Berriak Lehendakaritza
Eu

Giza eskubideen behatokiaren euskal ordezkaritzak Kolonbian bere misioa bete ondoren eginiko jakinarazpena

2019.eko uztailak 24

2019ko uztailaren 19a

Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria uztailaren 14tik 19ra Kolonbiara bidaiatu zen Giza Eskubideen Behatokiaren Ordezkaritzaren buru izan da, Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Aldi Baterako Babeserako Euskal Programaren esparruan.

Ordezkaritza, gainera, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Berdintasunaren Batzordeko kideek eratzen dute, alegia, Eva Juezek (presidentea),  Leixuri Arrizabalagak (EAJ), Oihana Etxebarrietak (EH Bildu), Iñigo Martínezek (Elkarrekin- Podemos), Carmelo Barriok (PP) eta Eduardo Mancisidorrek (letratua), bai eta Paul Ortega eta Ainara Arrieta Lankidetzako Euskal Agentziako ordezkariek, Patricia Bárcena eta Leire Lasa CEAR-Euskadiko ordezkariek, Programako koordinatzaileek eta Josune Fernández eta Claudia Alejandra Sepulveda Mugarik Gabe eta Emigrados sin Fronteras GGKEetako ordezkariek ere. 

Kolonbiako egonaldian, Euskal Ordezkaritzak programapean dauden lau emakume defendatzaileren lurraldeak bisitatu ditu: Santander de Quilichao (Cauca), Resguardo Triunfo Cristal Paez (Valle del Cauca), Medellin (Antioquia) eta Buenaventura (Valle del Cauca). Era berean, hainbat elkarterekin, gizarte-mugimendurekin, defendatzaileak babesteko erakunderekin eta gobernuz kanpoko erakunderekin batu da, besteak beste: Proceso de Comunidades Negras (PCN), Asociación de Consejos Comunitarios del Norte del Cauca (ACONC), Organización Regional Indígena del Valle del Cauca (ORIVAC), Organización Nacional Indígena de Colombia (ONIC), Fundación Comité Solidaridad con los Presos Políticos (FCSPP), Congreso de los Pueblos eta Comisión Intereclesial de Justicia y Paz.

Ordezkaritza, halaber, Nazio Batuen Giza Eskubideen Goi Komisarioaren ordezkariaren ondokoarekin eta Kolonbiako erakundeekin –besteak beste, Fiskaltza, Unidad Nacional de Protección, Jurisdicción Especial para Paz, Comisión para el Esclarecimiento de la Verdad, la Convivencia y la No Repetición– eta Errepublikako Kongresuko senatariekin batu zen. Bai eta Antioquíako prokuradoretzarekin, defentsa-bulegoarekin eta herrizaintzarekin ere. Eta Espainiak Kolonbian duen enbaxadarekin.

Bileren, jasotako lekukotzen eta aztertutako dokumentazioaren ondoren, Ordezkaritzak honako hau ADIERAZTEN DU:

LEHENENGOA: Bake Akordioak sinatu zinenetik bi urte baino gehiago igaro direnean egiaztatzen dugu indarkeria larriagotu egin dela eta giza eskubideen defendatzaileen aurkako erasoek, mehatxuek eta kriminalizazioak gora egin dutela, batik bat lider indigenen, afro-ondokoenen eta bakearen eta lurraldearen defentsan aktiboki eta nabarmen lan egiten dutenen artean.

2018an 110 defendatzaile erail zituzten, gutxienez. NBEren datuen arabera, Kolonbia giza eskubideak defendatzeko munduko herrialde arriskutsuenetako bat da. 2019an, batez besteko horrek txarrera egin du; izan ere, urtarrilaren eta apirilaren artean 51 defendatzaile erail dituzte. (Iturria:: PBI)

BIGARRENA: Arduratuta gaude pertsonen babesaren gainetik interes ekonomikoak lehenesten dituzten eta kontrolagatik liskarrean ari diren eragile armatuek okupatzen dituzten lurraldeetan bizi den egoeragatik. Talde horiek emakumeen eta erkidego indigenen eta nekazari eta afro-ondokoen erkidegoen giza eskubideak sistematikoki urratzen dituzte. Ordezkaritza La Tomako Kontseilu Komunitarioaren (Suarez, Cauca) aurka lurraldea okupatzeko eginiko mehatxuen lekuko izan da.

HIRUGARRENA: Egunero giza eskubideak modu baketsuan defendatzen dituzten pertsonen lan goraipagarria aitortzen eta bultzatzen dugu, bai eta beren burua beren lurraldeak eta bizimoduak babes-neurri gisa uztera behartuta ikusten dutenen lana ere. Era berean, Bakearen alde egiten duten apustu zintzoa eta Bakerako Justizia Bereziak, Egiaren Batzordeak eta Bake Akordioen aplikazio integralak eginiko lanaren bultzada partekatzen ditugu.

LAUGARRENA: Fiskaltzak giza eskubideen defendatzaileen aurka eginiko edozein delitu jazarteko ikerketa- eta sendotze-estrategiaren ezarpenean adierazi dituen aurrerapenak balioesten ditugu, eta eskerrak ematen dizkiogu, Buenaventurako etenaldi zibikoaren ondoren hartutako akordioen segimendua egiteko hartu duen konpromisoagatik.

BOSGARRENA: Erakundeei eskatzen diegu prebentzio eta babes kolektiboko mekanismoak ezartzeko, defendatzaileen lana ezagutzera eman eta lan horren balioa nabarmentzeko eta mehatxu gehien jasaten duten eremu eta kolektiboetan arreta berezia jartzeko. Antzinako herrien aitorpena, besteak beste, herri indigenena eta herri Beltzarena, eta beren lurraldeetako legeztatzea egiteko dauden erronkak dira. Bai eta landa-eremuetan erakundearen presentzia egotea ere, ez bakarrik segurtasunaren bidez, baita, eta nagusiki, gizarte-, ekonomia- eta kultura-garapenaren bidez ere, ikuspegi diferentzialarekin. Era berean, instituzio eta gizarte-erakundeak animatzen ditugu lana sendotzera, benetako bake- eta bizikidetza-kultura sortzeko lurralde guztietan.

SEIGARRENA: Eskerrik asko defendatzaileen, beren komunitateen eta gainerako erakundeen, instituzioen eta nazioarteko erakundeen aldetik izandako harreragatik, eta konpromisoa hartzen dugu giza eskubideen defendatzaileen egoerarekin erne jarraitzeko eta beren lana segurtasun-baldintzen arabera bete dadin bermatzeko. Arreta berezia eskainiko diogu bake-prozesuan adostutakoaren benetako ezarpen eraginkorrari eta integralari.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak