Eusko Jaurlaritzak amaitu du Euskal Y-aren trenbide plataformaren Gipuzkoako tartea
- Antzuola-Ezkio azken tartearen amaierarekin plataforma berriaren 57 km-ak amaitu dira; horietatik %70 tunel barruan egin da
- Lehendakariak ETSren zerbitzuak eskaini ditu “superegitura” instalatzeko lanak bere gain hartzeko, enkomendan jasotzen ziren egitekoak zabalduz eta horrela Abiadura Handia Euskadira iristea azkartuz
Eusko Jaurlaritzak amaiera eman die Euskal Y izenez ezagutzen den Euskadiko Trenbide Sare Berriaren plataformaren Gipuzkoako tartea eraikitzeko lanei, Sustapen Ministerioak Eusko Jaurlaritzari agindutako lanei, hain zuzen ere. Horrela, dagoeneko amaiturik daude Bergara eta Hernani arteko trazatua banatu den 16 tarteek hartzen dituzten 57 kilometroak. Eusko Jaurlaritzak amaitu berri duen Gipuzkoako tarte osoan egindako inbertsioa 1.723 milioi eurotakoa da.
“Antzuola-Ezkio” tartea amaitutzat eman ondoren, Astigarragatik Donostiara sartzeko azken tartea eta geltoki berria baino ez dira falta. Azken hau, ETSk irailean lizitatzeko asmoa du.
Iñigo Urkullu Lehendakariak Antzuola-Ezkio tartearen zati bat bisitatu du gaur goizean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuarekin, Antonio Aiz Garraio Sailburuordearekin eta Aitor Garitano Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiarekin batera.
Agertoki horretan, Urkulluk euskal trenbide gestorearen (ETS) zerbitzuak eskaini ditu, “superegitura instalatzeko lanak bere gain hartzeko”, modu honetan enkomendan jasotzen ziren egitekoak zabalduz eta horrela Abiadura Handia Euskadiko hiriburuetara iristea azkartuz.
Horrela, Lehendakariak esan duenez, Sustapen Ministerioak nahiko balu “berehala hasi ahal izango litzateke trenbidea eta katenaria instalatzen Euskal Y-aren Gipuzkoako tartean, gure ekonomiaren lehiakortasunerako ezinbestekoa den azpiegituran atzerapen gehiago saihesteko”. “Herritarren iritziz ezin da atzerapen hori ulertu, eta Arku Atlantikoko lurralde guztien garapen sozio-ekonomikoa kaltetzen du”, gehitu duenez.
Urkullu pozik agertu da oso azpiegitura konplexuaren eraikuntza lanetan parte hartu duten ingeniaritza enpresen eta bestelako enpresen ahalmen teknikoa ikusita, izan ere, trazatuaren ezaugarri orografikoen ondorioz, %70 tunel barruan egin da, eta, gainera, paisaia integratzeko esfortzu handia egin da.
Beste alde batetik, Arantxa Tapiak gogorarazi duenez, “korridore Atlantikoak nazioarteko lotura eskatzen du. Lotura horrek lehentasunezko izaera du Europar Batasunarentzat Europa barruko sareen igarobideak lehen aldiz 90eko hamarkadan ezarri zirenetik. Baina, hala ere, oraindik errealitate izatetik urrun dago”. Horrela, sailburuak zalantzan jarri du abiadura handiari dagokionez Estatuak aurrera daraman politika, eta bere iritziz politika horren balantzea “urria” da. Espainiako estatua, mundu osoan abiadura handiko sarea gutxien erabiltzen den herrialdea da, eta oraindik ez da penintsula iparraldearen eta Europaren arteko konexioa osatzeko gai izan”.
Tapiak Euskadiren “egiten jakitea” jarri du balioan, izan ere, “arrakastaz, epe barruan eta modu egokian, Euskal Y-a martxan jartzeko agindutako proiektuak eta lanak osatzea lortu baitu”. Tapiaren hitzetan, “ETS aurreikusitakoaren arabera ari da bere egitekoak betetzen, eta 2023rako guztiak arrakasta osoz izango ditugu amaiturik”. Lehendakariak egiteko gehiago eskuratzeko egin duen eskaria berretsi du, “teknikaren ikuspegitik guztiz prestatuta gaudela eta lan berriei ekiteko behar adineko gaitasuna dugula erakutsi baitugu”.
Tartearen deskribapena
Antzuola-Ezkio/Itsaso (Mendebaldea eta Ekialdea) izeneko Euskal Y-aren tarteak Antzuola, Urretxu, Zumarraga eta Ezkio udalerriak hartzen ditu, Gipuzkoako adarraren barruan, eta 6.946 metro da luze. Horietatik 5.437 metro lur azpitik doaz, Zumarragako tunelak izenekoak barne.
Lanak, bata bestearen ondoren dauden bi tartetan banatu dira, 3.560 luze den Antzuola-Ezkio/Itsaso (Mendebaldea) eta 3.386 luze den Antzuola-Ezkio/Itsaso (Ekialdea). Bi tarteek Urretxuko udalerriaren azpian dauden tuneletan egiten dute bat. Aurreko Bergara-Antzuola tartearekin eta ondorengo Ezkio/Itsaso-Ezkio/Itsaso izenekoarekin lotzen dira. Azken toki horretan egongo da geltokia. Ekitaldeko tarte horri dagozkien lanak 2017ko urrian jaso ziren.
5.437 metro luze diren Zumarragako tunelak (2.524 m. mendebaldeko tartean eta 2.913 m. ekialdekoan) Euskadiko Trenbide Sare Berriko Gipuzkoako igarobideko luzeenak dira, eta Antzuola eta Ezkio/Itsaso udalerriak lotzen dituzte, Deskargako mendatearen eta Urola ibaiaren ibarraren azpian, Santa Lutziko bailararaino, 230 metroko gehieneko estaldurarekin.
Duen luzera handia dela eta, lur azpiko trazatua hodi biko tunel baten bitartez gauzatu da (bi tunel paralelo), zirkulazioaren noranzko bakoitzerako bat. Zeharka daude elkarrekin loturik, elkarren artean 500 metrotik beherako tartea duten larrialdiko hamabi galeriaren bitartez. Horrela, tuneletako bat ebakuazio bide gisa erabili ahal izango da, beste tunelean zerbait gertatuz gero.
Antzuola-Ezkio (Mendebaldea) aire zabaleko trazatuari dagokionez, 495 metro luze den eta izen bereko errekaren ibarra eta GI-2632 foru errepidea gainditzeko beharrezkoa den Deskargako bide-zubia jasotzen du. Taulategiak, zinbra portikatu bitartez tokian bertan gauzaturiko kaxoi postesatu sekzio tipologiari erantzuten dio, eta 70,6 metroko gehieneko luzera duten 8 baok osatzen dute. Gehieneko altuera 23,2 metroko zutabeek osatzen dute.
Tarte hori egin ahal izateko, soberakinen bi depositu egokitu dira Antzuolan, Basalde Auzoko Olazabal eta Galardi parajeetan. Obrak amaitu ondoren, gune horiek lehengoratzeko lanak egiten ari dira.
Trenbide superegitura balasto gaineko trenbidea izango da aire zabaleko azpi-tarteetan, bide-zubian barne, eta plaka gaineko trenbidea edo hormigoizko lauza gaineko trenbidea tuneletan.
Antzuola-Ezkio (Mendebaldea) tartearen unitate nagusiak
Tunela:
- Tuneletako eta galerietako hondeaketa lanak: 463.181 m3 (954.358 m3 tunel osorako, bi tarteetan)
- Zuntzekin proiektatutako HP-25 hormigoia: 63.612 m3
- Estaldurako HM-30 hormigoia: 43.203 m3
- Kontra-gangetako, zoladuretako, hormetako eta espaloietako HA-30 hormigoia: 55.301 m3
- Euspenerako zertxak: 101.906 m
- Swellex buloiak: 243.105 m
- Armatzeko altzairua: 696.806 kg
Deskargako Bidezubia:
- Zimendatzeen piloteak: 1.952 m
- Zimendatzeetako eta pilatako HA-30 hormigoia: 10.094 m3
- Taulategiko HP-40 hormigoia: 7.003 m3
- Armatzeko altzairua (pasiboa): 2.925.726 kg
- Altzairu aurreteinkatua (aktiboa): 210.366 kg
-
2019-07-24
Comentario de Twitter:
RT @Gob_eus: 🚄 Eusko Jaurlaritzak amaitu du #EuskalY-aren trenbide plataformaren Gipuzkoako tartea ➡︎ https://t.co/hdXKz5C9Lp👉🏻 Antzuola…
-
2019-07-24
Comentario de Twitter:
RT @Gob_eus: 🚄 El Gobierno Vasco concluye el tramo guipuzcoano de la plataforma ferroviaria de la #Yvasca ➡︎ https://t.co/x3RyZMikkw👉🏻 C…