Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko lege-proiektua onetsi da

2011.eko apirilak 05

Lege-proiektua onetsi da, eta berezko nortasun juridikoa duen administrazioko erakunde autonomoa izango da hori

Eginkizun hauek garatuko ditu Lehiaren Euskal Agintaritzak: lehia askearen baldintzak defendatu, bermatu eta hobetzea, eta merkatuan gardentasuna ezartzea.   Halaber, lehiaren aurkako jokabideak, nagusitasunezko egoeraren abusu-egoerak eta lehia desleialeko egintzatzat jotzen direnak ere zehatuko ditu.

Gobernu Kontseiluak Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko lege-proiektua onetsi du. Horren bitartez, orain arte hurrenez hurren Lehiaren Euskal Zerbitzuari eta Lehiaren Euskal Auzitegiari zegozkien instrukzio- eta ebazpen-lanak bateratzen dituen administrazio izaerako erakunde autonomoa sortu da.

Aurkezpenean, Carlos Aguirre Ekonomiako sailburuak adierazi du “legeak lehia defendatzeko ardura duen erakundearen lehia-maila eta segurtasun juridikoa handitzen dituela, bai eta administrazio publikoekiko eta eragile ekonomikoekiko independentzia ere”.

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko legeak lehia defendatzeko egitura indartzen du, lau organo sortuz: Lehendakaria, Lehiaren Euskal Kontseilua, Ikerketa Zuzendaritza eta Idazkaritza Nagusia.

Eredu berriak adostasun eta koherentzia handiagoa du Europar Batasunaren eremuan daudenekin, eta instrukzio- eta ebazpen-eginkizunen arteko efizientzia eta koordinazioa hobetzen du.

Honako eginkizun hauek garatuko ditu Lehiaren Euskal Agintaritzak: lehia askearen baldintzak defendatzea, lehiaren aurkako jokabideak zehatzea, lehia sustatzea eta lehia askearen alderdiak betetzen ez dituzten EAEko Administrazio Orokorraren, Foru Administrazioaren eta Toki Administrazioaren egintzak eta legea baino beheragoko xedapen orokorrak aurkatzeko aukera.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduerarekin, merkatuen funtzionamendu eraginkorragoa bultzatuko da, eta enpresa eta kontsumitzaileek prezio merkeagoak, hautatzeko aukera gehiago eta bezeroekiko arreta hobea izatea bermatuko da.

Langabezia-datuak

Bozeramaileak esan duenez, langabeziaren azken datuak, gizarte segurantzako afiliazioari eta lanpostuak sortzeari dagokienez, “onak” dira; baina lana eskatzen duten pertsonen kopuruak ere gora egin duela onartu du. Lanbide sortu denez eta enplegu-sistema bateratu egin denez, “laneko zerbitzu publikoak zenbatu ez zituen 7.000 lan-eskatzaile agertu dira”. Mendiak esan du ez dela “kudeaketa” arazo bat, “zerbitzuak bikoiztearekin lotuta hartutako ohituren ondorio” baizik.

Zentzu horretan, bozeramaileak esan du Eusko Jaurlaritzak datu horiengatik jaso dituen kritikek “EAJk proposamenak dauzkala frogatzeko hauteskunde-kiratsa” dutela.  Bestalde, Ekonomia sailburuak adierazi du otsailean industriako ekoizpena %6,7 hazi dela.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.04.05)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-04-05n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)