Berriak Osasuna
Eu

353 pertsonak eman dute izena Osakidetzaren EPEko ezagutza espezifikodun espezialista medikoen eta biologiako fakultatibo teknikoen plazetarako

2019.eko uztailak 22

Joan den astean amaitu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ekainaren 18an argitaratu ziren eta egiteko geratu ziren kategorietan izena emateko epea

Azterketak urriaren bigarren hamabostaldian egingo dira, eta 2016-2017ko EPEko akordioa izenpetu zuten sindikatuekin, SATSE, Euskadiko Sendagileen Sindikatua eta UGTrekin, adostutako 12 hobekuntza-neurriek arautuko dituzte, IVAPen eta Arartekoaren gomendioen arabera

 

Joan den uztailaren 18an amaitu zen Osakidetzaren 2016/2017 EPEko ezagutza espezifikodun espezialitate medikoei dagozkien 22 plazatarako eta biologiako fakultatibo teknikoen 4 plazatarako izena emateko epea, eta guztira 353 pertsonak eman dute izena.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Nekane Murga gustura agertu da deialdiak izan duen arrakastarekin. Sailburuaren esanetan, zifra horrek adierazten du Osakidetza erakargarria dela bertan lan egiteko, bai bertako pertsonentzat bai Euskaditik kanpokoentzat, “Euskal Osasun Zerbitzuan lanpostu bat izateko izena ematen ari baitira”.

Guztira 353 pertsonak eman dute izena, gehienak emakumeak dira, zehazki % 77, eta % 23, berriz, gizonezkoak. Izena eman duten pertsonen jatorriari dagokionez, % 16, hau da, 59, Euskaditik kanpokoak dira.

Pertsona horiek fakultatibo espezialista mediko eta teknikoen 7 espezialitateko ezagutza espezifikodun 22 plazatara eta biologiako fakultatibo teknikoen 4 plazatara aurkeztuko dira.

Probak urrian zehar egingo dira. Azterketak arautuko dituzte Osakidetzak eta Osasun Sailak 2016-2017ko EPEko akordioa izenpetu zuten sindikatuekin (SATSE, Sendagileen Sindikatua eta UGT) adostutako hamabi hobekuntza-neurriek.

Osakidetzak eta sindikatuek ikusi zuten deialdi hau aukera ona zela hainbat eragilek, besteak beste, Arartekoak eta IVAPek, proposatutako neurrietako batzuk sartzeko.  Adierazitako 12 neurriak epaimahaiei eta haien osaerari buruzkoak eta azterketak diseinatzeari eta egiteari buruzkoak dira.

Zehazki, uztailaren 24an, asteazkenean, da egitekoa epaimahaikideak hautatzeko zozketa publikoa. Guztira 13 epaimahai eratuko dira, eta 8 titularrek eta 8 ordezkok osatuko dute epaimahai horietako bakoitza. Pertsona horiek asteazkenean zozketa bidez hautatuko dira Osakidetzako profesional fakultatibo finkoen erroldatik. Horrez gainera, epaimahaietako idazkariak beste errolda batetik hautatuko dira, hain zuzen ere, goi-mailako teknikari finkoak diren eta Zuzenbideko lizentziatura duten Osakidetzako langileen erroldatik.

Epaimahaiek erabateko autonomia funtzionala izango dute, eta prozeduraren legezkotasuna zainduko dute eta objektiboa dela bermatzeaz arduratuko dira.

Epaimahaiak osatzeko hautatutako pertsonek formakuntza jasoko dute egin beharko duten lanaren, portaera-arauen eta bete behar dituzten betebehar etikoen inguruan.

Deialdi honen berrikuntzetako bat da IVAPek eskatu duela Euskaditik kanpoko espezialistengana jotzea proba teorikoa prestatzeko, baita proba praktikoetarako ere, deialdi iragankor hauetan. Proba teorikoa eta praktikoa IVAPen zuzendaritza, jarraipen eta zaintzaren pean prestatuko dira. Horrez gainera, azterketak ez ditu pertsona bakarrak prestatuko, eta proba praktikoen behin betiko bertsioan elementu bat ausaz sartuko da.

Osasuneko sailburuak, Nekane Murgak, esan duenez, “deialdi hau aukera ona da hobekuntza-neurri batzuk sartzeko eta horien eraginkortasuna baloratzeko. Era horretara, aurrerapauso bat emango dugu Enplegu Publikoaren Eskaintza eredu berri bat sortzeko bidean, Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren borondatearen eta konpromisoaren emaitza gisa”.

 

Atxikituta prentsa ohar osoa

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailak 22

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak