berrietara egokitzeko, baita udalerrietako Plan Orokorrak eta Arau Subsidiarioak egokitzeko ere. Dena dela, Lurralde Antolamenduaren  Gidalerroak indarrean jartzen diren unean hasierako onarpena duen lurralde-plangintza ez da nahitaez egokitu beharko.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • Orain dela 7 egun

    Non aurkitu dezaket behin betiko onarpenaren dokumentua?

Komunikabideek behera kargatzeko