Eu

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako kideak dagoeneko % 100ean ari dira tokiko erkidegoei laguntzeko eginkizunetan, GGKEekin batera

2019.eko uztailak 23
  • Harrera bikaina izan da Afrikako, Asiako eta Amerikako helmuga guztietan
  • 100 neska-mutil boluntarioek irakaskuntzan, nagusietan, haurretan eta azpiegituren berrikuntzan laguntzeko eginkizunak betetzen dituzte

 

VG 23 07 19

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako ehun gazte buru-belarri ari dira tokiko erkidegoei laguntzeko eginkizunetan, GGKEekin batera, Afrikako, Asiako eta Amerikako helmugetan. Haietan, pasa den uztailaren 4tik, irakaskuntzan, nagusietan, haurretan eta azpiegituren berrikuntzan laguntzeko eginkizunak betetzen dituzte. Ekimena Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du.

 

Ghanan, Nerea Buruagak eta Jone Agirrek Hermanas Hospitalarias-ekin batera dihardute lankidetzan, osasun-zentro batean. Buruagaren hitzen arabera, “harrera ona egin digute, asko zaintzen gaituzte eta oso harreman ona dugu beraiekin. Lanean, hasieran zailtasun gehiago izan ditugu; izan ere, hasieran ez genuen gure lekua aurkitzen. Hizkuntza ere oztopo bat da, baina, pixkanaka, gure lekua egiten ari gara, eta egokitzen ari gara”.

 

Xenofobiaren Aurkako Taldea GKEa programa bat garatzen ari da Guatemalan, orain Ixcan-go udaberrian; bertan, Ainhoa Nievak, Peio Gorritxategik, Garazi Ruak, Ion Ander Arrillagak eta Ion Ander Barriusok parte hartzen dute. Nievaren hitzen arabera, “dena ederki, eta igandeetan lasaitasun pixka bat. Dagoeneko koordinatu gara eta sartu gara, pixkanaka, erkidegoko zenbait proiektutan. Ni klinikan nago eta eskolan ingelesean laguntzen. Gainera, gazte-taldea sustatzen ari gara. Egun batzuetan ez dugu elektrizitaterik eta ez dabil dutxetako eta komunetako ura, baina ohitu egin gara”.

 

Ayuda en Acción GKEarekin batera, Mexikon ari dira lankidetzan Ioseba Agirre Retolaza, Noelia Nieto, Yeray Fernández, Nagore Garcia, Miren Peña eta Hodei Arregi. Nietok honako hau esan du: “San Andres Cholulan ederki gaude. Bizikidetza bikaina da, sei gara eta oso giro ona dugu. Marcok oso ondo zaintzen gaitu, itzela da! Pasa den astelehenean hasi ginen lanean; udako ikastaro bat eman genuen, Tianguismanalcoko erkidegoan, 6 eta 12 urte bitarteko umeekin”.

 

Maider Fernández eta Gonzalo Arranz Nepalen daude, Munduko Landa Foroan.  Bidali duten irudia bilera batena da, Katmanduko bulegoan, familia batekin bizi diren hil hauetarako lanaren plangintza egiten.

 

Emakume gehiago

Oraingoan, 100 gazte horietatik, 82 emakumeak dira eta 18 gizonak. Lurraldeen arabera, 20 Arabakoak dira, 55 Bizkaikoak eta 25 Gipuzkoakoak. Ehun gazte kooperante horiek honako herrialde hauetara joan dira, besteak beste: Peru, El Salvador, Guatemala, Honduras, Bolivia, Kolonbia, Mexiko, Ekuador, Senegal, Kamerun, Ghana, Mozanbike, Nepal eta India.

 

Eusko Jaurlaritzak bultzatuta laguntza-proiektuak antolatzen dituzten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak honako hauek dira: Arquitectos sin fronteras; Asociación Africanista Manuel Iradier; Asociación Desarrollo Foro Rural Mundial; Asociación Egoaizia para Cooperación al Desarrollo; Asociación Servicio Solidario San Viator; Asociación Taupadak; Asociación Vasca Solidaridad Internacional; Asociación Xenofobiaren aurka taldea; Edex, Centro de Recursos Comunitarios; Fundación Ayuda en Acción; Fundación Ayuda Más; Fundación Benito Menni; Fundación Jóvenes y Desarrollo; Fundación Juan Ciudad; Fundación La Valmuza; Fundación Mozambique Sur; Haurralde Fundazioa; eta Hermanas Pasionistas; Medicus Mundi Bizkaia.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak