Gobernu Kontseiluak baimena eman du Suspergintza Elkarteari dirulaguntza emateko, Berrizen migratzaileentzako aldi baterako harrera zabaldurako eta esperimentalerako zentroa kudeatzeko (Gobernu Bilera 2019-07-23)
Gobernu Kontseiluak Suspergintza Elkarteari 203.780 euroko dirulaguntza ematea onetsi du, Euskadira iritsi diren eta ahultasun bereziko egoeran eta gizarte-bazterketa larriko egoeran dauden migratzaileei harrera egiteko, Berrizko Olakueta aterpetxean, aurtengo urterako prestatutako kontingentzia-planaren prentsaurrekoan aurkezpenean zehaztu zen bezala.
2018ko ekainetik 2019ko martxora arte, Euskadira etengabe iritsi dira migratzaileak. Egoera horretan, euskal erakundeek beren baliabideak koordinatu dituzte eta, horretarako, Euskadiko Gurutze Gorriaren lankidetzarekin, larrialdietako harrerarako aterpetxeen sistema ezarri dute. 2018ko ekainetik 2019ko martxora, aterpetxe horietan 8.662 pertsonari eman zaie arreta, guztira.
Aldi horretan, lau aterpetxe gaitu dira iragaitzazko pertsonak hartzeko, honako udalerri hauetan: Bilbon, 88 plaza; Donostian, 30 plaza; Irunen, 60 plaza, eta Vitoria-Gasteizen, 55 plaza.
Eusko Jaurlaritzak zenbait modutan dihardu lankidetzan pertsona lekualdatuen harreran eta laguntzetan, eta, hori dela eta, elkarlanean dihardu Suspergintza Elkarteak Berrizko Olakueta aterpetxean kudeatzen duen migratzaileentzako aldi baterako harrera-zentro zabalduaren gaikuntzan.
Berrizko Olakueta Etxea Migratzaile eta Errefuxiatuentzako Aldi Baterako Harrera Zentroa bizitegi-baliabidea da, eta haren helburua da aldi baterako iragaitzazko migratzaileei, arreta humanitarioaren beharra dutenei eta/edo ahultasun-egoeran dauden eta beren migrazio-proiektuarekin jarraitzeko egonaldi luzeagoa behar duten nazioarteko babesaren eskatzaileei harrera egitea.
Baliabidearen helburu nagusia da aldi baterako ostatua ematea, eta ahultasun-egoeran dauden pertsona horiei arreta pertsonalerako eta gizarte-integraziorako prozesua ematea.
Gaur egun, azpiegitura horrek guztira 58 plaza ditu; horietatik, 34 ahultasun bereziko egoeretan dauden pertsonentzat (iragaitzazkoak, humanitarioa eta bestelako egoerak) eta 24 plaza, nazioarteko babesaren eskatzaileentzat.
Zentroaren kudeaketa Suspergintza Elkarteak eta Suspertu SL gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak egiten dute, Euskadiko Gurutze Gorriarekin, CEAR elkartearekin, Berrizko Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin koordinazioan, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez.