Elkarlan Sariak
Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza
qrcode

Ingurumen Administrazioari eta Natura Ondarearen Kontserbazioari buruzko lege proiektuak onartu dira (Gobernu Bilera 2019-07-23)

2019-07-23

Gobernu Kontseiluak onartu egin ditu, gaur, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuaren proposamenez, Ingurumen Administrazioari eta Natura Ondarearen Kontserbazioari buruzko Lege Proiektuak.  

Natura Ondarearen Kontserbazioari buruzko Lege proiektuak naturaren kontserbazioaren alorrean eskumen- eta gobernantza-banaketa berrikusten du, administrazio publikoen jarduera arautu −Eusko Jaurlaritza, foru-organoak eta tokiko erakundeak− eta horiek behar bezala ulertzeko lankidetzarako mekanismoak ezarri.

Proiektuak natura ondarea ezagutu, planifikatu eta babesteko tresna orokorrak garatzen ditu, eta alor horretako informazio osoa Euskadiko Naturaren Informazio Sistemara txertatzeko beharrizana biltzen du.  

Datozen zortzi urteetan jarraitu beharreko Euskal Estrategia ere ezartzen du, eta epe luzera administrazioek partekatuko duten norabidea ezartzen du helburu eta ekintzei dagokienez; eta Eusko Jaurlaritzako natura-ondarearen alorreko Dekretu eta Aginduak izapidetu eta onartzeko prozedura aldatzen du, Natura Baliabideen Antolaketarako Planak esaterako. Halaber, proiektuak babestutako natura-espazioak nazioarteko irizpideen arabera berrikusten ditu, eta estatuko araudikoak eta autonomikoetako araudikoak bereizten ditu, Natura 2000 Sarea eta aplikagarriak diren nazioarteko tresnak (RAMSAR, Unesco, etb.) barne.

Bioaniztasunaren kontserbazioa bermatzen du, flora eta faunaren basa-espezieak eta horiek habitatak babestu eta babesa behar dutenentzako berariazko erregimenak ezartzen ditu. Natura ondarea babesteko sustapen-neurriak eta neurri ekonomiko-finantzarioak sortzen ditu, baita babestutako guneetan, garapen-programen, erregimen indemnizatzaile, lursailen zaintzaren eta jabe pribatuekin egindako hitzarmenen bidez, garapen sozioekonomikoa sustatzeko ere.

Ingurumen administrazioa 

Bere aldetik, Ingurumen Administrazioari buruzko Lege proiektuak, administrazio-sinplifikazioko irizpideak oinarri, ingurumen-administrazioak esku hartzeko prozedurak antolatzen ditu. Arauak enpresek eduki beharreko ingurumen-baimenak arautzen ditu eta, orokorrean, eragina duen edozein jarduerarenak, baita ikuskaritza- eta zigor-prozedurak ezarri ere.

Lege konplexua da, 118 artikulu ditu, hamar xedapen eta 12 eranskin. Europako Batzordearen “araudi adimentsu” kontzeptuari jarraitzen dio, arauek herritarren funtzioa indar dezaten, horiek bizitza sozioekonomikoan duten eragina azter dezaten, orokorrean, eta administrazio-sinplifikaziorantz egin dezaten, prozedurak batu eta beharrezkoak ez diren izapideak kenduta.

Plan, proiektu eta programen ingurumen-ebaluaziorako prozedura ezberdinak argitu eta laburtzen ditu, epeak murriztu (gardentasun eta bermeen kaltetan izan gabe), INGURUNET izapide elektronikorako sistema berriaren bidez.

Gainera, lehenbiziko aldiz, estatu mailan ezarriko da obra publikoen materialen % 40a, gutxienez, balorizaziotik eta hondakinen birziklapenetik etorri behar dela. Fiskalitate ekologikoaren aldeko

apustua ere egiten du, eta ezartzen du lortutako sarrerek aurrekontu-partida bat sor dezaketela, urtean, zehazki ingurumenaren babesarekin lotutako jarduerak jorratzeko.

Kontrol eta zigorretarako markoan, ezartzen da pertsona fisiko zein juridikoek ezingo dutela Administrazioarekin kontraturik egin, edo laguntza publikorik jaso, ingurumenari buruzko arau-hauste larri edo oso larriak egin badituzte, babesteko neurriak hartu edo zigorra ordaindu ez duten bitartean. Horretarako, arau-hausleen Erregistroa sortuko da, behin betiko ebazpena izan dutenentzat, eta zigorren berri emango da.

Berria da, baita ere, ordezko ingurume-zerbitzua. Hau da, zigor batzen kasuan, isunak jaso ordez, birgaitu, kontserbatu edo hobetzeko ekintzak egin beharko dituzte, ingurumenaren onurarako.

Bi legeotan jasotzen da egun ingurumen-alorrean parte-hartze eta erabakitzerako dauden elkargo-organoen arteko koordinazioa (Ingurumeneko Batzorde Aholkularia, Ingurumen Batzordea eta Natura Batzordea-Naturzaintza) Euskadiko Ingurumen Batzordean. Batzorde horrek bere gain hartuko du eragile sozial, ekonomiko, zientifiko eta abarren benetako parte-hartzearen dinamizazioa, ingurumen, natura ondarearen kontserbazio eta klima-aldaketaren politika publikoen diseinu eta exekuzioan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko