Eu

Beatriz Artolazabal: “Auzolandengien bidez, zenbait balio sustatzen dira, besteak beste, bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea eta kulturen arteko ikaskuntza”

2019.eko uztailak 24
  • Auzolandegiak programako auzolandegi batek Lekeitioko Uribarren Abaroa hirugarren adineko egoitza bisitatu du
  • Eusko Jaurlaritzak, aurtengo udan, zortzi auzolandegi bultzatu ditu, 170 plazatan banatuta, hiru lurraldeetan
  • 2019an, Aguraingo, Gaubeako eta Lemoako auzolandegiak nazioarte-eremukoak izango dira, eta atzerritarrak izango dituzte; horien erreferentziazko hizkuntza ingelesa izango da.

Lekeitio  24 07 2019

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Koldo Goitia alkatearekin, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordearekin eta Agurtzane Llano Gazteriako zuzendariarekin batera, gaur goizean, Lekeitioko Uribarren Abaroa hirugarren adineko egoitzaren instalazioak bisitatu ditu; bertan Euskadiko Auzolandegiak programako gazte-auzolandegietako bat garatzen ari da aurtengo udan. “Auzolandengien bidez, zenbait balio sustatzen dira, besteak beste, bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea eta kulturen arteko ikaskuntza”, esan du Artolazabal sailburuak.

Beatriz Artolazabalek pasa den 15etik Uribarren Abaroan bizi diren adinekoen dinamizazio soziokulturalaren alde lan egiten duten hogei gazteak ezagutu ditu. “Hau ibilbide luzeko auzolandegia da; izan ere, 2000. urtetik egiten da”, esan du sailburuak. “Hemen sortzen den belaunaldien arteko trukea bereziki aberasgarria da, adinekoentzat ez ezik, gazteentzat ere, izan ere, bertan lan egiten duten gazteek ere sekula ahaztuko ez dituzten esperientziak bizi dituzte”.

Hori dela eta, Artolazabalek zorionak eman dizkio Lekeitioko auzolandegiko lehen txanda honetan parte hartu duten gazteen taldeari; izan ere, beraiei esker, egoitza horretako adinekoen garapen integralean eta elkartasunaren balioan aurrera egiten da”.

Aste hauetan, gazte-taldeak, Uribarren Abaroako gizarte-hezitzaileek lagunduta, jardueretan eta psikomotrizitate leunean laguntzen dute; laguntzeko lanak egingo dituzte irteera eta paseoetan; lankidetzan jardungo dute aisiako eta jolaserako jardueretan; taldeko jai eta jolasak antolatuko dituzte; egoiliarren arteko harremanak sustatuko dituzte, eta egoiliarrek Lekeitioko gainerako biztanleekin duten harremanari bide emango diote.

Zortzi auzolandegi

Auzolandegiak programa pasa den 15ean abiarazi zen; Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzak antolatzen du programa, eta 170 plaza eskaintzen ditu, hiru lurraldeetan banatuta. Aurten, zortzi gazte-auzolandegi sustatu dira, eta guztiak 15 eguneko txandetan, Lekeitioko auzolandegia izan ezik, bi asteko bi txanda izango baititu.

Zortzi auzolandegi horiek honako herri hauetan egingo dira: Lekeitio, Lemoa, Zamudio, Sopuerta, Agurain, Gaubea, Arraia-Maeztu eta Bergara. Horietara ere Estatuko zenbait autonomia-erkidegotako gazteak iritsi dira. 2019an, Aguraingo, Gaubeako eta Lemoako auzolandegiak nazioarte-eremukoak dira, eta atzerritarrak izango dituzte; horien erreferentziazko hizkuntza ingelesa izango da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak