Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritzak talde politiko guztietako diputatu eta senatari guztiei harrera egingo die lehenbiziko aldiz

2011.eko maiatzak 04

Bere izendatzea dela eta, Irune Aguirrezabal Quijerak Ordezkaritzako egoitzan harrera egin die euskal Diputatu eta Senatariei. Ordezkariarekin batera Etxepare Institutuko Zuzendaria, Aizpea Goenaga, izan da

"Ordezkaritza, batez ere, topagune bat izango da, bertatik Eusko Jaurlaritzaren politikak eta jarduerak zein euskal errealitate aberats eta anitzak zabaltzen laguntzeko".

Eusko Jaurlaritzako Madrilgo Ordezkariak, Irune Aguirrezabal Quijerak, harrera egin die gaur eguerdian zirkunskripzioa Euskadin duten Diputatu eta Senatariei, baita Euskal Autonomia Erkidegoak berak aukeratu dituen senatariei ere. Horrela, Ordezkaritza ezagutzera eman eta bere xedeen berri eman die. Ordubetez luzatu da Ordezkaritzaren egoitzan ospatu den bilera. Bertara, PSEko alderdia ordezkatuz Eduardo Madina, Oscar Seco, Josu Montalbán, Javier Lasarte, Teresa Rodríguez, Carmen Achutegui, Arritxu Marañón eta Fernando Boada hurbildu dira; EAJren aldetik, berriz, Josu Erkoreka, Jose Ramón Beloki eta Iñaki Anasagasti; eta PP alderdia ordezkatuz, Alfonso Alonso.

Martxoaren 22an Jaurlaritzaren Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritza sortzea onartu zuen; Lehendakaritzako idazkari nagusiaren menpe jardungo du zuzen-zuzenean eta hierarkikoki Ordezkaritzak. Ordezkaritza hau Eusko Jaurlaritza ordezkatzeko eta Madrilen euskal errealitatea ezagutarazteko erakunde-organoa da.

Egitekoen artean, Ordezkariak Diputatu eta Senatariei aditzera eman dien bezala, Lehendakariari, Eusko Jaurlaritzako gainerako kideei eta Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei laguntza ematea, Madrilen egin beharreko egitekoak garatzen laguntzea, hain zuzen, nabarmentzen da. Bereziki garrantzitsua izango da Eusko Jaurlaritzaren lan instituzionalari dagozkion jarduerak bideratzea Estatuko Administrazioan. Era berean, Ordezkaritzak presentzia eta harremanak indartuko ditu gainontzeko Autonomia Erkidegoekin, baita jarduera zentroa eta erakunde ordezkaritza, politikoa, kulturala, ekonomikoa, teknologikoa edo soziala Madrilen duten beste eskualde, foro eta zenbait erakunderekin. Eta, noski, laguntza eman nahi die Madrilen dauden euskal Diputatu eta Senatariei ere.

Gainera, Irune Aguirrezabal Quijerak zineztatu du Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritzak Patxi López lehendakariak hasitako lana —"herria batzea, euskal gizartea kohesionatzea eta guztiontzat gobernatzea", alegia— aurrera eramaten lagundu nahi duela. Horregatik, Ordezkaritza, batez ere, "topagune bat izango da, bertatik Eusko Jaurlaritzaren politikak eta jarduerak zein euskal errealitate aberats eta anitzak zabaltzen laguntzeko".

Ordezkaritza honetatik "euskaldun izan eta euskaldun sentitzearen harrotasun sentimendua sustatzen lagundu nahi dugu; bakoitzak nahi duen moduan definitu dezakeen sentimendua da, baina funtsean Euskadi maitatu eta Euskadiz gozatzean oinarritzen da".

Hori dela eta, jarraitu du Ordezkariak, "gure lana izango da Euskadiren irudirik hoberena sustatzea, balore solidarioak dituen Euskadi batena, justiziarekin, berdintasunarekin eta giza eskubideekin konprometitua dagoena, Euskadi baikorra, kanpora irekia, lehiakorra, berritzailea, nazioartekoa bihurtu eta etorkizun handikoa dena".

Eusko Jarularitzaren Madrilgo Ordezkariak beretzat ohorea dela ordezkaria izendatua izatea azpimarratu du, hartara elkarrekin lankidetza handiena lortuko dutelakoan baitago.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Irune Aguirrezabal Quijera, Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaria