Josu Erkoreka: “Zailtasunak egon arren, espero dugu inbestidura gauzatzea datozen orduetan”
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua Gobernu Kontseiluaren ondoko ohiko prentsaurrekoan agertu da, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarekin eta Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuarekin batera.
Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak, Pedro Sanchez-en inbestiduraren inguruan galdetuta , esan du, zailtasunak egon arren, espero dutela investidura datozen orduetan gauzatzea. Gainera, Erkorekak nabarmendu du Gobernu Zentral baten beharra premiazkoa dela, izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Programaren zati handi bat aurrera ateratzeko beharrezkoa da Madrilgo Gobernu egonkor batekin koordinazioa izatea.
INGURUMEN LEGE PROIEKTUAK
Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Natura Ondarea Kontserbatzeko Lege Proiektua eta Ingurumen Administrazioari buruzko Lege Proiektua onetsi dituela. Arriolak nabarmendu du lege-proiektu horiek onetsi izana garrantzitsua dela Euskadi garapen jasangarrirako egiten ari den bidean.
Natura Ondarea Kontserbatzeko Lege Proiektua dela eta, Arriola sailburuak nabarmendu du proiektua osoa dela, eta natura-ondarearen kontserbazioa ez ezik, etorkizuneko belaunaldietarako hura garatzea eta hobetzea ere bermatzeko tresnak eta neurri eraginkorrak garatzen dituela.
Bestalde, Ingurumen Administrazioari buruzko Lege Proiektua dela eta, argitu du ingurumeneko administrazio publikoaren eta herritarren arteko harremanean sistematika berria diseinatzen dela eta, horrela, herritarrek erabakiak hartzean parte hartzeari bide ematen zaiola eta ingurumenaren arloan informaziorako eskubidea bezalako alderdiak arautzen direla. Gainera, plan, proiektu eta programen ingurumen-ebaluazioko prozedurak argitzen eta sinplifikatzen direla azaldu du.
FINANTZA-ARLOAN JASANGARRIAK DIREN INBERTSIOAK
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak bigarren urtez jarraian egingo dituela finantza-arloan jasangarriak diren inbertsioak, 97,8 milioi euroan. Azpiazu sailburuak esan du, horretarako, Gobernu Kontseiluak gaur onetsi duela 71,8 milioi sartzea, iaz superabitaren ondorioz sortu ziren gerakinen ondoriozkoak. “Gainerako baliabideak ordurako aurrekontuan zeuden sartuta”, esan du.
Azpiazuk nabarmendu du finantza-arloan jasangarriak diren inbertsioak bultzada garrantzitsua direla inbertsio publikorako. Hori horrela, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak jakinarazi du 2019an bikoiztu egingo dela aurrekontuan aurreikusitako % 7,4a, eta % 15era hurbilduko dela. “Ziur gaude Eusko Jaurlaritzaren inbertsio publikoaren aldeko apustu irmoak eragina izango duela garapen ekonomikorako, kalitateko enplegurako, klima-aldaketaren aurkako borrokarako eta euskal herritarren ongizaterako”, esan du.
OLAKUETAKO ATERPETXEA
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak esan du Gobernu Kontseiluak 200.000 euroko gastua egiteko baimena eman duela, Berrizko emigratzaileen aterpetxea mantentzeko. Era berean, gogorarazi du aterpetxeak jarri direla abian, iragaitzazko pertsonak hartzeko, Bilbon, Donostian, Vitoria-Gasteizen eta Irunen. “Gure helburua da aldi baterako ostatua ematea migratzaileei eta modu integralean ematea arreta, beren gizarte-integraziorako prestakuntza barne”, esan du.
FUNDAZIOEN DEKRETUA
Josu Erkoreka bozeramaileak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak “Euskadiko Protektoratuaren eta Fundazioen Erregistroaren Araubidea onesten duen Dekretua” onartu duela. Erkorekak azaldu duenez, araubide horren bidez, jauzi kualitatiboa ematen da kudeaketarako funtsezko bi alderditan: batetik, legeria sinplifikatzen da, alegia, araudi aplikagarri guztia testu bakarrean jaso da; bestetik, administrazio-kudeaketa digitala ezartzen da, alegia, Gobernuak Fundazioekin duen harreman oro baliabide telematikoen bidez baino ez da kudeatzen.