Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

450.000 €-ko laguntzak, Balkanetara mugitutako errefuxiatuei arreta emateko (Gobernu Bilera 2019-07-23)

2019-07-23
  • Gobernu Kontseiluak Save The Childrenentzako (300.000) eta ACNURrentzako (150.000) laguntzak onetsi ditu 
  • Pasa den astean, 200.000 €-ko beste laguntza bat eman zitzaion UNICEFi, xede bererako

Gobernuak, gaur, laguntzak onetsi ditu, guztira 450.000 €-an, eta kopuru hori Balkanetara mugitutako errefuxiatuei arreta emateko izango da. Zehazki, Save The Childreni 300.000 euroko zuzeneko laguntza ematea adostu da, eta ACNURri, errefuxiatuentzako NBEko Agentziari, 150.000 euroko beste bat.

Save The Childrenen kasuan, Belgradoko eta Bogovadjako (Serbian) eta Una Sanako kantoiko (Bosnia-Herzegovina) harrera-zentroetan dauden adingabeei hezkuntzako zerbitzuak eta kalitatekoak eskaintzera bideratuko da eta, gainera, Belgradoko parke eta aterpetxe informaletan errefuxiatu eta migratzaileei asistentzia ematera. GKE horren helburu nagusia estatuko instalazio formaletatik kanpora dauden adingabeei identifikazioa eta asistentzia ematea da, dauden estatuko instalazioetara jotzera motibatzeko.

Euskal laguntzaren bidez, 1.500 adingaberi, 100 aita-amari, zaintzaileri eta profesionali lagunduko zaie.

Umeak, bereziki bidaiderik ez dutenak, talde ahulenetako bat da; izan ere, zenbait indarkeria-motaren mende daude, sexu- edo genero-indarkeria barne, eta, sarritan, kontrabandista edo trafikatzaileen esku izaten dira.

Laguntza ACNURri

Bestalde, ACNURren helburu nagusia aurtengo urterako nazioarteko babesa behar duten pertsonentzako asilo eraginkorreko sistema sortzea da. Horrek esan nahi du asilo-prozeduretan ikuspegi harmonizatua har dadin bultzatzea, tokiko integrazioa sustatzea eta bereziki ahulak diren pertsonak identifikatzea eta beren beharretara egokitzen den erantzunari bide ematea.

 150.000 euroko laguntza Una-Sana kantoiko eta Sarajevoko (Bosnia-Herzegovina) bizilagunei zuzenduko zaie, eta, funtsean, 11.208 errefuxiatu eta asilo-eskatzaile ingururi doako legezko asistentzia eta psikosoziala eta, egoera ahuleneko kasuetarako, larrialdietako ostatua ematean zentratzen da.

Pasa den astean, Gobernu Kontseiluak 200.000 euroko laguntza onartu zuen UNICEFentzat, Balkanetako gunean errefuxiatuen eta migratzaileen krisiari erantzuteko; hura Europara iristeko gehien erabiltzen den migrazio-ibilbideetan bigarrena da. 2015etik, milioi bat errefuxiatu baino gehiago, 300.000 ume barne, Balkanetatik igaro da, Europako bidean.  Horietatik, Serbiara iristen direnen % 80 Afganistan, Siria eta Iraketik dator.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko