Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak Zarautzen hartu dituzte Euskarabenturan parte hartzen ari diren gazteak
- Eusko Jaurlaritzak babestutako proiektu honen bidez, partehartzaileak euskararen lurralde osoa zeharkatzen ari dira uztailean zehar, haren kultura eta ondarea hobeto ezagutuz.
Zarautz, 2019/07/24
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak Euskarabenturan parte hartzen ari diren 120 gazteak hartu dituzte arratsaldean, Zarautzen antolatutako harrera batean. Espedizio honek euskararen lurraldea zeharkatzen ari da uztailean zehar, eta Zupiria sailburuak harrera egin nahi izan die parte-hartzaileei, bere ustez berezirik garrantzitsua baita euskara belaunaldi gazteen artean sustatzea: “Eurak dira euskara hein handiagoan ezagutzen dutenak eta gehien erabiltzen dutenak”.
Xabier Txurruka Zarautzeko alkatearekin batera, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Euskarabenturako gazteekin hitz egiteko aukera izan dute. “Haurrak eta gazteak dira euskara neurri handiagoan ezagutzen dutenak, bai eta gehien erabiltzen dutenak ere. Hala ere, hizkuntzaren erabilera sozialaren ikuspuntutik, tartea dago urratsak ematen jarraitzeko, batik bat belaunaldi gazteenen artean, ezagutza-maila oso altua da eta. Helburu hori lortzeko, euskarak bizipen positiboei lotuta egon behar du, eta horren adibide da Euskarabentura; haren bidez, gure kultura eta gure hizkuntza hobeto ezagutu ahal izango dute”, adierazi du Zupiriak. Halaber, ekimen honen garrantzia azpimarratu du kultura ondarea gazteen artean hedatzeko.
Aurtengoa Euskarabenturaren bigarren edizioa da, eta Eusko Jaurlaritzak bi sailen bitartez lagundu du ekimena: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta, bigarrenik, Enplegua eta Gizarte Politikak. Nafarroa/Euskadi/Akitania Berria Euroeskualdeak ere proiektua laguntzen du. Ekimen honek hiru helburu nagusi ditu: gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea; gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea; eta, hirugarrenik, euskal natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzea.
Euskarabenturan 16 eta 17 urteko 120 gaztek hartzen dute parte, Euskadi, Nafarroa eta Iparraldekoak, bai eta diasporako zenbait ere. Uztailaren 1ean abiatu eta hilaren 31ra bitartean, 31 etapa osatuko dituzte, 783 kilometro orotara, gehienak oinez. Bigarren edizio hau Maulen hasi eta Getxon amaituko da. Hile osoan zehar gazteek era askotako lekuak ezagutuko dituzte: “UNESCOK Gizateriaren Ondarea izendatutako guneak, basoak, hondartzak, museoak, uztarako lurrak, haitzuloak, portuak, gazteluak, larrak, monumentu eta eraikin ezagunak, gatzagak edota baserriak”.
Horrekin batera, Euskarabenturaren antolakuntzatik azaldu dutenez, “era eta eduki anitzeko mintegi, tailer eta ekimenek aberastuko dute abentura”. Izan ere, “hainbat esparrutako profesionalak (musikariak, soziolinguistak, aktoreak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, idazleak, kirolariak…) aldiro-aldiro batuko dira espediziora gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko”. Hortaz, euskararen Herria hobeto ezagutzeko aukera ezin hobea da.