Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak lan bilera egin du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu berriekin

2019.eko uztailak 26

Lehendakariak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusiek lehen erakunde-bilera izan dute, gaur, maiatzaren 26ko hauteskundeen ondoren foru-aldundi berriak eratu ostean.

Lehen lan-bilera horren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Programaren betetze-maila egiaztatu eta foru-aldundien programa berriak ezagutu dira. Gainera, partekatutako eskumen-arloak aztertu eta horien inguruan jarduteko lehentasunak zehaztu dira; horretarako, oso gogoan izan dira herrialdeko helburuak.

Ajuria Enean izandako bi orduko bileraren ondoren, Lehendakariak eta hiru diputatu nagusiek interes komuneko honako gai hauen inguruko garrantzia nabarmendu dute: 

Enplegua erronka partekatu gisa 

Enpleguak jarraitzen du herrialdeko funtsezko erronka eta erakunde-ekintzaren lehentasun izaten.  Aurtengo bigarren hiruhilekoan, langabezia-tasa % 9,6koa izan da, alegia, legegintzaldi osorako aurreikusitako % 10eko helburuaren azpitikoa.

Lehendakariak diputatu nagusiekin Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren Esparru Programaren bilakaera positiboa partekatu du; hura 2016-2020 aldirako onetsi zen, 8.800 milioi euroko zuzkidurarekin. Programa horrek 58.000 enplegu berri sortzea sustatzeko eta 20.000 gazteri lehen lan-aukerarako bide emateko konpromisoa lehenesten du.

Esparru Programa honen aurreikuspenak egoki betetzen ari dira. Jardueraren lehen hiru urteetan (2017-2019) guztira 48.600 enplegu sustatu dira. Enplegu horien % 45 lehen lan-esperientzia izan duten 22.000 gazteri dagokie. 

 

Herrialdeko helburuen betetze-maila 

Bileran, legegintzaldi honetarako ezarritako eta foru-aldundiei ere badagozkien herrialdeko 15 helburuen betetze-maila birpasatu da.

Jarduera ekonomikoaren bilakaera positiboaz eta enpleguaren sorreraz gainera, ezarritako ia helburu guztiak bete dira. Horrela, Euskadi Europan honako eremu hauetan aurreratuen dagoen herrialdeetako bat da: industria 4.0; ikerketa estrategikoa; gardentasun-indizeak; eskola uzteko tasa; pobreziako eta gizarte-orekako tasa; eraginkortasun energetikoa, eta bizi-itxaropena.

Hori da partekatutako estrategiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien baterako lanaren emaitza; eredu horri eutsi egingo zaio, eraginkorra dela ikusi delako.

Ekarpenen lege-proposamena 

Topaketan, positiboki balioetsi da gaur egun indarrean dagoen ekarpenen legea berritzeko abian jarri den negoziazio-prozesua.

Konpromisoa Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailaren eta foru-ogasunen ordezkaritzaren arteko negoziazioei berriro heltzea da, akordioan aurrera egiteko. Pasa den otsailaren 14ko Finantzen Euskal Kontseiluan onetsitako Aparteko Funtsa akordio horretan aurrera egiteko oinarria eta tresna erantsia da.

Migrazioaren aldeko euskal ituna 

Itun horren esparruan, garrantzia berezia du bidaiderik gabeko adingabeei (BGAA) edo gazteei (BGGA) buruzko lantaldeak. Talde hori pasa den udan jarri zen abian, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru-aldundietako gizarte-politiken arduradunen parte-hartzearekin. Oraingo foru-legegintzaldian helduko die berriro bere lanei.

Gainera, 2017ko urtarriletik, errefuxiatuei arreta emateko lankidetzari eusten zaio. Azkenik, pasa den udan ere koordinazio-mahaia eratu zen, iragaitzazko pertsonei erantzun emateko. Egoera horri erantzuteko batera onetsitako kontingentzia-plana egoki kudeatzen ari da.

Baterako erronkak 

Lehendakariak lan-bileran Euskadik ikuspegi globalarekin eta 2030erako aurrez aurre izango dituen hiru erronka handiak edo trantsizioak azaldu ditu: trantsizio demografiko-soziala, teknologiko-digitala eta energetikoa eta ingurumenekoa.

Hiru erronka handi horiei batera ematen zaien erantzunak Euskadi Basque Countryk egoera global berrian izango duen eginkizuna baldintzatuko du.

Hiru erronka handi dira eta, aldi berean, hiru aukera handi.  Euskadi herrialde txikia da, eta iraganean erakutsi du eta orainean ere erakusten ari da egokitzeko eta erronka globalei erantzuteko gaitasun handia duela.

Lehendakariak “auzolana"ren filosofiari eusteko beharra planteatu du. Hiru erronka horiek elkarrekin lan egiteko hiru motibo nagusi dira, euskal herritar guztien ongizatea hobetzeko helburua partekatuz, inor atzean utzi gabe.

Proiektua “Agenda Euskadi Basque Country 2030”ean sartzen da; haren helburua da gure lurraldean etengabe gauzatzen ari garen maila anitzeko gobernamendu-ereduaren balioa nabarmentzea, eta Euskadi Basque Countryk nazioartean herrialde konprometitua eta 2030 Agendarekin eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datorren herrialdea delako irudia zabaltzea.

2 iruzkin
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ramiro González, Unai Rementeria, Markel Olano